Isolamendu (eraikuntza)

Isolamendua isolatzeko teknika eta horien aplikazioa da. Isolamendua ahalbidetzen duten materialei isolatzaile deritze.Eraikuntzaren arloan hiru isolamendu-mota aurki daitezke: isolamendu akustikoa, termikoa eta elektrikoa.

Akustikoa

Sakontzeko, irakurri: «Isolamendu akustiko»

Isolamendu akustikoa leku bat soinuaren transmisioaz babestea da, edo beste modu batean esanda, hotsa leku batetik beste batera igarotzen ez uztea da. Hotsaren transmisioaren arabera bi multzo desberdintzen dira: alde batetik, aireko hotsarekiko isolamendu akustikoa, eta, bestetik, inpaktuaren hotsarekiko isolamendu akustikoa.

Isolatzaile akustiko egokia aukeratzeko, material isolatzailea eraikuntza baten kanpoaldean edo barnealdean kokatuta dagoen eduki behar da kontuan. Kanpoaldean kokatuta badago, aukeratutako materialak soinu-energia islatu behar du soinua eraikuntzaren barnera ez sartzeko; aldiz, barnealdean kokatuta dagoenean, soinu-energia xurgatu behar du. Irizpide hauek kontuan izanda aukeratzen dira material isolatzaileak, eta honako hauek dira:

  • Beruna: aurki daitekeen isolatzailerik onena da; hala ere, gaur egun debekatuta dago oso kutsakorra baita.
  • Hormigoia, terrazoa eta altzairua: eraikuntzan gehien erabiltzen diren materialak dira zurruntasun handiko eta porotasun gutxiko materialak baitira.
  • Pareten arteko aire-kamara: oso isolatzaile onak dira. Tabikeen artean material xurgatzailea ezartzen bada (zelulosa, harri-zuntza edo beira-zuntza), isolamendua hobetu egiten da.
  • Kautxua eta elastomeroak: soinua indargabetzen dute.
Zelulosazko isolamendua

Termikoa

Sakontzeko, irakurri: «Isolamendu termiko»

Isolamendu termikoa materialek eroapen bidez beroa pasatzen ez uzteko duten ahalmena da. Erresistentzia termikoa m2.K/W unitateekin adierazten da Nazioarteko Sisteman. Material bat isolatzaile termikotzat hartzeko, eroankortasun-koefizienteak (λ) 0,10.W/m2K baino txikiago izan behar du.Material guztiek, batzuk besteak baino gehiago, beroaren aurkako erresistentzia jartzen dute. Metalek, adibidez, oso gutxi; hori dela eta, eroale onak direla esaten da. Eraikuntzarako materialak (adreiluak, igeltsua eta mortairua) erdi erresistenteak dira eta, artile mineralak, polimeroak eta material birziklatuak erresistentzia altua duten materialak dira.

Beroarekiko erresistentzia altua duten materialei isolatzaile termiko deritze eta eraikuntzan eta industrian erabiltzen dira. Material hauek barrera moduan jokatzen dute, eta, horrela, ez dute uzten beroa gelatik edo gelara sartzen edo irteten. Isolatzaile termiko gisa zuntzezko materialak edo material porotsuak erabiltzen dira. Asko dira isolatzaile termiko moduan jokatzen duten materialak, baina ondoren haien adibide batzuk azaltzen dira:

  • Kortxoa: aspalditik isolatzaile gisa erabilitako materiala izan da. Normalean, aglomeratu moduan erabiltzen da panelak osatuz, eta birrindu eta tenperatura altuetan irakin eta gero fabrikatzen dira.
Kortxoa
  • Poliestireno hedatua: poliestirenoko aparra petroliotik eta gas naturaletik eratorritako materiala da, eta polimero plastiko estireno-a pikor moduan hemendik lortzen da. Bere erregaitasunagatik atzeratze-produktuak botatzen zaizkio.
  • Polietilenozko aparra: oso ekonomikoa da eta, gainera, hidrofugoa da eta erraz jartzekoa.
  • Poliuretanozko aparra: errendimendu handiko materiala da. Tenperatura baxuei oso ondo egiten die aurre eta eraikuntzan eta industrian erabilera ugari ditu.
  • Beste material batzuk: kotoia, arlita, zelulosa, egurrezko zuntzak, harri-zuntza, beira-zuntza eta beira hedatua.

Elektrikoa

Sakontzeko, irakurri: «Isolamendu elektriko»

Azkenik, isolamendu elektrikoa aipatuko da. Fenomeno hau, instalazio elektrikoko elementu bat elektrizitatea eroaten ez duen material batekin babesten denean gertatzen da, hau da, estaltzen ari den materialaren korronte elektrikoa jasaten du eta korronte hau bere norabidea jarraitzea ahalbidetzen du. Material hauei isolatzaile elektriko deitzen zaie eta eroankortasun elektriko eskasa dute. Hauen funtzio nagusiak bi dira: alde batetik, bi elementu eroaleen arteko kontaktua saihestea da eta, bestetik, pertsonak tentsio elektrikoetatik babestea da. Material elektrikoa isolatzaile elektrikoz forratzen direnean lortzen dute isolatuta egotea.

Elektrikoki isolatzeko gehien erabiltzen diren materialak plastikoak eta zeramikak dira, baina egurra, beira, mika eta erretxina ere erabili ohi dira.

Erreferentziak

Kanpo estekak