Mikela Gastesi

Irakasle eta euskaltzale nafarra

Mikela Gastesi Berekoetxea (Gorriti, 1929ko urriaren 27a - 1997ko irailaren 10a) nafar irakasle eta euskaltzalea izan zen. Iruñean lehedabiziko ikastolaren sorkuntzan eta zuzendaritzan parte hartu zuen.[1]

Mikela Gastesi

Bizitza
JaiotzaGorriti1929ko urriaren 27a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1997ko irailaren 10a (67 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Ibilbidea

Mikela Gastesi baserri giro euskaldunean sortu zen, estuasunik gabeko familia batean. Lau anai-arrebatan bigarrena zen. Herrian bertan zegoen eskolara joan zen, eta nahiz eta ingurune hartan haur guztiak euskaldunak ziren, irakasleek ez zieten haurrei beraien hizkuntzan hitz egiten uzten, eta gazteleraz mintzatzen ziren. Bere maistra zen Zipri Huarte iruindarraren laguntzarekin gurasoak konbentzitu zituen Nafarroako hiriburuan ikasten jarraitzeko eta Gastesi Iruñera joan zen irakaskuntza ikastera. 1952an ikasketak bukatu, eta lehen urteak Uztegin eman zituen irakasle lanetan. Ezkondu eta gero, Iruñera itzuli zen familiarekin. 1960an Iruña'ko Euskalerriaren Adiskideak elkartea sortu zuten euskaltzale batzuek ikastola bat sortzeko asmoz. Mikela Gastesik haurrentzako lehen ikastola abiatu zuen, hainbat traba burokratiko gainditu ostean.[2]

Hauek izan ziren elkartearen zuzendariaren hitzak:

"Euskalerriaren Adiskideek badugu Ikastola. (...) Ez da euskara erakusteko, lehenengo aritmetika edo lehenengo geografia euskaraz irakasteko baizik. Ikasketak Mikela Gastesik emango ditu. Gure laguntzaile honek hiru kualitate ditu (eginkizun horretarako): maistra tituluduna, euskalduna jaiotzez eta ikastoletan praktikatua. Esperimentu gisa hasiko den lehen ikasturte honetara pedagogia-metodo modernoak dakartza, beste 'ikastola' batzuetan emaitza bikainez frogatuak izan direlako."[3]

Izan ere, Gipuzkoan Elbira Zipitriaren metodologia eta hango Ikastolen sorrera-mugimendua ezagunak zituen Gastesik. Nuestra Señora de Irantzu ikastolako lehen maistra bilakatu zen. 1965ean, 11 ikasle zeuzkan, eta 1969an, 348 ikasle eta 11 irakasle izan zituen bere zuzendaritzapean. 1970ean Ministerioak legeztapena kendu zien, eta ikastolak Iruña'ko Euskalerriaren Adiskideak elkartearen babes legalaren pean jarraitu zuen, Uxue Ikastola izenarekin eta Gastesik zuzenduta. Ikastola gero bitan banatu, eta San Fermin Ikastola, Zizurren, eta Paz de Ziganda Ikastola, Mutiloabeitin. Erretiroa harturik, familiarekin Donostiara joan, eta bospasei urte Gipuzkoako hiriburuan bizi izan ondoren, Hondarribian egin zituen azken urteak euskaltzale nafarrak.[4]

Errekonozimenduak

  • 2019ko abenduan Iruñeko Kondestablearen jauregian Hemen baditun 14 erakusketan omendu zuten, XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde arituriko emakumeak omentzeko erakusketa.[5][6][7]

Erreferentziak

Kanpo estekak