Noticias de Gipuzkoa Gipuzkoa egunkari bat da, 2005ean sortua. Berri, iritzi-artikulu eta erreportaje gehienak gaztelaniaz argitaratzen ditu; dena den, euskarazko albiste eta iritzi artikulu batzuk ere izaten ditu.

Egunero argitaratzen da, bai paperez eta baita euskarri digitalean ere; bi euskarrien artean ez dago ezberdintasunik edukiari dagokionez, biak berdinak dira eta erosleak albiste eta iritzi-artikulu berdinak irakur ditzake.

Egunkari honek Euskal Herria naziotzat dauka, Euskadi eta Espainiaren arteko bereizketa egiten baitu artikuluak ordenatzeko orduan.

Eskaintzen duen informazioa orotarikoa izaten da: gaur egungo arlo guztiak lantzen ditu (politika, kirola, gizartea, ekonomia, kultura etab). Sekzio bakoitzaren inguruan albiste ugari publikatzen dira egunero. Informazio hori Gipuzkoa eta Euskal Autonomi Erkidegokoa izaten da, baina tartea eskaintzen die Espainiako arazo eta gertaerei ere; nolanahi, aipagarria da Euskadi eta Espainiaren artean bereizketa egiten duela. Gipuzkoa eta Euskadiko gertaerek izaten dute lehentasuna; kirol arloan, adibidez, Reala futbol taldeak izaten du lehentasuna beste taldeekiko, talde horrentzako bakarrik sekzio bat dagoelako egunkarian.

Noticias de Gipuzkoak bere ibilbidea 2005ean hastea erabaki zuen eta Grupo Noticiasen barruan sartzea erabaki zuen (Deia, Noticias de Álava eta Diario de Noticias taldeekin batera). Bultzatzaileen helburua gipuzkoar gizartearen izaera islatzen zuen egunkari bat sortzea zen, ia 30 urte pasa baitzituzten gipuzkoarrentzat bakarrik zen egunkari bat izan gabe. 2005eko azaroaren 24an argitaratu zen lehen alea, Gipuzkoa osoan.

Hedabidearen lehen zuzendaria Pablo Muñoz izan zen, baina, denboraren poderioz, kargua uztea erabaki zuen eta gaur egun Eduardo Iribarren da zuzendaria.

Hedabidearen irakurle kopuruak gora egin du azken urteetan: webguneko bisitari kopuruak milioi bat baino handiagoa izatea lortu dute; lehenago, 2016ko apirilean zehazki, webgunearen bisitari kopurua ozta-ozta iristen zen 500.000ra. Beraz, 2016-2019 bitartean, kantitate hori bikoiztu baino gehiago egin zen.

Hedabidea sare sozialetan ere badago, Facebook, Instagram eta Twitterren kontua dauka eta. Facebook eta Twitter sare sozialak haien artikuluak zabaltzeko erabiltzen dituzte gehienbat, eta noizbehinka inkesta batzuk publikatzen dituzte. Aipatutako sare sozial hauek dira hedabidearen sare sozialik arrakastatsuenak, jarraitzaile kopuru handia dute eta. Instagram berriz, ez da batere arrakastatsua, baina sare sozial hori ez dute artikuluak zabaltzeko erabiltzen baizik eta gipuzkoako herritar batzuek istorioak kontatzeko.

Noticias de Gipuzkoak, Editorial Iparragirre eta Zeroa Multimedia sozietate anonimoekin batera egiten du lan. Zeroa Multimedia da Editorial Iparragirreren akzionista nagusia eta bere zuzendaria Jon Iñaki Alzaga da, Grupo Noticias-en barruan zer esan handia duen pertsona.