Zeintzuk izan ziren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egiteko arrazoiak?
   Artikulua entzun!

1948an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bozkatu zenean, berdez ageri diren lurraldeetako Estatuek alde bozkatu zuten, laranjaz agertzen direnek abstentziora jo zuten eta beltzez agertzen direnak ez ziren bozketa egunean agertu. Beste guztiak Nazio Batuen Erakundetik kanpo zeuden garai hartan.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala munduan adostuta dagoen dokumentu garrantzitsu bat da. Gizaki guztiok ditugun eta mundu guztiak errespetatu behar dituen giza eskubideei buruzko oinarrizko dokumentu bat da. Munduko Estatu gehienak bertan esaten dena betetzearen alde agertu dira, eta bertan esaten dena errespetatuko dutela adierazi dute. Munduko Estatuek ikuspegi politiko eta erlijioso oso bestelakoak badituzte ere, dokumentu honek gaur egungo kultura gehienetako balore komunak biltzen dituela esaten da.

Historia

1948. urtean, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, munduko politikari eta pentsalari asko oso kezkatuta zeuden aurreko urteetan gertatutakoa ikusita.

XX. mendean milioika pertsona hil ziren Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran. Hildako gehienak ez ziren soldadu edo militarrak izan, pertsona zibilak baizik. Horrelako sarraskiak ikusi eta gero, politikariek, kazetariek, pentsalariek oro har, ez zuten horrelako sarraskirik berriro ere inoiz gertatzerik nahi. Garai hartako pentsalari eta politikari batzuek pentsatu zuten etorkizunean aurreko urteetako triskantzak ez errepikatzeko, gutxieneko adostasun politiko batzuk beharko zituztela.

Nazioartean errespetatzeko moduko araudi berri bat sortu behar zutela erabaki zuten. Guztiek errespetatzeko moduko nazioarteko joko-araudi berri bat, errespetatzeko moduko gutxienekoak. Eta araudi hori adostu, idatzi eta aurrerantzean guztiek errespetatu beharko zutela pentsatu zuten.

Garai hartako Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta bere garaiko politikari asko, alde batetik pozik zeuden gerran, nolabait, irabazle atera zirelako. Baina beste alde batetik, aurreko urteetan milioika pertsona nola hil ziren ikusita, imajinatu nola sentituko ziren. Gogoratu, esate baterako, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hiru urte lehenago Hiroshiman eta Nagasakin bonba nuklear bana botatzeko agindu zuela. Erabaki horren ondorioz, egun pare batean, milaka eta milaka zibil hil zituzten. Gerran, hori eta beste izugarrikeria asko gertatu ziren. Eta etorkizunean, gero eta ahaltsuagoak ziren armekin, horrelako gehiago gerta zitezkeen.

1948. urteko abenduaren 10ean, New Yorken, munduko hainbat ordezkari politiko elkartu ziren eta hainbat jatorritako pentsalariren artean adostutako dokumentua bozkatu zen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian. Ez zuen inork kontrako botorik eman, baina, egun hartan, estatu batzuetako ordezkariek abstentziora jo zuten. Gainera, bi estatutako ordezkariak ez ziren bozketa egunean aurkeztu.

   Ba al dakizu    

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala da munduan gehien itzuli den dokumentua. Munduan 7.000 mila hizkuntza inguru daude eta dokumentu hau 520 hizkuntzatara itzuli egin da.

Adostutako dokumentua bozketa baten bidez onartu zen eta, handik aurrera, urtero, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatzen da. Urtero, munduko ehunka hizkuntzetara itzultzen da eguna ospatzeko leloa, eta urtero leloa antzekoa izaten da: "Altxa zaitez giza eskubideen alde", "Altxa gaitezen berdintasuna, justizia eta giza-duintasuna lortzeko", "Altxa zaitez norbaiten eskubideen alde gaur bertan!", "Gure eskubideak, gure askatasunak, beti!", "Giza Eskubideak, 365 egun urtean"...


Zer dio dokumentuak?

    Artikulua entzun!

1948an Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala erakusten zuen kartela, ingelesez. Goian izenburua, gero, bi zutabetan, hitzaurrea edo aitzinsolasa eta azkenik, beheko aldean, hiru zutabetan, 30 atalak.

Hauxe da Aldarrikapenak dioena:

