Xenofobia atzerritarrak gorrotatzen edo haien aurka dauden pertsonen jarrera da. Pertsona xenofoboek gorroto edo ezinikusia diete jatorri etniko edo geografiko edo nazionalitate ezberdina daukaten pertsonei edo atzerritartzat hartzen diren pertsonei.

Xenofobia hitza grezieratik dator, xeno (“arrotz” edo “atzerritar”) eta fobia (“beldurra”) hitzetatik.

Jarrera xenofoboak aurreiritzietan (norbait ezagutu ere egin gabe berari buruz izaten diren iritzi edo usteetan) oinarrituta daude eta arrazakeriarekin oso lotuta daude. Arrazakeriak pertsonen arteko ezberdintasun fisikoei ematen die garrantzia; horregatik, pertsona bat arrazista izan daiteke bere herrialde bereko pertsonekin. Xenofobiaren kasuan, etsaitasuna edo diskriminazioa edozein pertsonarekin gertatu daiteke, haren ezaugarri fisikoak edo itxura edonolakoak izanik ere.

Jarrera xenofoboak hainbat diskurtso politikotan ere azaltzen dira. Kasu batzuetan, ordezkari eta alderdi politikoek atzerritarrak eta etorkinak erabiltzen dituzte aitzakia moduan, beren herrialdeak dituen arazoen errudunak direla leporatzeko.


Migrazioa eta xenofobia

Pertsonak herrialde edo eskualde batetik beste batera mugitzen direnean, jarrera xenofoboak ager daitezke migratzaileen kontra daudenen ahotan. Leku batetik bestera joaten diren atzerritarren kasuan, xenofobiak ez du beti zerikusirik pertsonen kantitatearekin; batzuetan, ezta haien jatorriarekin ere: etorkin aberatsen aurka, ez da egoten xenofobiarik, bai ordea etorkin pobre edo txiroekin.

Xenofobiak bultzatzen duen aurreiritzi bat da atzerritarrak arriskutsuak direla haiek jasotzen dituen herrialdearentzat. Adibidez, gizartean etorkinen kopurua handitzean, gizarte horren balio tradizionalak galdu daitezkeela esaten dute xenofoboek.

Oso ohikoa da atzerritarrak inbasoreak, gaizkileak direla edo sozialki egokitu ezin direla esatea. Gainera, bertako biztanleei lana kentzen dietela ere esan ohi da sarritan, normalean lan-indar merkeagoa direlako.

Xenofobia egon daiteke, halaber, hainbat talde lehiatzen direnean baliabide mugatuengatik. Adibidez, etorkinei askotan leporatzen zaie osasun-zerbitzuak eta laguntza sozialak gehiegi erabiltzen dituztela.

Hainbat erakundek, elkartek eta instituziok etorkinak integratzeko lan egiten dute, baita haien eskubideak eta ekarpenak harrerako gizarteetan aitortuak izan daitezen ere.

Xenofobiaren aurka borrokatzeko erabiltzen den bide bat da langile etorkinen integrazio soziala bultzatzea harrerako herrialdeetan.


Nola azaltzen da xenofobia?

Xenofobia era ugaritan eta hainbat egoeratan azal daiteke. Hainbat modutan diskriminatu daitezke beste eskualde batetik etortzen diren pertsonak edo herrialde edo komunitate baten biztanleriaren jatorri ezberdina duten pertsonak.

Kasu batzuetan xenofobia modu argian azaltzen da, baina beste batzuetan ez da hain argia. Ikus ditzagun xenofobiak har ditzakeen hainbat forma:

  • Atzerritarren aurkako estereotipo negatiboak erabiltzea: adibidez, herrialde edo eskualde jakin bateko etorkinak “alferrak” edo “gaizkileak” direla esatea.
  • Gizarte-segregazioa edo gizarte-bazterketa: atzerriko pertsonak lekualdatzea eta ghettoak ezartzea (emigranteen ehuneko handiak dituzten auzoak edo eremuak).
  • Polizia- edo lege-jazarpena: legea modu selektiboan erabiltzea edo atzerriko pertsonak modu gogorragoan zigortzea delituengatik.
  • Komunikabideetan irudi txarra hedatzea: albistegietan atzerriko biztanleen delituak nabarmentzea.
  • Atzerritarren identitate kulturala suntsitzea eta asimilazio derrigortua: etorkinak edo atzerritarrak behartzea harrerako herrialdearen ohitura kulturalak hartzera eta haien ohitura propioak baztertzera.
  • Gaitzespena eta arbuioa: atzerritarrak eta errefuxiatuak kanporatzea, ageriko arrazoirik gabe.