Jesus eta apostoluak azken afarian (Leonardo Da Vinci, 1490)

Apostoluak kristautasunaren sortzaile izan zen Jesusen lehen jarraitzaile nagusiak izan ziren. Hamabi ziren eta Jesusek berak hautatu zituen bere mezua munduan zabaltzeko.

Milaka lagunek jarraitu zioten Jesusi haren predikuetan, baina hark hamabi aukeratu zituen talde berezi bat osatzeko. Jesusek Bizirik zegoen bitartean, Jesusek bere doktrina irakatsi zien eta haiek Jesusen irakaskuntzak zabaltzen jarraitu zuten hura hil ostean.

Nor ziren?

Oso gutxi dakigu apostoluen inguruan. Haien izenak aipatzeaz gain, Jesusek nola aukeratu zituen kontatzen da Bibliako ebanjelioak izeneko liburuetan. Arrantzale batzuk, zerga biltzaile bat eta iraultzaile bat zeuden, besteak beste, apostolu-taldean. Ebanjelioetan apostoluek borrokak, zalantzak eta gabeziak zituztela irakurtzen da; horrek erakusten du haiek ere gizon arruntak zirela.

Hauek ziren Apostoluak: Simon (Petri deitua); Jakue eta Joan, Zebedeoren semeak; Andres; Filipe; Bartolome; Mateo; Tomas; Jakue, Alfeoren semea; Judas (Tadeo izenez ere ezaguna); Simon Kaanangoa edo Simon Zelotea; eta Juda Iskariote. Juda Iskariotek erromatarren aurrean Jesus traizionatu eta gero bere buruaz beste egin zuen. Matiasek hartu zuen Judaren lekua.

   Ba al dakizu    
Apostolu hitza grezieratik dator, apostolos hitzetik, eta “bidalia” edo "mezularia" esan nahi du.

Apostoluek beren begiez ikusi eta ezagutu zituzten Jesusen bizitza, irakaspenak, heriotza eta berpiztea, eta haien testigantza funtsezkoa izan zen jatorrizko Eliza kristaua sortzeko. Irakaspenak eta idatziak egin zituzten ebanjelioak zabaltzeko eta fede kristauaren oinarriak ezartzeko.

Horrez gain, garrantzitsuak izan ziren jatorrizko Eliza antolatzerakoan eta zuzentzerakoan. Aldizka elkartzen ziren elkarrekin irakasteko eta otoitz egiteko, eta baita erabaki garrantzitsuak hartzeko ere, esaterako, Judas Iskariotek Jesus traizionatu zuenean Matias hautatzeko Judas beraren ordez.

Apostoluen Eginak

Apostoluen Eginak Bibliako liburu bat da, Jesusen heriotzaren ostean apostoluek kristautasuna zabaltzeko egindako lana deskribatzen duena. Liburuaren zati handi batek Paulo izeneko gizon baten inguruan hitz egiten du. Paulo apostolutzat hartzen bada ere, ez zen izan Jesusen hasierako jarraitzaileetako bat. Paulo kristau bihurtu zen eta bidaiatzen eta beste pertsonen aurrean predikatzen igaro zuen bizitza. Beste zenbait apostoluk ere ziurrenik etxetik urrun bidaiatu zuten Jesusen ikasbidea zabaltzeko. Tradizioak dio Petri Erromara joan zela, Tomas Indiara, Andres Greziara eta Jakue Zebedeorena Hispaniara.