Munduko biztanleriaren banaketa, kontinenteka.

Biztanleria edo populazioa leku jakin bateko biztanleen multzoari deitzen diogu.

Munduko biztanleria handitzen joan da etengabe; horren ondorioz, gero eta biztanle gehiago bizi gara Lurrean. Gaur egun, 7.000 milioitik gora pertsona bizi dira munduan.

XX. mendearen hasieran, 1.600 milioi inguru biztanle zituen gure planetak, eta 2100. urterako, ia 11.000 milioi biztanle egongo direla kalkulatu da. Batez beste, urtero 87 milioi lagun gehiago daude munduan.

Biztanle kopuruaren igoera azkar hau 1800. urte inguruan hasi zen, Europan eta Ipar Amerikan bereziki, iraultza industrialaren eraginez. Gizarte industrialetan, osasun-baldintzak eta elikadura nabarmenki hobetu ziren. Aldiz, XX. mendean, gizarte industrialetan biztanleria ez da asko hazi, jaiotza-tasa (hau da, jaiotzen diren umeen kopurua) asko jaitsi delako; alderantziz, munduko herrialderik pobreenetan, Afrikan, Asian, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan, jaiotza-tasa asko handitu da eta heriotza-tasa gutxitu: osasun-baldintzak eta elikadura han ere asko hobetu direnez, lehen baino ume gutxiago hiltzen dira gosez edo gaixotasunengatik, eta, oro har, gero eta bizi-itxaropen handiagoa dago; hots, jendeak bizitza luzeagoa du, batez beste.

Munduko biztanleriaren bilakaera azken bost mendeotan

Ondoko taula honetan ikus daiteke nola joan den handitzen munduko biztanleria azken 500 urteetan:

UrteaBiztanleak
1500500 milioi
1600595 milioi
1700700 milioi
1800950 milioi
19001.600 milioi
20006.260 milioi

Biztanleria nola dagoen banatuta

Munduko biztanleria ez dago berdin banatuta: kontinente batzuetan jende gehiago bizi da beste batzuetan baino. Horrela, biztanleriaren zatirik handiena Asian bizi da, kostaldean eta ibai handienen inguruan batez ere. Europan eta Ipar Amerikan ere biztanle asko daude.

Biztanleriaren banaketa hauxe da 2014. urtean:

AsiaAfrikaAmerikaEuropaOzeania
4.300 milioi1.111 milioi968 milioi738 milioi38 milioi

Biztanleriaren dentsitatea

Halako lurralde bateko biztanle-kopurua lurralde horretako azaleraren arabera neurtzen badugu, zatiketa eginez alegia, lurralde horretako biztanleriaren dentsitatea aterako dugu; hau da, lurralde bateko kilometro koadro bakoitzean batez beste zenbat pertsona bizi diren. Horrela, adibidez, Euskal Herria askoz txikiagoa da Txina baino, baina biztanle-dentsitate handixeagoa du, ondoko taulak erakusten duen bezala:


Euskal HerriaTxina
Azalera20.747 km²9.571.300 km²
Biztanleak2,9 milioi1.300 milioi
Dentsitatea140 biz/km²136 biz/km²


Bestalde, Euskal Herriaren barruan ere, lurralde edo probintzia bakoitza oso desberdina da biztanle-dentsitateari begiratuta. Bizkaia da biztanle gehien eta dentsitaterik handiena duena, eta Zuberoa biztanle gutxien eta dentsitaterik txikiena duena, ondoko taulak erakusten duen bezala:


BizkaiaGipuzkoaLapurdiArabaNafarroa GaraiaNafarroa BehereaZuberoaEuskal Herria
Azalera2.219 km²1.909 km²858 km²3.032 km²10.391 km²1.325 km²814,5 km²20.548,5 km²
Biztanleak (2014)1.160.000714.000241.000332.000641.00028.00016.0003.132.000
Dentsitatea522 biz/km²374 biz/km²280 biz/km²109 biz/km²61 biz/km²21 biz/km²19 biz/km²152,4 biz/km²

Lotutako edukiak