Aitziber Arnaiz Garmendia

Euskara Teknikaria

Aitziber Arnaiz Garmendia (Oiartzun, Gipuzkoa, 1971ko apirilaren 22a) ibilbide luzeko euskara teknikaria eta euskaltzalea da. Oiartzun, Oarsoaldea eta Euskal Herri mailan egin du lana euskalgintzan. Herrigintzan aritua eta ezker-abertzaleko militantea.

Aitziber Arnaiz Garmendia

Bizitza
JaiotzaOiartzun1971ko apirilaren 22a (53 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakeuskara teknikaria

Facebook: aitziber.arnaiz Twitter: aitziarnaiz Instagram: aitziberarnaiz Edit the value on Wikidata

Haurtzaroa

Oiartzungo Altzibar auzoko Klarene Berri etxean jaioa. Aita, Jose Ramon Arnaiz Andrés, Pasai Donibanekoa. Ama, Lourdes Garmendia Bengoetxea, Pasai Antxokoa, euskaldun berria da eta urte askotan herrigintzan lanean aritua. Bi ahizpetan nagusiena da Aitziber eta Malen Frantsesena Arnaiz (2003-09-19) eta Oier Frantsesena Arnaizen (2010-04-21) ama.

Aitaren aldetik, aiton-amonak errioxarrak (Ezkarai eta Santo Domingo de la Calzadakoak) ziren eta amaren aldetik Altsasuarra amona eta Astigarragakoa aitona. Gurasoek ez zuten euskararik jaso etxean eta biak saiatu baziren ere, aitak lanean atzerrian egin behar izan zituen urteengatik, besteak beste, ama izan zen euskaldun oso izatea lortu zuena. Alabak ikastolan hastearekin batera, Oiartzungo gau eskolan eta Intxixu AEK euskaltegian jo eta kea aritu zen ikasi arte. Beraz, nahiz eta bikotearen ohiko hizkuntza gaztelania izan, arreta berezia jarri zioten hezkuntzan eta aisialdian alaben bizitzan euskarak toki garrantzitsua izan zezan: euskal kantu eta ipuinen zintak ez ziren falta etxean, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz ziren (antzerkia, pintura, musika, dantza…).

6 urte zituela aitak Holandara joan behar izan zuen lanera eta ama eta bi ahizpak Oiartzunen geratu ziren. Garai hartantxe izan zen Pello Añorgarekin antzerkian. Euskara praktikatzeko joaten zen larunbat goizetan ikastolara antzerkia egitera, baina hizkuntza praktikatzeko bakarrik ez, jendaurrean hitz egiten erraztasuna lortzeko ere balio izan zion antzerkigintzak. Antzerkigintzarekin batera, bertsolaritzak ere asko markatu zuen Aitziber. Antton Kazabon eta Kontxi Begiristainekin jasotako bertso-eskolek hizkuntzarekin gozatzeko aukera eman zioten. Eskolarteko txapelketan bapatekoan aritzera iritsi zen.[1]

Ikasketak eta militantzia

Haurtzaro ikastolan OHO amaituta, Orereta ikastolan egin zituen Batxilergo ikasketak. Han hasi zen Aitziberren ibilbide militantea. Batez ere gazte eta ikasle mugimenduan aritu zen 15 urterekin hasi eta AEKn 19rekin hasi arte.

Euskalgintzan hasi arte batez ere ikasle mugimenduan aritu zen. Hainbat ardura ere izan zituen. Lehenik Ikasle Koordinadoran eta gero Ikasle Abertzaleaken. Kuriositate gisa, Ikasle Abertzaleaken sorreran aktiboki aritu zenaren seinale, Iruñean izan zen asanblada fundazionalean akta jasotzen aritu zen oholtzan gabon haietako Punto y hora aldizkariko 536. zenbakiko 21. orrialdeko argazkian ikus daitekeen moduan.[2] Garai zoriontsuak, baina era berean, gogorrak bizi izan zituen orduan. Aipagarriak dira adibidez, inguruko hainbat gaztek jasandako erasoak eta etengabe izaten ziren mehatxuak.

Batxilergoa bukatuta zalantza handiak izan zituen ikasketak aukeratzerakoan: Arte Ederrak, Kazetaritza eta Euskal Filologia ziren hautagai eta hizkuntzarekiko eta herrigintzarekiko zuen atxikimenduak bultzatu zuen hirugarrena aukeratzera. Unibertsitate garaian ere ikasle mugimenduan jarraitu zuen.

Lana eta euskalgintza, uztartuta

1990-1997: Euskal filologiako ikasketekin hasi eta lehen ikasturtea bukatu bezain laster, uda hartan, egin zuen Donostian AEKren Glotodidaktika ikastaroa. Ordurako, Pasai Antxon lagun taldea zeukanez, bertako Txirrita AEK euskaltegian hasi zen eskolak ematen eta aurrerago hainbat ardura hartzen herri zein eskualde mailan.[3]

1997-1999: Oarsoaldeko AEKko arduradun zela izan zen Oiartzungo Intxixu AEK Euskaltegian irakasleen arteko banaketa. Une honetan eskualdeko irakaslegoak Aitziber Oiartzungo euskaltegira joatea hobetsi zuen. AEKn jarraitzea erabaki zuen irakasle taldearekin batera aritu zen hurrengo urteetan irakasle eta arduradun lanetan.

1999-2000: UEMAko EAEko herrietan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan) bultzatutako Alfabetatze kanpainaren koordinaketa: zinegotziekin bilerak, informazioa zabaldu eta jaso, materiala zabaldu,...

1999-2000: Garagardotegi batean aritu zen zerbitzari urtebetez, baina berehala itzuli zen euskalgintzara.

2000-2004: UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) euskara teknikari aritu zen.

2002: Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen sustatzailea eta sortzailea izan zen.[4]

2004ko maiatzaren 1etik Oiartzungo Udalean, Euskara teknikaria da.[5]

Militantzia

Politikagintzan: Gazte mugimenduan, euskalgintzan eta kulturgintzan egindako ibilbideaz gain, 2003ko udal hauteskundetan zinegotzigai aurkeztu zen Abertzaleon Oihartzuna taldearekin. Hau ere, aurrekoak eta ondorengoak bezala, ilegalizatua izan zen eta zinegotzi ilegalizatu gisa aritu zen Osoko Bilkura eta Batzordeetan parte hartzen Euskara teknikari postua atera zuen arte. Herriko Gure Esku ekimeneko partaide da, baita.[6] Kulturgintzan: Pagoarte Kultur elkarteko koordinatzaile izan zen 2000tik 2005era, Altzibarko Jai Batzordeko kide, e.a.

Zaletasunak

Estilo askotako musiken zalea, antzerki zale amorratua eta mendi zale berantiarra.[7]

Argazkigintza izan da oso gaztetatik beste zaletasun bat. Sakeleko telefonoan kamerarik ez geneukan garaietan ere, beti izaten zuen kamera txiki bat aldean (poltsoan, kotxeko guanteran…). Oiartzungo ekimen asko eta asko ditu jasoak bere etxeko albumetan eta ordenagailuan. Oiartzungo ekintza kultural askotako berrien argazkiak bereak izaten dira (Udaleko aldizkarian, Oarsoaldeko Hitzan...).

Sare sozialetan ere nahiko aktiboa da. Batez ere herriko ekitaldiak eta mendi ibilaldietan ikusten dituen paisaiak argitaratzen ditu. Bere argitalpenetan ez da oso ohikoa pertsonak agertzea.

Erreferentziak

Kanpo estekak