Espainiako hiru isurialdeak.

Iberiar penintsulako isurialde nagusiak bi dira: isurialde atlantikoa eta isurialde mediterranearra. Baina, lehenengoaren barruan, ezaugarri bereziak ditu isurialde kantauriarrak; horregatik, askotan esaten da hiru direla Iberiar penintsulako isurialdeak:

  • Isurialde kantauriarra: ura Kantauri itsasora isurtzen duten ibaiek eta haien arro hidrografikoek okupatzen duten lurraldea.
  • Isurialde atlantikoa: ura ozeano Atlantikoan isurtzen duten ibaiek eta haien arro hidrografikoek okupatzen duten lurraldea.
  • Isurialde mediterranearra: ura Mediterraneo itsasora isurtzen duten ibaiek eta haien arro hidrografikoek okupatzen duten lurraldea.

Isurialde kantauriarra

Isurialde honetako ibaien iturburuak Kantauri itsasotik nahiko hurbil egoten dira; horregatik, eta itsaso horretara isurtzen direnez, ibai nahiko laburrak izaten dira. Gainera, emaritsuak izaten dira (ur kantitate handitxoa eramaten dute) urte osoan zehar eta, horregatik esaten da erregimen erregularra izaten dutela.

Isurialde honetako ibairik aipagarrienak honako hauek dira mendebaldetik ekialdera:

Isurialde atlantikoa

Isurialde honetan, hiru ibai-multzo bereizi ohi dira:

  • Galiziako ibaiak: ez dira oso luzeak, Galiziako mendietan jaiotzen direlako. Isurialde kantauriarreko ibaien antzera, emaritsuak dira eta erregimen erregularra izaten dute, Galizia lurralde euritsua delako. Miño, Ulla eta Tambre dira ibairik aipagarrienak.
  • Iberiar goi-lautadako ibaiak: ibai luzeak dira, itsasotik urrun jaiotzen direlako; gainera, ibaiadar ugariren urak biltzen dituzte. Nahiko emaritsuak dira, oro har, baina udan nabaritu egiten da ur gutxiago garraiatzen dutela, lurralde lehorragokoak direlako. Duero, Tajo (Iberiar penintsulako luzeena) eta Guadiana dira ibai garrantzitsuenak.
  • Andaluziako ibaiak: Guadalquivir ibaia izan ezik, ibai laburrak dira, emari gutxikoak eta erregimen irregularra dute, lurralde lehorrekoak direlako. Guadalquivir ibaia, berriz, luzea da, Iberiar goi-lautadakoen antzera, bai eta emaritsua ere, ibaiadar asko dituelako. Odiel, Tinto eta Guadalete ibaiak dira isurialde atlantikoko beste ibai andaluziar nagusiak.

Isurialde mediterranearra

Ebro izan ezik, isurialde honetako ibaiak laburrak izaten dira, emari gutxikoak eta erregimen irregularrekoak, klima mediterraneoa duten lurraldeetakoak direlako. Isurialde honetako ibairik garrantzitsuenak, beraz, honako hauek dira:

  • Kataluniako ibaiak: Pirinioetan jaiotzen dira eta, horregatik, emari handia izaten dute, udan izan ezik. Ter, Tordera eta Llobregat dira aipagarrienak.
  • Ebro ibaia: oso luzea da (Espainiako luzeena) eta ibaiadar ugari ditu; beraz, oso emaritsua da, Pirinioetako eta Iberiar sistemako ura jasotzen duelako.
  • Levanteko ibaiak: laburrak dira, aldapatsuak, eta erregimen oso irregularra izaten dute: udan, lehorte handiak izaten dituzte, eta udazkenean, berriz, euri ugarien ondorioz, uholdeak eragiten dituzte askotan. Turia, Jucar eta Segura dira garrantzitsuenak.
  • Andaluziako ibaiak: isurialde mediterraneoko ibai andaluziarrak oso laburrak izaten dira eta urtearen zati handi batean ez dute urik izaten. Aldapatsuak izaten dira eta, horregatik, hilabete euritsuetan uholdeak eta kalteak eragiten dituzte. Guadalhorce eta Almandora dira garrantzitsuenak.

Ikusi, gainera