Estatu Batuen merkataritza-balantza erakusten duen irudia

Merkataritza-balantza deitzen zaio herrialde batek denbora-tarte jakin batean izan duen esportazioen eta inportazioen arteko aldeari, oro har urtebeteko tartean. Hau da, merkataritza-balantzak esaten digu nolako aldea dagoen herrialde batek erosten duen eta saltzen duenaren artean; hau da, beste herrialdeei saltzen dien ondasun eta produktuen balio pilatuaren (esportazioen) eta herrialde horrek besteei erositako ondasunen balio pilatuaren (inportazioen) artean.

Hainbat faktorek dute eragina herrialde baten inportazio eta esportazio mailan: kontsumitzaileek duten diru-kopurua, merkantziak garraiatzeko kostua, herrialdean bertan produktuek dituzten prezioak, kontsumitzaileei haien herrialdeko ala erbesteko produktuak gustatzen zaizkien gehiago, eta abar. Horrez gain, kontuan hartu behar da gobernuak nazioarteko merkataritzarako duen politika, merkatuaren aldaketak, moneten arteko kanbio-tasak eta beste kontu batzuk ere. Faktore horien guztien arabera, herrialde baten merkataritza-balantza orekan, superabit egoeran edo defizit egoeran egongo da.

Merkataritza-balantza positibo eta negatiboa

Merkataritza-balantzaren emaitza positiboa (superabita) edo negatiboa (defizita) izan daiteke: balantzaren emaitza positiboa da baldin eta esportazioak salduz lortutako diru-kopurua handiagoa bada inportazioengatik ordaindutakoa baino; horrelakoetan, herrialdearen merkataritza-balantzak superabita duela esaten da. Demagun herrialde batek 10.000.000 € balioko esportazioak egiten dituela eta 9.000.000 €-ko inportazioak; kasu horretan, merkataritza-balantzak 1.000.000 €-ko superabita du.

Aitzitik, esportazioekin lortutako dirua inportazioengatik ordaindutakoa baino txikiagoa bada, emaitza negatiboa da eta merkataritza-balantza defizit egoeran dago. Herrialde batek 15.000.000 €-ko balioan esportatzen badu eta 30.000.000 €-ren truke inportatzen badu, merkataritza-balantza defizit egoeran dago.

Azkenik, merkataritza-balantza orekatuta egotea ere gerta daiteke; hori lortzeko, herrialdeak diru kopuru beraren truke esportatu eta inportatu behar ditu ondasunak denbora-tarte jakin batean.