Euskoalgonkin

Euskara eta Algonkinaren arteko pidgina

Euskoalgonkina (algonkin-euskara pidgina edo euskara-algonkin pidgina izenez ere ezaguna) míkmaqek, innuek zein Ternua eta Labradorko beste amerindiar batzuek eta Euskal Herriko baleazaleek erabilitako pidgin hizkuntza izan zen. Frantsesek ere erabili zuten geroago, inguru haietara joan zirenean baleak harrapatzera eta larruekin tratuak egitera.[1]

Euskoalgonkina
Euskal Herriko baleazaleen guneak erakusten dituen mapa.
Datu orokorrak
Lurralde eremua Kanada
 Saint-Pierre eta Mikelune
Hiztunak0
EskualdeaTernua, Quebec, Labrador penintsula, Eskozia Berria (batez ere Cape Breton uhartea), Brunswick Berria.
AraugileaEz
Hizkuntza sailkapena
Euskara?
Hizkuntza kodeak
Glottologbasq1252

Hiztegia nagusiki mikmakerako, innuerako eta euskarako hitzek osatzen bazuten ere, hitz gaskoiak ere bazituen, Ipar Euskal Herrian gaskoiz ere egiten zenez gero. Euskaldunak 1527 inguruan iritsi bide ziren eskualde hartara eta, 1530 inguruan pidgina erabiltzen hasi zirelarik,[2] haren urrezko aroa 1580 eta 1635 artean izan zen.

Garai hartako zenbait iturrik pidgin baten berri ematen dute, baina hitz solteak (30 inguru) eta esaldi batzuk baino ez zaizkigu iritsi. 1612an Marc Lescarbotek Histoire de la Nouvelle France liburuan aipatzen du bertakoek euskararekin nahasitako hizkuntza bat erabiltzen zutela kanpotarrekiko hartu-emanetarako.

Historia

1000. urtean, Kristobal Kolon Amerikara iritsi baino bost mende lehenago, bikingoak egungo L'Anse aux Meadows herrian kokatu ziren, baina ez ziren luzaroan egon.

1412an, Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera Euskal Herriko hogei baleontzi dabiltzala diote islandiar berriemaileek.[3] Lehen agiri haiek ez dute esaten beste lurralderik aurkitu zuten Ipar Atlantikoan.

XV. mendean, euskaldunak balea ehizan eta bakailao arrantzan zebiltzan eta arrantza-postu aurreratuak ipini zituzten Labradorren eta Ternuan[4]. Postu horietako handiena Red Baykoa izan zen, 900 lagun ingururekin.

Aurrerago, arrantzale europarrek, batez ere portugaldarrek eta espainiarrek, bisita ugari egin zituzten Ternuako arrain sardetara. Ingalaterrako eta Frantziako koroek ere espedizioak bidali zituzten Ipar Amerikara, Indietarako bide laburragoa aurkitzeko ez ezik, arrantza eskualdeak kartografiatzeko. Frantsesak San Laurendi golkoan kokatu eta Kanadako lurra bereganatzeari ekin zioten.

Pidgina

1592ko Ipar Atlantikozko baleguneen mapa

Amerindiar herritarren eta euskaldunen arteko hartu-emanak pidgin bat sortu zuen[5][6]. Hiztegi murritza -euskara eta hizkuntza algonkinoen nahasketa bat- eta gramatika oinarri-oinarrizkoa zituen. [5] Ziurrenik, míkmaq eta innu (orduan montagnais deituak) herriek izan zuten euskaldunekin harremanik estuena, eta hizkuntza-hesia hausteko asmatu zen pidgina. Ordurako arrantzale euskaldunek beste pidgin bat sortua zuten Islandia mendebaldeko fiordoetan, euskaran eta islandieran oinarritua.

Hizkuntza algonkinetan zein euskaraz aditz pasiboa izateko <A> itsasten bada ere, ezin da esan euskara bezalako hizkuntza isolatu batek Amerikako hizkuntza aurreeuropar batekin inongo loturarik duenik.[7]

Michel Usereau-ren hitzetan: «Euskal-amerindiar kreolera bat ez da inoiz izan. Hala ere, ba ote, harreman baketsuak izan zituzten herrien artean, hala nola euskaldunak eta amerindiarrak, pidgin bat garatzea? Peter Bakker Amsterdamgo Unibertsitateko ikerlariak baietz uste du. »

Luzaroan, historialariek uste izan dute Amerikan frantsesezko pidgin bat zegoela[5], baina behin pidgin horren lexikoa ikusita, euskarazkoa zela frogatu zen.

