Tartessos

Tartessos edo Tarteside (grezieraz Τάρτησσος, latinez Tartessus) greziarrek Mendebaldeko lehen zibilizazioari ematen zioten izena da. Iberiar hego-mendebaldeko kultura megalitikoaren ondorengoa, ustez egungo Huelvako probintziak, Sevillako probintziak eta Cadizko probintziak osatutako hirukian garatu zen, Iberiar penintsularen hego-mendebaldeko kostaldean. Tartesiarrek inguruko herrietakoetatik erabat ezberdina zen hizkuntza eta idazketa bat sortu zuten eta egiptoar eta feniziarren eragin kulturalak izan zituzten.

Bularrekoa, Caramboloko Altxorraren zatia.

Kokapen geografikoa

Tartessosen mapa.

Ardatz gisan Tartessos ibaia izan zuen zibilizazio-gune horri erromatarrek Betis esan zioten (aurretik, Oleum flumen 'olioaren ibaia'), eta arabiarrek Guadalquivir ('ibai handia'). Hala ere, ezer ez da ziurra eta zenbait egile Tartessos ibaia Odiel ibaia edo Tinto ibaiaren ahoetan kokatzen saiatu dira (azken hori Huelvako itsasadarra), baita Mar Menorren, Guadianaren ahoan edo Tajo ibaian bertan ere. 2001ean Tartessos izena Jaengo probintziako Castellar herritik igarotzen den Castellar ibaiari eman zioten.

Jatorria

Izar tartesiarra.

Tartessos feniziarrek egin zuten bertako jendearen akulturazioa dela esan daiteke. Teoria hori kolonizazio kronologietan eta hondakin arkeologikoetan oinarritzen da, sare leunduzko zeramikak, berniz gorrikoak eta irudikapen erlijiosoak, argi eta garbi ekialdeko jainkosei erreferentzia egiten dietenak, Astarte kasu, t-r-t hizkiak argi eta garbi Tartessosen antza dutela nabarmenduz, eta Baal edo Melkhart moduko jainkoei (bere zezen itxuran askotan irudikatua agertzen dena.

Ez dago batere argi nortzuk ziren feniziarrek topatu zituzten bertako horiek. Historialari batzuek penintsulara Itsasoko Herriekin batera iritsi zirela uste dute. Beste batzuek agian herri indoeuroparrak zirela uste dute, Kaukaso iparraldeko estepetatik iritsitako jendea, historiaurreko jendearen tokian finkatu zena eta El Argar edo Kutxa Zelaien Kultura bezalako kulturak sortu zituena. Feniziarren iritsierarekin akulturatu eta Tartessos erresuma sortu zen.

Hedapena

Tartessiar kulturaren jatorrizko gunea gaur egungo Huelva, Sevilla eta Cadizko probintzien lurraldea izan zen. Garrantzi handiko bi eremu izan ziren Tinto eta Odiel ibaien meategiak eta Guadalquivir ibaiaren nekazaritza eta abeltzaintzako lautada. Eremu horiek ziren jendeztatuenak, eta, haietatik, Tartessos hedatu egingo zen Brontze Aroan eta Burdinaren Lehen Aroan, Andaluziako eta Extremadurako beste leku askotan, baita Portugalgo Algarbe eta Alentejon ere[1].

Kostaldeko asentamendu garrantzitsu batzuk hauek izan ziren: Asta, Nabrissa, Spal, Onoba, Ossonoba, Olissipo eta Mastia; barnealdean, berriz, Corduba, Carmo, Astigi, Carambolo, Tejada la Vieja, Satefilla[2], eta Cancho Roano (Badajoz).

Azken fase batean (K.a. VI. mendea), Guadiana haranean eta Alcudia haranean bizi izan ziren arrazoi ezezagunak zirela medio, iparralderantz migratu zuten tartessiarrek, Cancho Roanoko eta El Turuñuelo aztarnategiek, besteak beste, erakusten duten moduan[3].

Aipu historikoak

Tartessos aipatzen duen lehen iturri historikoa Herodotoren historia da, K.a. V. mendekoa, Argantonio erregeari buruz (haren izenak Zilarrezko gizona esan nahi du eta ehun urtez gobernatu zuela esaten da): haren aberastasun, jakituria eta eskuzabaltasun zenbatezinez hitz egiten du. Geroago, IV. mendean, Rufo Festo Avieno idazle erromatarrak Ora Maritima izeneko lan bat idatzi zuen, Mediterraneoko kostaldeak deskribatzen dituen olerkia. Olerkari beraren arabera, egile ezagunik ez zuten oso antzinako iturriak erabili zituen. Iturri haietako bat K.a. IV. mendekoa da, Avienok kostaldetik eginiko bidaia gisan deskribatu zuena, marinel greziar eta kartagoar batek egina: hor, Britania edo Kornualleseko (Ingalaterra) kostaldetik abiatuta, Massaliaraino (Marsella) iritsi zen. Bidaia horren emaitza gisan, marinel ezezagunak bisitaturiko tokiak kontatzen dira, Iberiar penintsulari buruzko berririk antzinakoenak ematen dituena[4].

Pausaniasen arabera, "Tartessos iberiarren herrialdeko ibai bat dela diote, itsasora bi ahotik iritsiz eta bi aho horien artean izen bereko hiri bat dagoela. Ibaia, Iberiako luzeena dena eta itsasaldia duena, berrikiago Baetis deitua eta badaude batzuk Tartessos Carpiaren antzinako izena dela diotenak, iberiarren hiri bat".

Agerpen biblikoak

Biblian Tarshish izeneko toki bati buruzko erreferentziak daude (halaber, Tarsis edo Tarsisch izenak ditu). "Hain zuzen ere, Salomon erregeak Tarsisko ontziak zituen itsasoan Hirameko ontziekin batera. Tarsisko ontziak hiru urtetik behin etortzen ziren eta urrea, zilarra, bolia, tximinoak eta paumak zekartzaten. Itun Zaharra, 1 Erg 10:22". Gaur egun, batzuek Salomonek Tartessosi erreferentzia ez ziola egin uste dute, Aqabako portuari baizik, Sinaiko penintsulan.

Ez 27:12 (K.a. V. mendea) pasartean Tirok Tarsisekin komertzializatzen zuela aipatzen da eta kasu horretan baliteke Tartessosi erreferentzia egitea, Feniziak haiekin jada harremanak baitzituen.

Jon 1:3 (K.a. VIII. mendea) pasarteak honako hau dio: "Baina Jonas Tarsisera joateko altxatu zen, Yahvehren presentziatik urrun. Yoppera jaitsi zen eta Tarsisera abiatuko zen ontzi bat topatu zuen. Pasaia ordaindu zuen eta eurekin abiatu zen Tarsisera, Yahvehren presentziatik urrun".

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak