Hawaii (uhartea)


Hawaii[1] (ingelesez: Hawaii, ingelesez həˈwaɪ.i ahoskatua; hawaieraz: Hawaiʻi, həˈvɐjʔi ahoskatua) Hawaii estatua osatzen duten Hawaii uharteetako handiena da. Uhartediaren hego-ekialdean dago.

Hawaii
Hawaii (uhartea) is located in Hawaii
Hawaii (uhartea)
Hawaii (uhartea)
Hawaii (uhartea) (Hawaii)
Geografia
UhartediaHawaii uharteak
Azalera10.430 km²
Punturik garaienaMauna Kea
Politika
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
EstatuaHawaii
Hiri populatuenaHilo
Hiri populatuenaren biztanleria43.263
Gizartea
Biztanleria185.079
Dentsitatea17,8 bizt./km²

Big Island edo uharte handia izengoitiarekin ere ezaguna da, uhartearen eta uhartediaren izenen artean sortzen den nahastea saihesteko. Hawaii izenaren jatorriak bi azalpen ditu: alde batetik, uharteak Hawai’iloa legendazko nabigatzaileak aurkitu zituelakoa. Beste aldetik, Hawaiki edo Havaki legendazko lurraldearekin lotu izan da; bertatik etor omen zitezkeen polinesiarrak, eta bertara joan hildakoan.

Uharteak Hawaii konderria osatzen du. Hiriburua Hilo da eta punturik garaiena Mauna Kea sumendia (4.227 m). 10.433 km²-ko azalera du eta 2010ean 185.079 biztanle zituen.

Geografia

Artxipelagoan, hegoaldean dagoen uhartea da. Hegoaldean hurbilen dituen uharteak Lerroko uharteak (ingelesez: Line Islands) dira. Iparraldean Maui uhartea du.

Hawaii uhartean izaera desberdineko bost sumendi daude: Kohala (itzalita), Mauna Kea (jarduerarik gabekoa), Hualalai (jarduerarik gabekoa), Mauna Loa (aktiboa), Kilauea (oso aktiboa). Azken biak Hawaiiko Sumendien Parke Nazionalean daude (Hawai'i Volcanoes National Park).

Uhartearen zabalera handiena 150 kilometrokoa da, eta 10.433 km²-ko azalera du, Hawaii estatuaren % 63. Mauna Loa eta Kilauea sumendiak oraindik jardunean daudenez, uharteak hazten jarraitzen du. 1983ko urtarrilaren eta 2002ko irailaren artean Kilauea sumendiko labak 2,2 km² erantsi zizkion, itsasaldeko kosta zabalduz. 29 kilometro hego-ekialdera Lo’ihi itsaspeko sumendia dago. Gaur egun, 975 metrora dago itsaspean, baina uste da jarduera bolkanikoak uretatik aterako duela, eta Kilauearekin bat egingo duela, uhartea asko handituz.

Ekonomia

Mende batean edo gehiagoan azukre-kanabera izan zen ekonomiaren oinarri. XX. mendearen erdialdean, ekoizpena gutxituz joan zen, eta 1996an azken plantazioa itxi zuten.

Gaur egun, turismoa da jarduera ekonomiko nagusia, batez ere, haizebe aldean, North Kona eta South Kohala distrituetan. Askotariko nekazaritza hazten ari da: intxaur-, papaia-, lore- eta kafe-plantazioak. Lore-plantazioak direla eta, uharteari The Orchid Isle ere esaten diote. Bestalde, lehua blossom lorea (Metrosideros polymorpha) Hawaiiko ikur bat da. Laban jaiotzen den zuhaixka batek ematen du lorea.

Interesguneak

  • Hilo. 40.759 biztanle ditu (2000ko errolda), Hawaii uharteko hiririk handiena da, eta Estatuko bigarrena. Bertan dago Hawaiiko unibertsitatea.
  • Kailua-Kona. Uharteko bigarren hiria da, hiri turistikoa.
  • Hawaiiko Sumendien Parke Nazionala. Bertan sumendi aktiboak ere badaude: Kilauea eta Mauna Loa.
  • Pu'uhonua O Hōnaunau. Parke Historiko Nazionala da.
  • Hulihe’e Palace. Antzinako monarken erret jauregia, Kailua-Konan.
  • Akaka Falls. Uharteko ur-jauzirik garaiena.
  • Mauna Kea behatokia.

Erreferentziak

Kanpo estekak