Patxi Lazkano

Altzako bertsolaria XX. mendekoa

Patxi Lazkano Loidi, jaiotetxe zuen Otxoki baserriaren izenaz ere ezaguna, (Intxaurrondo, Altza, Gipuzkoa, 1916ko martxoaren 30a - Donostia, 1994ko urriaren 7a) gipuzkoar bertsolaria eta baserritarra izan zen.

Patxi Lazkano
Bizitza
JaiotzaAltza eta Donostia1916ko martxoaren 30a
Heriotza1994ko urriaren 7a (78 urte)
Jarduerak
Jardueraknekazaria eta bertsolaria

1972an Xenpelar Sarian parte hartu zuenean Otxoki bere jaiotetxea izan zena bota zutenean jasotako mina azaldu zuen hamabi bertsotan.

Bertsolari zaharren makina bat bertso eta ateraldi zekizkien, beraren baserriko sukaldean edo inguruko fruta-arbolen itzalpean jaso zituen bertso haiek Antonio Zavalak 1983an.

Bizitza

2023ko Otxoki Parkeko beheko aldean zegoen 1968an Otxoki bertsolariaren Otxoki baserria.

Altzako Otxoki baserrian jaio zen, Intxaurrondon, Altza udalerriko baserri-gune batean, Ametsagaina mendiaren babesean. Donostiatik Altzara zihoan mendi-bidearen bazterrean.

Bertso asko sortu zituen bizitzan zehar. Gerra aurretik lagun-artean-eta kantatzen hasia zen. Gerra hasi zanean, ordea, bera 1937ko kintoa izanik, haren kinta deitu zutenean, joan egin bear izan zuen, beste hainbestek bezala. Baina Patxik, nahiz tiro tartean ibili, ez zion bertso paratzeari erabat utzi. Burgos edo Aragoi aldetik, Albacetetik edo Kataluniatik, bere eskutitzetan bertso ale batzuk sarritan bidaltzen zituen etxera, batean hiru, bestean lau, hurrengoan sei. Bertso horiek ere jaso zituen Zavalak; batzuetan, berak handik bidalitako papera bera; bestetan, berriz, orduko papera galduta zegoen, baina Patxiren anai Iñaxiok buruz ikasiak zituen eta karen ahotik hartu zituen Zavalak.[1]

Baina bertso horiek, Frankismo garaiko agintarien aurka behin edo bitan zerbait esaten zutenez, ezin izan zituzten garai hartan argitaratu. Azkenean 1983an argitaratu zituzten elkarrekin, Antonio Zavala eta Patxi Lazkanoren artean. Otxokiren kontaera oso aberatsa zenez, azkenean Zavalak magnetofoiarekin grabatu zituen bertsoei buruz Lazkanok egiten zituen azalpen guztiak eta "Tiro artean bertsotan" liburuan argitaratu zituzten 1983an.[1]

Bertsolaria

Bertsotarako zaletasuna berez etorrri zitzaion tiki-tkitatik. Hortaz gainera; bere etxean, Otxokin, taberna zuten eta han zerbait entzun ere bai berak. Garai hartan bazan hor Altzako bertsolaria, Patxiku Arzak.[2] Antiguako Amueder baserrikoa eta igandeetan Otxokira joaten zen. Beste aiton bat ere bazen han, Baratzategikoa, bertsotan pixka bat zekiena, eta ari kantatu; eta aiton horrek erantzun eta hola aritzen ziren. Txirrita ere bai; aritu izan zen Otxokiko tabernan, orduan Patxi gaztea zela eta. Joxe Zapirain ere bai; Joxe Bordaxar. Nik obeditu egiten nion eta nirekin ondo etortzen zen. Aiton haiekin hasi zen Patxi gaztea. Orduan asko aritzen zen horrela. Bertso on asko zuen Joxe Bordaxarrek. Bertsolari zuzena zen.[1][2]

Txirritarekin ere aritu izan zen, 1935ean. Txapelketa izan zan Donostian, eta hura, Donostiara etortzen zanean, Easo Kaleko Bar Manolora joaten zen. Sebastian Salaberria lagun bertsolariak xaxatuta biak hurbildu ziren Bar Manolora eta saio ederra egin zuten tabernan Txirritarekin.

