Tanatosi

Tanatosia animalia batzuek erabiltzen duten biziraupen estrategia bat da, non hilik daudela erakusten duten harrapariak jan ez ditzan[1]. Hainbat animaliak erabiltzen du estrategia hau, hala nola intsektuek (fasmidoek, koleopteroek edo inurriek), narrastiek (suge eta sugandilek), anfibioek, ugaztunek eta hegaztiek[2].

Suge gorbataduna (Natrix natrix) hildakoaren itxurak egiten.

Gizakiak eragindako paralisia denean animalia hipnosia esaten zaio[3].

Izena

Grekerazko θανάτωσις (Thanátosis) hitzetik dator eta bi hitz elkartzen ditu; Thanatos (heriotza) eta -sis atzizkia (ekintza). Horrela "hildakoarena egin" esan nahi du kontzeptu honek[4].

Prozesua

Zientzilari askok "mugiezintasun toniko" gisa definitzen dute tanatosia. Arriskua ikusten duenean kanpoko estimuluekiko erantzuna nabarmen murrizten du animaliak eta arriskua pasatzen denean jatorrizko egoera fisiologikoa berreskuratzen du[2].

Arnasketa-tasa eta bihotzaren jarduera jeisten dute, muskuluak zurruntzen dituzte, kinadarik egin gabe egoten dira denbora tarte batez, mihia atera eta begiak zabal zabalik mantentzen dituzte eta anfibioen kasuan gorputz-adarrak luzatzen dituzte. Suge gorbatadunarena (Natrix natrix) da adibide esanguratsuenetako bat[2]. Tripa airez betetzen du usteltzean sortzen diren gasek egiten duten antzera, miztoa atera eta zintzilika uzten du, begiak okertu egiten ditu eta odol tanta batzuk isurtzen ditu ahotik[1].

Funtzioak

Babes funtzioa

Didelphis virginiana tanatosia egiten.

Harrapari gehienek bizirik dauden animaliak ehizatzen dituzte eta errezelo handia izaten dute hilik aurkitutakoaz elikatzeko, gaixotasunak ekar ditzakeelako[5]. Heterodon platirhinos sugeak esate baterako hildakoaren itxurak egiteaz gain usain desatsegina jariatzen du eta harrapariak usteltzen dagoen animalia dela pentsatzen du.

Ugaztunen artean aipagarriena Didelphis virginiana martsupiala da. Bere burua mehatxatua ikusten duenean tanatosia egiten du[6]. Mugimendu ezari beste hainbat ezaugarri ere gehitzen dizkio; oka egiten du, hortzen artean bitsa agertzen du eta pixarekin eta gorotzarekin usain txarreko sustantzia kimiko bat jariatzen du[2]. Tarteka gertatzen da errepide bat gurutzatzerakoan trafikoa ikusi eta tanatosia egitea eta gehienetan autoek harrapatu egiten dute[7].

Hainbat harraparik mugimenduan dagoen harrapakina soilik ikusten dute. Bestalde harrapari ugarik harrapakin osoa irensten dute eta tanatosi egoeran dagoen animalia irensteko zailtasunak izan ditzakeela iruditzen bazaie baztertu egiten dute[2].

Armiarma espezie batzuetan kopula garaian emeak arra jaten du eta hori ekiditeko arrek ugaldu ondoren tanatosia burutzen dute eta emeak hilda dagoela pentsatzen duenez ez du jaten[1].

Harraparitza

Afrikako Malawi aintziran bizi den Nimbochromis generoko arrainak hilda dagoen itxurak egiten ditu. Geldi geldi egoten da albo batera etzanda eta kolorea apaltzen du hilda dagoenaren plantak eginez[1]. Berau jatera datozen sarraskijaleak hurbiltzen direnean eraso azkarra eginaz harrapatzen ditu[8].

Erreferentziak

Kanpo estekak