Ostrakoi

Idazkunen bat edota irudiren bat duen zeramika zati bat
Ostraka» orritik birbideratua)

Ostrakoi (antzinako grezieraz: ὄστρακονostrakon, pluralez ὄστρακα, ostraka) bertan idazteko edo marrazteko erabiltzen zen maskor edo zeramika zati bat da, jatorriz, Grezia klasikoan erabiltzen zena hiri-batzarretan boto emateko.

Thémistoclesen aurkako ostrakoia. , K.a. 490/480 inguru, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoa.
Temistokleren aurkako ostrakoia. , K.a. 490/480 inguru, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoa.

Lehen esanahi hori, ordea, zabaldu da eta testuinguru arkeologiko edo epigrafiko batean, ostrakoi bat, idatzitako edo marraztutako zeramika pusketa bat da, eta are batzuetan, marrazteko edota idazteko harraskatu diren harri-zati txikiak. Oro har, uste da idazkera gehitu baino lehen hautsi direla; antzinako jendeak zeramikazko pieza merkeak, ugariak eta iraunkorrak erabili zituen haien inguruan, asmo askotarako idazteko leku egokitzat, batez ere inskripzio oso laburretarako, baina kasu batzuetan ere, oso luzeak.

Izena

Ostraka aldaera singularrean erabilita asko zabaldu da azken urteetan[1], nahiz eta ez den jarraitu beste hizkuntzetako literatura zientifikoan erabili ohi den araua[2]. Singularrean ostrakoi[3] litzateke beste hizkuntzetako joerari jarraiki, eta pluralean, ostraka, baina ostrakak erabili ohi da.[4][5]

Latinezko inskripzioei buruz ari genean, ez da ohikoa ostraka hitza erabiltzea, eta beste izen edo esapide lehenesten dira, hala nola, "grafitoak zeramika gainean"[6], eta instrumenta domestica (edo zehazkiago instrumenta domestica inscripta[7]), beti ere pluralean; singularrean "Instrumentum domesticum" eta instrumentum domesticum inscriptum[8] da. Pablo Ozcáriz Gil ikertzaileak grafitoak eta grafitoak "intrumentum" gainean izendapena erabiltzen du, baina grafito bat horma baten gainean egin daiteke eta instrumentum hori, objektu baten zati bate edo objektua osorik izan daiteke[9] .

Hala ere, badira hainbat antzekotasun: zeramikazko edo bestelako euskarri gogorren gainean agertzen dira, eskuz idatzita egon daitezke (zigiluak estanpatuak izaten dira) eta epigrafiak ikertzen ditu[10].

Greziako ostrakak

Atenasen, adibidez, hiritik bota nahi zuten politikariaren erbesteratzea biltzar batek erabakitzen zuen, eta biltzar horretako partaide bakoitzak zalantzan jarritako politikariaren izena zeramikazko zati batean (ὄστρακον ostrakon horretan) idazten zuen. Hortik dator ostrazismo hitza, aipaturiko erbesteratzea ebazteko erabiltzen zen prozedura, alegia. Nahikoa zen hiritar kopuru batek hala erabakitzea. Pieza horietariko asko Akropolian aurkitu ziren eta gaur egun, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoan ikus daitezke.[11]

Egiptoko ostrakak

Antzinako Egipton, hitz hori eskriba batek edo eskriba-ikasle batek marraztu edo idazten zuen kareharri edo zeramikazko zatiak izendatzeko erabiltzen zen. Papiroa nahiko garestia zenez, ez zen sekula erabiltzen ofizialak ez ziren ohar, marrazki adierazgarri edo satiriko, eta are gutxiago, hieroglifoen idazkera ikasteko.

Greko-erromatar Egiptorentzat, papirologia, papiroetan ez ezik, ostraketan ere ageri diren latindar, greziar eta demotikoar testuak aztertzen dituen zientzia da.

Antzinako erromatar grafitoak zeramika gainean

EAGLE (Europeana programme focusing on inscriptions of the Ancient World) bilduman jasotako zeramika puska idatzia.

Erromatar idazkunak ikertzen dituzten epigrafistek bestelako objektuetan zizelkatutako idazkunak aztertu izan dituzte batez ere: hilarrietan, aldareetan, monumentuetan jartzen ziren plaketan, monumentuen ateburuan, eta abar. Azken urteetan, ordea, gero eta interes handiagoa pizten dute objektu txikietan idatzitako inskripzioek, batez ere zeramikazko etxeko lanabesetan agertzen direnak (basera pieza osoak, garraiorako eta kontserbaziorako ontziak, zeramika zatiak, olio-lanparak...). Gehienek modu "profesionalean" egiten ziren, adibidez, merkataritzan erabiltzen diren anforen lepoan, edo saltzen ziren zeramika poteen azpialdean estanpatzen ziren ekoizlearen zigiluak. Horiek estanpatuak dira, ez grafitoak. Hala ere, baziren etxeko baxeran etxekoek edo norbanakoek eskuz egindako (esgrafiatutako) grafitoak, bai eta paretetan egindakoak. Azken hauen artean ezagunak dira Ponpeian aurkitutakoak. Grafito horietan hitzak aurkitzen ditugu gehienetan, testu laburrak batzuetan, eta baita irudiak ere. Pablo Ocariz Gilek, kasu, Iberiar Penintsulako zoomorfoen grafitoak ikertu ditu eta baita, bereziki, Nafarroako grafitoak[12][13].

Grafitoen artean, oso ezagunak dira Suitzan dagoen Aventicumekoak, bertan, 1.828 grafito aurkitu baitziren.[14]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak