Gaztelaniaren inposizioa frankismo garaian.

Diskriminazioa pertsona bat edo pertsona-talde bat bidegabeki tratatu eta baztertzea da. Normalean, pertsonak desberdin tratatzeko arrazoia euren sexua, erlijioa, nazionalitatea, jatorri etnikoa (kultura), azalaren kolorea edo bestelako ezaugarri pertsonalak izaten dira. Arrazan oinarritutako diskriminazioa arrazakeria edo arrazismoa deitzen da.

Diskriminazioaren ondorioz, pertsona batzuek ezin dituzte egin beste batzuek inolako arazorik gabe egin ditzaketen gauzak. Modu askotan gerta liteke, baita bizitzako esparru ugaritan ere, lanean, eskolan eta kalean ere. Adibidez, ikasle bat ezin bada eskolara joan bere arraza dela-eta, ikasle hori diskriminatzen ari da.

Batzuetan gobernuek ere diskriminatu izan dituzte herritar-talde osoak. Gobernu batek lege bidez zailtasunak ipintzen dizkie pertsona batzuei botoa emateko, eskolara joateko, edozein lekutara sartzeko edota beste gauza batzuk egiteko. Adibidez, Hegoafrikak zuriak ez ziren herritarrak diskriminatzen zituen sistema bat eduki zuen urte luzez, joan den mendeko 90ko hamarkadara arte. Sistema horrek apartheid zuen izena.

Segregazioa

Apartheida segregazio izeneko diskriminazio-mota baten adibidea ere bada. Jendea segregatzen dutenean, beste talde batzuengandik banatzen dute. Estatu Batuetan, urte luzez egon ziren indarrean afro-amerikarrak gainerako biztanleengandik segregatuta mantentzen zituzten legeak hegoaldeko estatuetan.

Segregazio legala amaitu bada ere, haren ondorioak oraindik nabari dira. Estatu Batuetan, segregazio-urte luzeek arrazakeria sistemikoa eragin dute. Arrazakeria sistemikoari arrazakeria instituzional ere deitzen zaio. Askotariko biztanleak dituzten herrialde askotan gertatzen da, herrialde horietan inoiz segregazio-legerik egon ez bada ere. Arrazakeria sistemikoan, ideia arrazistak gizarteko instituzio edo erakundeen eta sistemen parte bihurtzen dira. Erakunde horien barruan daude gobernua, hezkuntza-sistema eta justizia penala. Zuriek pertsona beltzen eta arrazializatuen aldean dituzten abantailen seinale dira gizarteko erakundeak eta oso errotuta dauden praktikak.

Diskriminazioaren aurkako legeak

Herrialde batzuek diskriminazioa saihesteko eta amaitzeko legeak onartu dituzte. Estatu Batuetan, legerik garrantzitsuenetakoa 1964ko Eskubide Zibilen Legea izan zen. Arau horren helburua jendea arrazan, azalaren kolorean, nazionalitatean, sexuan eta erlijioan oinarritutako diskriminaziotik babestea zen. Erresuma Batuak1965ean onartu zuen Arraza Arteko Harremanen Legea, eta Australiak 1975ean Arrazagatiko Diskriminazioaren Legea, kontu berei heltzeko. Lege horiek ez zuten arrazakeria bukatzea eragin, baina diskriminazio-ekintza batzuk zigortzea ahalbideratu zuten. Horien artean, adibidez, pertsonak desberdin tratatzea haien adinagatik edo ezgaitasun bat izateagatik.