Esku-garbiketa

Eskuak garbitze» orritik birbideratua)

Esku-garbiketa eskuko azalean pila daitekeen zikinkeria kentzeko ekintza da, maizenean uraren bitartez. Ekintza hau norbere higienean inportantea izanik, are garrantzitsuagoa da osasun publikora begira, mikrobioak ez hedatzeko edo produktu kimikoen kutsadura kontrolatze aldera.

Posterra, eskuak garbitzeko une garrantzitsuak irudikatzen dituena
Haur alemanak, eskuak garbitzen.

Ikuspegi historikoa

Esku garbiketa hainbat kultura eta erlijiotan txertatua dago ohitura edo erritual bezala; halere, ez dira urte asko eskuak garbitzea eta osasunaren arteko lotura zuzena egin zela.[1]

Erditzean laguntzen duten pertsonen esku-garbitzeak eragin handia du arazo puerperalen eta jaioberrien heriotz tasekin.[2] XIX. gizaldian, Europan ez zen horrelakorik egiten; 1846ean[3] Ignaz Semmelweiss ginekologo hungariarrak sartu zuen (bere lankideen erresistentziaren aurka, artean ez baitziren mikrobioak ezagutzen); ekarpen honen balioa antibiotikoen, X izpien edo txertoen gainetik jarri izan da bizitzak salbatzeko izan zuen garrantzia kontuan hartuz.[4] Urte gutxi geroago, Krimeako Gerran, Florence Nightingale erizainak bere gerra-ospitalean esku-garbitze protokoloa ezarri zuen oso emaitza onekin, baina honek ere ez zuen ekintza honen hedapen orokorrik ekarri. Ehun urte baino gehiago igaroko ziren Osasun Erakundeek esku-garbitzearen promozioa bere gain hartu arte.[1]

Ur korrontearen hedapena etxebizitzetan higiene neurriak bultzatzeko bide garrantzitsua izan zen, eskuen garbitzea barne. Euskal Herrian XX. mende hasieran orokortu zen.[5]

Epidemiologia

Une jakin batzuetan eskuak xaboiarekin garbitzea gaixotasun askoren hedapena murrizteko modu eraginkorra dela frogatu da, hala nola bide fekal-oralaren bidez transmititzen direnak (kolera eta beste diarrea infekziosoak[6]..), azalekoak (inpetigoa),[7] edo aurpegia ukituz transmititzen diren arnas gaixotasunetan (gripea, hotzeria...). Esku-garbiketa hutsak gaixotasun hauen hilkortasun-ratioa ia %50ean jaisten duela neurtu da.[8]

Egunean zehar, eskuak garbitu beharreko zenbait une garrantzitsu identifikatu dira:

  • Defekazioa: norberak kaka egiterakoan, zein inori (haurrak, gaixoak...) ipurdia garbitzean edo pixoihala aldatzean.
  • Sukaldea: bereziki elikagaiak eskuz erabiltzean.
  • Otorduak: norberak jaterakoan, edo inor elikatzerakoan.
  • Gaixoak artatzean.
  • Animaliekin kontaktua izatean.
  • Zaborra erabiltzean.

Eskuak garbitzearen garrantzia begibistakoa izan zen A gripearen 2009ko eta COVID-19aren 2020ko pandemietan, gaixotasunaren hedapenari eusteko neurri garrantzitsuenetakoa izanik.[9]

Albo-ondorioak

Zenbait kasutan, eskuak gehiegi garbitzearen albo-ondorioak deskribatu dira, hala nola azala lehortzea, ekzemak edo dermatitisa;[10] hori ekiditeko garbigaien formula aproposak diseinatzen dira.[11] Hortaz gain, kasu batzuetan eskuak gehiegi garbitzea nahasmendu obsesibo-konpultsiboekin erlazionaturik egon daiteke.

Teknika

Esku garbiketa Senegalen

Prozedura

Prozedurari buruz, AEB-eko Gaixotasunen Kontrolaren Zentruek pauso hauek gomendatzen dituzte, ura eta xaboia erabiltzen denean:[12]

  1. Eskuak ur-korrontean bustitzea (ur egonkorrak sahiestea gomendatzen da). Tenperatura ez da garrantzitsua.
  2. Eskuak xaboi ugarirekin xaboitu: ahurrak, eskugainak, hatzen arteak eta azazkalak barne.
  3. Eskuak gutxienez 20 segunduz igurtzi.
  4. Aklaratu, ur korronte azpian ere.
  5. Eskuak lehortu, eskupainu garbia edo airea erabiliz.

Gel hidroalkoholiko antiseptikoak erabili ezkero:[13]

  • Antiseptiko ugari isuri: ahurrak, eskugainak, hatzen arteak eta azazkalak bustitzeko beste.
  • 30 segunduz igurtzi, eskuen atal guztietan, likidoa lehortu arte.

Erpurua, eskumuturra, hatzen artea eta azazkaletan arreta jartzea komeni da, askotan ondo garbitu barik gelditzen dira eta.[14]

Garbigaiak

Garbitzerakoan erabiltzen diren gaiaren arabera, prozeduraren efizientzia aldatzen da.

Uraren tenperaturari buruz: jendeak uste duenaren kontra, ur epel-beroak ez du eskuetako mikrobioak hobeto kentzen (kontrara: bakterien hazkundea handiagoa da 37 °C inguruko tenperaturetan). Gai oliotsuetarako, ostera, ur xaboidun beroak hobeto garbitzen du ur xaboidun hotzak baino.[15]

Xaboia erabilita, urak mikrobioak erauzteko duen ahalmena handitzen da.[16] Xaboi motei buruz:

  • Xaboi solidoa: behin eta berriro erabiltzekoa denez, aurreko erabiltzailearen bakteriak hedatzeko arriskua du;[17] halere, zenbait ikerketek arrisku hau oso txikia dela adierazi du dute, bakteriak bitsarekin batera joaten direlako.[18]
  • Xaboi likidoa: osasun erakundeek hauen erabilera lehenesten dute, eskuekin ukitu behar ez diren palanka sistemekin.[19]
  • Antibiotikodun xaboia: ez da frogatu xaboi normalak baino eragin handiagoa dutenik, mikrobioak garbitzerakoan.[20]

Gel hidroalkoholiko antiseptikoak: 60-95% alkohol izaten dute, biskositatea handitzeko gairen batekin nahastean (polimeroak, glizerina, bitsa...).[21] Mikrobioak hiltzeko ahalmen handia badute ere (%99,99 inguru),[22] oso eraginkortasun txikia dute birusen gainean, gastroenteritis gehienak sortzen dutenak kasu.[23] Eskuak oso zikinak daudenean, halere, osasun erakundeek xaboi urez garbitzea hobesten dute, gel antiseptikoen gainetik.[24]

Badira alkoholik gabeko gel antiseptikoak ere; baina alkoholdunak baino eragin gutxiago dute. Azkenaldian benzalkonio kloruroa erabiltzen hasi da, mikrobioen aurkako emaitza hobeekin.[25]

Aukera hauek ez daudenean, eskuak errautsez igurztea gomendatzen da, eragin antiseptiko nabarmena baitu (xaboi uraren mailara ailegatu gabe).[26]

Sinbolismoa

Tsukubai, Japoniako leku sakratuen sarreran eskuak garbitzeko egoten den askatxoa.

Erlijio askotan eskuak garbitzeko erritualak egiten dira, helburu higieniko eta sinbolikoarekin.[27]

Bestalde, "eskuak garbitzea" egindakoaren erantzukizunei izkin ematearekin lotzen den esamoldea da. Hainbat kondairatan aurkitzen den irudia da hori:

Erreferentziak

Kanpo estekak