Quintina Gelbenzu Piérola

Emagina

Quintina Gelbenzu Piérola (Lizarra, Nafarroa Garaia, 1877ko urriaren 11a- ibidem, 1950eko otsailaren 23a) emagina izan zen. Zaragozako Unibertsitatean emagin agiri ofiziala lortu zuen eta Lizarrako tituludun lehen matrona izatera heldu zen.[1]

Quintina Gelbenzu Piérola
Bizitza
JaiotzaLizarra1877ko urriaren 11
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1950eko otsailaren 23a (72 urte)
Hezkuntza
HeziketaZaragozako Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakemagina

Bizitza

Maria Piérola eta Feliciano Gelbenzuren alaba izan zen. 22 urte zituela Donato Castejón Carlosekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba izan zituzten; Felisa, Joaquina, María, Santiago, Andrés, Mercedes eta Ángel. Azken hau 1936ko Gerra Zibilean hil zen eta harrezkero lutoz jantzi zen beti Quintina.

Emagin ibilbidea

1902ko urriaren 14an, 25 urte zituela, Gregorio Goizueta alkateak udal-emagin izendatu zuen, jarduera hori aurretiaz lanbide horretan ari ziren Eulalia Nagusia eta Florencia Salanueva emaginekin burutu zezan. Hiruren artean banatzen zituzten udalak urteko lanagatik ordaintzen zizkien berrehun pesetak.

Quintinak ez zuen nahikotzat jo autodidakta gisa zekiena eta 1903an Zaragozako Unibertsitatera ikastera joatea erabaki zuen eta bertan emagin agiri ofiziala lortu zuen, horrela Lizarrako tituludun lehen matrona izatera heldu zen.

Lanbide hau emakumeek burutu zuten luzaroan kultura gehienetan, emakumeen esku utzi izan zen umeak munduratzearen artea. Jaiotza ondorengo errituralean ere parte hartzen zuten emaginek sarritan. Bataiatzera eramaten zituzten jaioberriak elizara eta amari itzultzen zizkioten, amak berrogeialdia bete behar izaten baitzuen, etxetik irten gabe. Etxealdi hau amaitu ondoren emaginak berak laguntzen zien amei elizara bedeinkapena eman ziezaieten. Behin eta berriz emakumeen askatasun eskubideak murrizturik izaten ziren.

Quintinak lanbidea pasio handiz burutzen zuen, konpromezu ia militantez. Mamá (Ama) Quintina deitzen zioten, izan ere bere inguruan larritasun edo estualdi ekonomikoan zegoen edonori laguntzeko prest agertzen zen beti.

50 urtez bere lanbideari ekin ondoren eta ehundaka lizarratarri munduratzen lagundu ostean, 1950eko otsailaren 23an hil zen bere jaioterrian.

Erreferentziak

Kanpo estekak