Pidgin horren hiztun ezagunena Mathieu da Costa izan zen, Kanadan bizi izandako lehen beltza: ziur asko, frantsesa, nederlandera, portugesa eta «euskal pidgina» ezagunak zituen. Izan ere, dialekto hura bertoko herriek erabiltzen zuten merkataritza-hizkuntza erabiliena zen, duda barik.»[8]

Morfologia

Pidginaren hitzek euskarazko morfologiari jarraitzen diote: ia hitz guztiek <A> dute itsatsita bukaeran. Adibidez, <kapitaina> hitzak (frantsesezko capitaine edo gaztelaniazko capitán hitzetik hartua) erromantze hizkuntzetan ez du <A> itsatsirik; pidginezko capitaina hitzak, aldiz, bai[5].

Aipamenak

Esteban Garibai historialariak 1571n Anberesen argitaratutako kroniketan, euskara ikastea ez zela zaila frogatu nahirik, Kanadako amerindiar herriak aipatu zituen adibide gisa:[9]

«...puesto que los marineros de la provincia de Gipuzkoa y del señorío de Bizkaia y el País de los vascos van cada año a la tierra recientemente descubierta Ternua para pescar y cazar, los salvajes de aquella región aprendieron su lenguage cántabro [hau da, euskara] a pesar de la breve comunicación, de tan poca duración, que mantienen con la gente de aquí una sola vez al año, durante un período de menos de tres meses. Y si esa gente privada de razón y organización es capaz de aprenderlo, cuanto más fácilmente podría la gente de vida respetable de nuestro viejo mundo.»


Lope Martinez de Isasti lezoar historialariak 1625ean honela idatzi zuen:[4]

«...en region tan remota como Terranova han aprendido los salvages montañeses con la comunicación que tienen con los marineros bascongados, que van cada año por el pescado bacalao, que entre otras cosas preguntándoles en bascuence: nola zaude, como estás: responden graciosamente: Apaizac obeto, los clérigos mejor: sin saber ellos, qué cosa es clérigo, sino por haberlo oido. Hablan y tratan con los nuestros, y ayudan á beneficiar el pescado en la ribera á trueque de algun pan bizcocho y sidra que allá no tienen ellos.»


Euskalerritar baleazaleek kristautasuna ere eraman zuten hara. Hau da míkmaq herritar batek europar misiolari bati esandakoa:[10]

«Noukhimami Jesus, ïagoua Khistinohimaonitou Khik hitouina caié Khiteritamouïn. Ca cataouachichien Maria ouccaonia Jesu, cacataouachichien Joseph aïamihitouinan.
Jesus ene jauna, irakatsi zure hitzak eta zure nahia! Maria, Jaungoikoaren ama! Jose ona! Otoitz egin nire alde!
»


Egun ia ez dugu pidgin honen beste aztarnarik. Eta ditugunak beste hizkuntza batzuetan daude eta hitz solte batzuk baino ez dituzte jasotzen. 1616an misiolari jesuita batek idatzi zuenez, Eskozia Berriko Port-Royaleko amerindiarrek frantziarrak agurtzeko adesquidex hitza erabiltzen zuten. 1603an Taduzaken zegoen misiolari frantziarrak aipatu zuen Montagnais amerindiarrek frantziarrak agurtzeko ania hitza erabiltzen zutela; haien arteko harremanetan, aldiz, nichtais hitza.

Adibideak

Hitz solteak

Eskozia Berriko Míkmaq bikotea, 1865ean.
Míkmaqen zazpi barrutiak

Pidginak, euskarazko hitzak ez ezik, frantsesetik (garramersies: grand merci, eskerrik asko) eta portugesetik (macharoa: passaro, hegaztia; chave: saber, jakin) hartutako hitzak ere bazituen[9]. Hona hemen euskarazkoak.

UrteaAlgonkin hizkuntza
(mikmakera)
Euskara
1603matachiapatatxa, txanpon
1612matachiazpatatxa, txanpon
1613souricouazurikoa
1613pilotouapilotua
1616adesquidex/sadiskide
1616bascuaeuskalduna
1616chabayaxabaia, basatia
1618atourayatorra
1618baccalaosbakailao[11]
1618endiahandi
1618escorkenmoskor
1618canadaquoakanadakoa
1618kessonagizona
1618mercatoriamerkateria
1618muschkuchabiskotx
Datu gabeania (Innu)anaia
Datu gabecapitainakapitaina
Datu gabecaraconagari ona/ogia
Datu gabecarcaria/ircayirri-karkara
Datu gabecastaignegaztaina
Datu gabechimonutztxima luze
Datu gabeechpataezpata
Datu gabeelegeerrege
Datu gabemakiamakila
Datu gabemariabalea
Datu gabemartiamarta/lepahoria
Datu gabeorignakoreinak
Datu gabetabaguiatapakia/aterpea
Datu gabebariliabarrika

Esaldiak

Míkmaq amerindiarrak, Mac Vernoll, Le Monde illustré, 53. alea, 1858/04/17.

Ternua eta Labradorko amerindiarrek ez zuten kreolera oso bat eratu, mikmakerazko eta euskarazko hiztegietatik hartutako hitz solte edo esaldi batzuk baizik, frantses eta montagnais hizkuntzen aztarna ere badutenak.[9]

Hona hemen algonkin-euskarazko esaldi batzuk:

  • Algonkin-euskara => Ania, kir capitana?
  • Euskara => Anaia, kapitaina al zara?
  • Algonkin-euskara => Ania capitana ouias amiscou.
  • Euskara => Anaia kapitaina kastor haragia.
  • Algonkin-euskara => Endia chave Normandía.
  • Euskara => Frantsesek gauza asko dakite.
  • Algonkin-euskara => Gara gara ender-quir gara gara.
  • Euskara => Gerra izango dugu.
  • Algonkin-euskara => Nola zaude? Apezak obeto.
  • Euskara => Nola zaude? Apaizak hobeto.

Eragina eskualdeko toponimian

XVI. mendeko innu bikotea.

Hona hemen euskal jatorria duten edo euskaldunak nahiz pidgin haren hiztunak bertan izan zirela erakusten duten toponimoak:[12][13]

  • Quebec
  • Ternua
    • Bay of Biscay
    • Port au Choix (Portutxoa)[16]
    • Barachois (Barratxoa) eta Barachois Point (Saint-Mary's Strait)
    • Port-à-port (Opor-portu)[16]
    • Port-aux-Basques
    • Biscay Bay
    • Placentia (Plazentzia)
    • Île-aux-Basques
    • Bonne Bay (Baia Ederra)
    • Ourougnousse (Renews)
    • Barbochino (Saint Barbe
  • Bizkaia Berria
    • Ingornachoix Bay (Aingura Txar)[18], Igarnatxoa.
    • Longue pointe (Punta mehea)
    • Portutxo Zaharra
    • Antton Portu
    • Portu Txarra
    • Balea Handia
    • Amuitz
    • Miarritz
  • Labrador[19]
    • Balea Baya (Red Bay)
    • Lili (Lily island)

Batzuen ustez, Quebeceko hiriburuaren lehendabiziko izenak, Huron herriak jarritako Hochelaga delakoaren -aga leku-atzizkiak, lotura izan lezake euskararekin.

Pidginaren azken erabilera

Ezin da esan pidgin hori noiz desagertu zen, baina 1710ean ere erabiltzen zen. Peter Bakker ikertzaileak topatutako agiri batek zioen Kanadako mendebaldeko amerindiar herriek "hala moduzko lingua franca bat" erabiltzen zutela, "euskara eta beste hizkuntza basati batzuek osatutakoa".

Bestalde, egungo mikmakeraren zenbait hitz euskarazko maileguak dira. Adibidez:

Bibliografia

  • Koldo Mitxelena (1984): "Lingüística inmanente y lingüística trascendente", "Julio Urquijo" Euskal Filologiaren Seminoarioaren Urtekaria, 18, 251-266. orr, Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Peter Bakker (1989): "The language of the coast tribes is half basque", Antropological linguistics 31: 117-147. orr.

Ikus, gainera

Erreferentziak


Kanpo estekak