  1. artikulua: Gizaki guztiak askeak dira eta eskubide berberak dituzte jaiotzen direnean.
  2. artikulua: Inork ezin du eskubide gutxiago eduki bere arrazagatik, hizkuntzagatik, erlijioagatik, iritzi politikoengatik, gizon edo emakumea izateagatik, herri batekoa edo bestekoa izateagatik, pobre edo aberatsa izateagatik. Pertsona guztiak desberdinak izan daitezke arrazoi horiengatik, baina beti eskubide berberak eduki behar dituzte, desberdintasun horien gainetik.
  3. artikulua: Pertsona guztiek dute bizitzeko eskubidea, askatasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea.
  4. artikulua: Inor ezin da beste pertsona baten esklabo izan. Inork ez du eskubiderik beste pertsona bat erosi edo saltzeko, salgai bat balitz bezala.
  5. artikulua: Inork ezin du zigor ankerrik, tratu txarrik edo torturarik jasan.
  6. artikulua: Gizaki guztiek errespetatu behar dituzte besteen eskubideak munduko leku guztietan.
  7. artikulua: Legeek berdinak izan behar dute guztientzat, berdin babestu behar dituzte pertsona guztiak eta haien eskubideak.
  8. artikulua: Pertsona guztiek dute eskubidea epaileek zuzena den moduan tratatzeko.
  9. artikulua: Inor ezin da arrazoi zuzenik gabe atxilotu edo kartzelan sartu, ez eta bere herritik bota.
  10. artikulua: Gizaki guztiek dute eskubidea auzitegi zuzen batean epaituak izateko delituren bat leporatzen zaienean.
  11. artikulua: Pertsona guztiak errugabeak dira epaileek proba garbietan oinarrituta errudun direla esan arte.
  12. artikulua: Inork ez du eskubiderik beste norbaiten bizitza pribatuan edo etxean sartzeko ez eta beste norbaiten dokumentu pribatuen berri izateko haien baimenik gabe.
  13. artikulua: Gizaki guztiek dute eskubidea zein herrialde eta hiritan bizi nahi duten erabakitzeko, bertatik alde egiteko eta baita itzultzeko ere.
  14. artikulua: Pertsona batek bidegabeko jazarpena jasaten badu bere herrian, eskubidea du beste herrialde bati babesa eskatzeko.
  15. artikulua: Gizaki guztiek dute herritartasun bat izateko eskubidea, hau da, herrialde bateko biztanle izateko. Inork ezin dio herritartasun hori kendu beste inori, ez eta herritartasuna aldatzea ukatu ere.
  16. artikulua: Gizaki guztiek dute halako adin batetik aurrera familia osatzeko eskubidea, haien arraza, erlijioa edo herritartasunaren gainetik. Inork ezin du beste inor behartu ezkontzera. Ezkondutako bikoteetako kideek eskubide berberak dituzte familiaren barruan.
  17. artikulua: Pertsona guztiek dute jabetzak izateko eskubidea, eta inork ezin dizkie arrazoi zuzenik gabe kendu.
  18. artikulua: Gizakiek nahi dutena pentsatzeko, nahi duten erlijioa hautatzeko eta beren iritziak adierazteko eskubidea dute. Era berean, pentsamendua, erlijioa eta iritzia aldatzeko eskubidea ere badute.
  19. artikulua: Pertsona guztiek dute eskubidea informazioa bilatu eta jasotzeko eta nahi dutenari buruzko iritzia adierazteko eskubidea, baina inor iraindu gabe.
  20. artikulua: Gizaki guztiek dute talde edo elkarte bateko kideak izateko eskubidea haiek nahi dutenean, baina inork ezin du beste inor behartu talde edo elkarte bateko kide izatera nahi ez badu.
  21. artikulua: Pertsona guztiek dute beren agintariak aukeratzeko eskubidea, bai eta, aukeratuak badira, beren herriko gobernuan parte hartzeko. Pertsona guztiek dute halako adin batetik aurrera beren herrialdeetako agintariak aukeratzeko eskubidea. Botoak isilpekoa izan behar du, inork ez du zertan jakin zer bozkatzen duen beste pertsona batek.
  22. artikulua: Herrialde bakoitzeko agintariek beren herrikideak babestu eta defendatu behar dituzte, eta lagundu behar diete bizitzeko behar dutena eskuratzen.
  23. artikulua: Herrialde guztiek ahaleginak egin behar dituzte herrikideak ondo bizitzeko. Gizaki guztiek dute lan egiteko eta lanaren truke soldata duina jasotzeko eskubidea. Lan berdinagatik ordain berdina jaso behar da, eta langile guztiek eskubidea dute beren eskubideak babestuko dituzten elkarteak (sindikatuak) osatzeko.
  24. artikulua: Pertsona guztiek dute eskubidea lanetik atsedena hartzeko eta opor ordainduak izateko.
  25. artikulua: Gizaki guztiek bizimodua izateko eskubidea dute, hau da, bizitzeko behar duten ordaina jasotzeko, etxea izateko, eskolara joateko eta sendatzeko laguntza edukitzeko. Amek eta haurrek babes berezia izateko eskubidea dute. Ume guztiek eskubide berberak eduki behar dituzte beti.
  26. artikulua: Pertsona guztiek dute eskubidea heziketa jasotzeko eta lanerako prestakuntza izateko. Oinarrizko ikasketek doanekoak eta nahitaezkoak izan behar dute. Gurasoek eskubidea dute beren haurrentzako heziketa aukeratzeko. Hezkuntzak gizakien arteko elkarbizitza eta elkar-ulermena sustatu behar ditu.
  27. artikulua: Gizaki guztiek eskubidea dute liburuak irakurtzeko, zinera joateko, museoetara joateko eta edonolako kultura-jardueretan parte hartzeko. Pertsona batek liburu bat idatzi badu edota zerbait asmatu badu, eskubidea du horien egilea izan dela aitortua izateko.
  28. artikulua: Pertsona guztiek eskubidea dute Adierazpen honetan esandako guztia agintariek betetzeko eta betearazteko.
  29. artikulua: Pertsona guztiek errespetatu behar dituzte besteak. Gizakiek eskubideak dituzte, baina baita legeak betetzeko obligazioa ere. Pertsonen eskubideak ezin dira Nazio Batuen Erakundeak Adierazpen honetan aldarrikatutakoaren kontra egon.
  30. artikulua: Inork ezin du inolako jarduerarik egin Adierazpen honetan aitortuta dauden eskubideen aurka.