Itsas mailaren igoera

Mareografoen neurketek erakusten dute gaur egungo itsas mailaren igoera XX. mendearen hasieran hasi zela. 1901 eta 2018 urteen artean, mundu mailako itsas mailaren igoeraren batezbestekoa 15 eta 25 cm artean igo zen.[1] Satelite bidezko radarren bidez neurtutako datu zehatzenek 7,5 cm-ko hazkunde azkarra erakutsi dute 1993 eta 2017 urteen artean,[2] hamarkada bakoitzeko batez besteko igoera 31 mm-koa izanik. Hazkunde azkar hori klima-aldaketari dagokio nagusiki, itsasoa berotzen baitu, izotz-geruzak eta glaziarrak urtuz.[3] 1993 eta 2018 urteen artean, itsas mailaren igoeraren % 42a uraren dilatazio termikoak eragin zuen, % 21a glaziar epelen urtzeak, % 15a Groenlandiako urtzeak eta % 8a Antartikakoak.[2] Kliman adituak diren zientzialariek tasa oraindik gehiago azkartzea espero dute XXI. mendean zehar, eta azken neurketen arabera, itsas maila 3,7 mm igotzen ari da urteko.[4]

Itsas mailaren igoeraren satelite-behaketak, 1993 eta 2021 urteen artean.

Itsas mailaren proiekzioa egitea erronka bat da sistema klimatikoaren hainbat ezaugarriren konplexutasunagatik eta lurreko tenperatura-aldaketen aurrean itsas mailak dituen erreakzioen atzerapenengatik. Egungo eta iraganeko itsas mailaren inguruko ikerketa klimatikoei esker eredu informatiko hobetuak lortzen dira. 2007an, Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) 2099. urtera bitarteko 60 cm-ko emisioen estimazio bat egin zuen,[5] baina 2014ko txosten batek estimazio hori 90 cm-tara igo zuen.[6] Ondoren egindako hainbat ikerketek erakutsi dute mende honetan 200 eta 270 cm arteko itsas mailaren igoera bat egotea fisikoki posiblea dela.[7][2] Estimatzen da Celsius gradu baten igoerak itsas maila 2,3 m igotzea eragiten duela 2000 urtetan zehar. Hori klimaren inertziaren adibide bat da.[8] 2021eko otsailean Ocean Science-n argitaratutako artikulu baten arabera, IPCCren ordura arte itsas mailaren igoeraren gainean egindako proiekzioak oso kontserbatzaileak ziren, eta itsas maila espero baino gehiago igoko dela zehazten zuen artikuluak.[9]

Itsas maila ez da uniformeki igoko Lurraren zati guztietan, eta jaitsi egingo da zenbait eremutan, Artikoan adibidez.[10] Hori eragingo duten faktoreak efektu tektonikoak, lurraren hondoratzea, mareak, korronteak eta ekaitzak dira. Itsas mailaren igoerak kostaldeko eta uharteetako giza populazioetan eragin nabarmena izan dezake.[11] Hurrengo milurtekoetan gertatuko diren berokuntzen eraginez kostako uholde kopurua handitzea espero da.[12] Itsas mailaren igoerak eragingo dituen beste ondorio batzuk honako hauek dira: zikloiak, tsunami arriskutsuagoak, populazioen desplazamendua, nekazaritza lurren galera eta degradazioa, eta hirietan eragindako kalteak.[13][14] Itsas ekosistemak bezalako eremu naturaletan ere eragina izango du igoerak, non arrain, hegazti eta landareek habitaten zatiak galduko dituzten.[15]

Gizartea hiru modutan egokitu daiteke itsas mailaren igoerara: baztertze kontrolatu bat eginez, kostan gertatutako aldaketara egokituz edo eraikuntza-sistema desberdinak erabiliz igoeraz babestu ahal izateko. Lurraren subsidentzia gertatzen ari den giza eremuetan, itsas mailaren igoerari egokitzea zailagoa izan daiteke beste ingurumen-arazoengatik, hala nola, hondoratze-prozesuengatik. Normalean, ekosistema naturalak barrualdera mugituz egokitzen dira itsas mailaren igoerara; hala ere, gerta daiteke mugimendu hori ezinezkoa izatea barrera artifizial edo naturalengatik.[16]

Behaketak

Itsas mailaren igoera ez da uniformea mundu osoan. Lur-masa batzuk gorantz edo beherantz mugitzen dira hondoratze-prozesuen ondorioz (lurra hondoratu edo finkatzen da) edo glaziazio osteko errebotearen ondorioz (lurra igo egiten da urtu ondoren izotzak pisua galdu duelako); hortaz, itsas mailaren tokiko igoera erlatiboa munduko batezbestekoa baino handiagoa edo txikiagoa izan daiteke. Gerta daiteke glaziarren eta izotz-geruzen inguruko eremu batzuetan itsas maila jaistea. Gainera, izotz-masa aldakorren grabitazio-efektuek eta espazioan aldatzen diren berotze-ereduek mundu osoko itsasoko uren banaketa ezberdina izatea eragiten dute.[17][18] Izotz-geruza handi bat urtzen denean efektu grabitatorioak sortzen dira. Horrela, izotz-geruzak masa galtzen duenean, erakarpen grabitatorioa txikiagotzen da, eta tokiko itsas maila jaitsi daiteke. Izotz-geruzatik urrunago, ur-maila batezbestekoa baino gehiago igoko da. Hortaz, Groenlandiaren urtzeak eta Antartikaren urtzeak ez dute efektu bera izango itsas mailan.[19]

Erreferentziak

Kanpo estekak