Izukaitz

Izukaitz 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera garatutako euskal folk berriaren talderik esanguratsuenetakoa izan zen, ibilbide laburrekoa baina itzal luzekoa.

Izukaitz
Datuak
Musika motafolk
Urteak1974 - 1981
Produkzioa
Diskoetxea(k)Xoxoa
Taldekideak
J.M.'Pototo' Aranburu
Odile Kruzeta
Fran Lasuen
Aurelio Martinez
Bixente Martinez
Luis Camino
M. Asun Iturriagagoitia
Joxe Corcuera
Xabi Laskibar
Mikel Iriondo
Informazio gehigarria
Musicbrainz: b566745f-6c3e-4706-8fab-efa28b4c9e5e Edit the value on Wikidata

1974an sortua, 1981ean desegin zen. Plazaratutako bi diskoetan, Izukaitz (Xoxoa, 1978) eta Otsoa dantzan (Xoxoa, 1980), Ingalaterrako folk-rock garaikidearen eragin nabariko euskal herri musikaren ikuspegi berritzailea azaleratu zuen. Gaur egun, bildumazaleentzat harribitxi preziatu bilakatu dira bi diskoak. Taldekideen artean, Bixente Martinez (Oskorri, Hiru Truku), Fran Lasuen (Oskorri, Txatanuga Futz Band, Eguen Banda) eta Luis Camino (21 Japonesas).

Eraketa

Eibarren (Gipuzkoa) lagunartean sortu zen. Berez, 1974 inguruan hasi ziren, kanta zaharrak abesteko batzen ziren bederatzi lagunokin: Fran Lasuen, Mariasun Iturriagagoitia, Aurelio Martinez, Odile Kruzeta, Jorge Kruzeta, Gentzane Milikua, Luis Alcoba, Kepa Jauregi eta Pedro Nagore.

1977tik aurrera serioago hartu eta orduan eman zioten benetako bultzada taldeari. Fran Lasuen (biolina, alboka eta ahotsa), Mariasun Iturriagagoitia, Odile Kruzeta (ahotsa, txirula eta teklatuak) eta Aurelio Martinez (flauta, saxofoia eta perkusioak) izan ziren taldearen sortzaileak.

Donostiara joan ziren ikastera, eta bertako musikariekin osatu zuten taldea: Mariasun Iturriagagoitia (ahotsa), Joxe Corcuera (gitarra elektrikoa), Xabi Laskibar (baxua) eta Luis Camino (perkusioa). Maketa bat grabatu zuten Donostiako Herri Irratirako -euskal musika berritzailea programatzen zuen irrati bakarretakoa-, eta laster batean iritsi zitzaien Xoxoa diskoetxe sortu berriaren eskaintza.

Lehen diskoa

Izukaitz (Xoxoa, 1978) izena jaso zuen lehen diskoak. Eragin ugariz jantzitako diskoa da, baina, batik bat, nabariak dira Steleeye Span eta Fairport Convention talde ingelesenak. Honelaxe agertzen zuten diskoaren azalpenean: "Euskal munduan sustraitutako gaurko musika bat egin nahiz herri kantuetara jo dugu iturrien bila eta garaiko tresneriaz baliatuz ikerketa bide libre batetik abiatu gara". Honela azaltzen zuen, berriz, Odile Kruzetak: "Gu definitzeko orduan hau esango genuke: sustrai batzuren bila herri kantara edo kanta zaharretara jo dugu eta honekin gaurko musika bat egin nahi izan dugu, tradizioa ez dadila puskatu. Honi folk deitu, euskal folk deitu edo folk-rock deitu guri berdin zaigu".

Diskoak ez zuen salmenta aldetik arrakasta izugarririk lortu; goizegi egindakoa da, taldekideen ustez, baina taldea ezagutarazi eta udako zirkuitua ireki zien, herrietako festetakoa. Hamaika jaialdi eman zituzten, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Jaialdi haietan, askotan, Euskal Herriko folk berriaren alorrean giltzarria izan zen beste taldearekin jo izan zuten, Haizea taldearekin. 1979ko irailean zuzenekoak utzi eta disko berria prestatzen hasi ziren.

Bigarren diskoa

Garai hartan, formula berritzaileagoen bila, Oskorritik zetorren Bixente Martinez (gitarrak) sartu zen taldean, eta geroxeago Jesus M. Aranburu (baxua). Horrela osatu zen taldearen formazio "klasikoa". Haiekin batera, garai hartan indarrean zegoen jazz-rockaren eraginak ere indartu ziren Izukaitzen. Ildo horren garapenaren emaitza da taldearen bigarren diskoa, hurrengo urteko udaberrian kaleratutakoa: Otsoa dantzan (Xoxoa, 1980).

Aurrekoa baino disko helduagoa izan zen: 1970eko hamarkadaren amaiera aldera euskal folklorearen inguruko hainbat pausaleku topiko saihestu (Zuberoa, Nafarroa) eta Gipuzkoa zein Bizkaiko dantza zein kantuetara begira jarri zena. Ausartagoa, zehatzagoa izaki, ez zituen aurrekoak hainbeste norabide erakusten. "Lehen Izukaitzen ondoren, bada tarte bat, Bixente sartu zen taldean eta material berria prestatzen hasi ginen, ikusmira zehatzagoekin, zertara hurbildu nahi duzun jakinda, eta hortik atera zen bigarren LPa", azaldu zuen Fran Lasuenek.

Diskoaren emaitza artistikoa sendoagoa izanik ere eta oihartzun mediatiko handiagoa lortuta ere, zuzeneko aurkezpenak ez ziren pentsatu bezala gertatu, ez kopuru aldetik, ez entzuleen erantzunaren aldetik. Gainera, azpiegitura musikala oso urria zen garai hartako Euskal Herrian; soinu tresna eta teknikariak falta ziren, jaialdi gehienak horretarako egokitu gabeko lekuetan egiten ziren -frontoietan-, eta hori arazo handia zen horrelako musikaltasun "ezohikoa" zuten taldeentzat. Azkenik, oso zaila, ia ezinezkoa egiten zitzaion taldeari Euskal Herritik kanpo jotzea. Horrek erabat trabatu zituen Izukaitzen garapena, profesionalizaziorako urratsak eta abar.

Hala eta guztiz ere, Izukaitzek aurrera jarraitu zuen. Jazz-rockaren eraginak are gehiago sendotu eta bateriarekin zein modu "elektrikoagoan" lanean hasi ziren. Ildo horretakoa izan behar zuen taldearen hirugarren diskoak, baina ez zen sekula kaleratu. "Nik beti esan dut Izukaitzek benetan esango zuena hirugarren diska batean izango zela. Bigarren diskotik hasi eta gerora begira egiten ari ginena oso interesantea zen, eta gainera Euskal Herrian ez da egin horrelakorik.... Bagenuen beste disko bat ateratzeko plana, kantuak bagenituen, bidea gero eta garbiago genuen, bazegoen girotxo bat kantu berriak ateratzeko moduan", zioen Bixente Martinezek.

Taldearen desegitea

Usteak erdia ustel, ordea. Aurreko arrazoiek zein barne tirabirek eraginda, taldeak agur esan zuen 1981eko abenduan. Beraz, bertan behera geratu zen hirugarren diskoaren asmoa. Nahiz eta beste musikari batzuekin jarraitu ala ez aztertu, azkenean Fran Lasuen eta Bixente Martinez Oskorrira joan ziren, Natxo de Feliperen gonbita jaso eta gero, eta hortxe amaitu zen Izukaitzen ibilbidea.

Dena dela, taldearen jardunaren inguruko interes handia piztu da azken urteetan, batik bat rock progresiboaren zaleen artean. Horretan zerikusi handia eduki dute haien diskoen binilozko zein CD moduko berrargitalpenek eta "Euskal musika progresiboa" etiketak Internet bidez zaleen artean lortu duen oihartzunak.

Diskografia

Erreferentziak

Kanpo estekak