Errei

Lerro (errepidea)» orritik birbideratua)

Errei[1][2] bat ibilgailuek zirkulatzea ahalbidetzen duen galtzadaren banaketa paraleloa edo bide zatia da. Normalean, errepidean margotutako markek, balizek, konoek, iltzeek eta abarrek mugatzen dute[3]. Motozikletez bestelako automobilen ilara batek zirkulatzeko adinako zabalera du, eta luzetarako bide-markek zedarri dezakete.

Bi erreiko autobidea (norabide bakoitzean).

Lerro[4] ere erabili izan da, baina nahasgarri izan daiteke[5], erreiak banatzeko erabiltzen diren bide-markak baitira (lerro etena, lerro etengabea...).

Motak

Hiru erreiko noranzkoa.

Errepideetan, hainbat errei mota daude:

  • zirkulazio-erreia: ohiko erreia, ibilgailuak helmuga baterantz joatekoa. Galtzada errei batekoa, bikoa, hirukoa, laukoa eta abar izan daiteke noranzko batean edo bitan.
  • errei lagungarria: galtzadaren ondo-ondoan dagoen edota galtzadaren zati den erreia, aparkatzeko, abiadura aldatzeko, bira egiteko edo beste zirkulazio-helburu batzuetarako egina[6]. Horien artean:
    • azelerazio-erreia: zirkulazio lasterrekoa ez den errepide batetik datozen ibilgailuak halako errepide batean errazago eta abiadura egokian sar daitezen egindakoa.
    • dezelerazio-erreia: zirkulazio lasterreko errepide batetik irten eta bestelako errepide batean sartu behar duten ibilgailuek abiadura gutxitu dezaten egindakoa.
    • itxarote-erreia: bira egiteko aurkako noranzkoko errei bat edo gehiago zeharkatu behar dituzten ibilgailuentzat egina.
    • errei motela edo zirkulazio motelerako erreia: zirkulazio arina oztopatzen duten ibilgailuentzako errei lagungarria, normalean bide aldapatsuetan eraikitzen dena.
    • errei azkarra edo zirkulazio azkarreko erreia
  • errei alderantzikagarri: bi noranzkoko galtzada baten erdiko erreia, zirkulazio-premien arabera noranzko batean zein bestean erabil daitekeena[6].
Bus bidea Luxenburgon.
  • errei berezia: ibilgailu-mota edo eginkizun jakin batzuetarako erreserbatutako erreia[6]. Horien arrean
    • (auto)bus erreia edo (auto)bus bidea: autobusentzat gordetako erreia
    • bizikleta erreia: galtzadaren ondo-ondoko bizikleta-bidea, noranzko bakarrekoa edo bikoa
    • errei erreserbatua: ibilgailu-mota jakin batek soilik erabil dezakeen errei berezia.
    • okupazio handiko ibilgailuen (OHI) erreia
  • errei gehigarria: bazterbideak dituzten galtzadetan gaitzen den erreia, zirkulazio-noranzkoetako batean bi errei eta bestean errei bakarra izateko erabiltzen dena[6].
  • erdiko erreia: errei-kopuru bakoitia eta bi zirkulazio-noranzkoak dituen galtzadako erdiko erreia. Ibilgailuek noranzko batean zein bestean erabil dezakete, baita errei alderantzikagarri edo itxarote-errei gisa ere[6].

Zabalera

Errei zabalera errepide motaren eta horien abiaduraren araberakoa da, eta herrialdearen arabera desberdina izan daiteke. Europako abiadura handiko errepideetan, erreiak 3,50 m zabal izan behar dira. Adibidez, Espainiako 60 km/h eta gehiagoko errepideetan, zabalera 3,5m izan behar da, baina 40 km/h bideetan 3 eta 3,5 m artean motaren arabera (bazterbideak gehituz)[7].

Erreferentziak

Kanpo estekak