Intxaurrondon bi bider kantatu zuen festetan. Loiolan ere bai bi urtetan. Martutenen ere bai hiru lau aldiz. Horietako batean, Uztapiderekin. Egun hartan Basarri eta Uztapide ziren kantatzekoak baina Basarrik iganderako zela entenditu zuenez larunbatean ez zen agertu. Lazkano ere lagunekin hara joana zen bertsolariak aditzeagatik, orduan danekin saltsan aritzen ziren-eta, eta Uztapide bakarrik. Antolatzaileek eskaini zioten Lazkanori Uztapide handiarekin kantatzeko, baita hark onartu ere.[1]

Gerra garaiko bertsoak

Bertso sorta bana bidali zuen etxera toki hauetatik: Crucero de la Montija, Santander, Peña Lasa, León, Teruel, Aragoni, Pirineo, Calatayud, Katalunia, Alicante, eta Almansa.[1]

Otxoki baserria galtzea

Bere jaiotetxe eta bizmodua zen "Otxoki" baserria 1968an espropiatu eta bota zutenean, pasatu zuen trantzia eta bihotzean zeukan pena hamabi bertso ezagunetan azaldu zuen. geroago 1972an Xenpelar Sarian argitaratu ziren bertso horiek puntako beste bertsolariak artean zeudela (Joxe Aierbe, Fernando Aire "Xalbador", Joakin Aldabe, Balendin Enbeita, Manuel Matxain...).[3]

Hurrengo urtean beste sorta bat argitaratu zuen baserriari buruz: "Otxoki nere jaiotetxeari bigarren aldiz".[1]

«Patxi Lazkano "Otxoki", bertso biltzen hasi berria nintzen hartan ezagutu nuen, 1959 urtean. Otxoki bere jaiotetxean ezagutu ere. Otxoki baserri hori Ametzagaina mendiaren babesean zegoen, Donostitik Altzara zihoan mendi-bidearen bazterrean. Baina orain urte batzuk bota egin zuten, beste hemeretzi baserrirekin batera.»

Antonio Zavala, 1983

Altzako baserri-gune hura zenak 1968an inguruko planifikazio urbanoaren arabera aldaketa handiak jaso zuen eta inguruko 19 baserri bota zuten.[1] Besteak beste baserri hauek eraitsi zituzten: Arruex (Arruas eta Ondarralde izenak ere erabiltzen ziren); Arjel-etxeberri, bi bizitza; Arjel-aundi; Arjel-txiki; Xiustegi; Zarategi, bi bizitza; Lizardi; Basatxiki, bi bizitza; Sagastieder; Baratzategi; Tuniz; Tuniz-berri; Igola; Xibili-txiki ta Xibili-aundi.

1960an Intxaurrondon zeuden baserriak 2002ko planoan kokatuta. Otxoki baserria behean erdialdean (F. Valledor eta Jabier Ormazabal. Haizpe taberna, 2002)

Egoera hartako samina adierazteko hamabi bertso sortu zituen Patxi Lazkanook. Haietakoak dira bi hauek: Otxoki nere jaiotetxeari, 1968[1]

Emeretzi etxe bota dituzte
illabeteren barruan,
famili askotan beidatu gabe
zer miseriya daguan;
bizitzen ere etzegon errez
olakuaren onduan,
baserriya ala utzi biarra
pena galanta genduan.
[...]
Han utzi ditut aran-arbolak,
utzi ditut gereziak,
Han utzi ditut piko ta udare,
sagar gez eta gaziak;
nere bihotzan zain bana dute
han dauden arbol guziak,
nere barrena samindutzen du
horrela galtzen utziak.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak