Armando Llanos

euskal arkeologoa

Armando Llanos Ortiz de Landaluze (Gasteiz, 1935eko abenduaren 3a) arabar diseinatzaile, espeleologo eta arkeologoa da.[1]

Armando Llanos


Eusko Legebiltzarkidea

1987ko urriaren 6a - 1990eko irailaren 3a
Alberto Ansola
Barrutia: Araba
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko III. legealdia

Eusko Legebiltzarkidea

1986ko uztailaren 9a - 1986ko urriaren 1a
Emilio Olabarria
Barrutia: Araba
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko II. legealdia
Bizitza
JaiotzaGasteiz1935eko abenduaren 3a (88 urte)
Herrialdea Araba, Euskal Herria
Familia
Ezkontidea(k)Nieves Urrutia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakarkeologoa, diseinatzailea eta espeleologoa
KidetzaAranzadi Zientzia Elkartea
Eusko Ikaskuntza
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

Datu biografikoak

Bartzelonan diseinua ikasi zuen, eta nagusiki Heraclio Fournier lantegian aritu zen material desberdinak diseinatuz (liburuak, argitalpenak, seiluak...). Lantegiaren Diseinu Sailaren zuzendari izatera ailegatu zen, 10 diseinatzaileren aginduetara. 1960ean Nieves Urrutiarekin ezkondu zen.[2]

Museografian ere aritu da, batez ere Araban baina baita Bilbon, Irunen edo Iruñean ere.

Arabako turismoaren sustapenean ere aitzindari izan zen, herrialdean zegoen ondarea ezagutarazteko.

Sariak

2002an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen[3].

2020ko irailaren 19an, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren eskutik Arabako Urrezko Domina jaso zuen.[4]

2023an, Sabino Arana Fundazioak Sabino Arana saria eman dio.[5]

Espeleologia

Nieves Urrutia eta beste lagun mendizaleekin batera, 1954 aldean lurpeko esplorazioan hasi zen. 1956ean, Manuel Iradier Exkurtsionista Taldearen (MIET) Espeleologia Sailean sartu ziren, Mairuelegorretako kobazuloaren esplorazioan buru belarri arituz;[6] bertan ikasi zituen topografia eta esplorazio teknikaren nondik norakoak.[7] Ostean, Arabako kobazuloen esplorazio eta katalogazio sistematikoan aritu ziren,[8] hala nola Gesal haitzuloan,[9] edo Done Bikendi Haranako karstean.[10] Formakuntzan sakonduz, 1957ean MIET-eko kideek karstaren zientziei buruzko ikastaroa jaso zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen eskutik;[11] urte horretan egin zuen Jose Miguel Barandiaranekin ezagupidea. Era berean, Euskal Espeleologoen Elkargoko bileretan ere parte hartzen zuten, Euskal Herriko beste espeleologoekin ezagutza-trukean arituz;[12] honen ondorioz, 1958an eginiko formakuntza ikastaro berrian Llanos bera kide berrien formakuntzan aritu zen, "topografia, datu bilketa eta uren koloreztatzeari" buruzko hitzaldia emanez hain zuzen ere.[13] Aro honetan MIET-eko kideek espeleologia zientifikoaren aldeko apostu garbia egin zuten, Llanos edo Adolfo Eraso bezalako kideekin;[14] 1959an, hain justu, IV Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatzeko ardura hartu zuten;[15] hori baino aste batzuk lehenago Mairuelegorretan gertatutako istripuaren erreskatean aritu zen Llanos.[16] Bioespeleologian ere aritu bazen ere -Enrique Balcells Bartzelonako Unibertsitateko irakaslearentzat saguzar laginak biltzen-,[17] 1950ko hamarkada amaieratik aurrera arkeologia arloan espezializatuko zen, hala nola Jokanoko Solacuevan aurkitutako aztarnategia aztertuz, edo Lazaldaiko haitzuloko labar-artea identifikatuz,[18] 1964a arte arkeologoa karstaren beste zientziekin eta esplorazioarekin txandakatuko zuen,[19][20] hortik aurrera bertan zentratuz.

Arkeologia

1957an aita Barandiaranen eskutik, arkeologian sakontzeari ekin zion. Harrezkero, hainbat indusketatan parte hartu du: Lezetxikin,[21] Ataurin,[22] Mañariako Atxuri leizean, Biarrizko Grotte du Pharen, Lantarongo Cabriana nekropolian, Pontevedrako Torres de Catoiran edo Erromatik gertu dagoen Gabiin.

Arkeologiarako Arabar Institutuaren sortzaileetako bat izan zen.1987. urtean, Arkeologiarako arabar Institutuarekin argitaratu zen Arabako Karta Arkeologikoaren lehenengo zenbakia osatu zuen lantaldea zuzendu zuen. Bertan, Araban 1983 arte aurkikuntzak jaso zituzten[23].

Arabako labar-arte eskematikoaren tipologian ere erreferentziazko espezialista da Llanos.[24]

Argitalpenak

Ehun argitalpen inguru dauzka,[25] artikulu zientifiko, kongresurako irakurketa, gidetako edukiak, eta abarretan. Hauek dira horietako batzuk:

  • 1974. José Ignacio Vegas Arambururekin batera: "Ensayo de un método para el estudio y clasificación tipológica de la cerámica". Estudios de arqueología alavesa, 6. Arkeologiarako Arabar Institutua. ISBN: 8450064953, 9788450064957
  • 1983. La Hoya: un poblado del primer milenio antes de Cristo. Gasteiz. Arabako Foru Aldundia.
  • 2005. Mila urteko bizitza. La Hoyako beroi herrian Laguardian, Laguardia-Alava. Guida. Arabako Foru Aldundia. Argitalpenak Zerbitzua. ISBN: 978-84-7821-626-0
  • 2006. Defentsarako arkitektura. Euskal Herriko gazteluak eta dorre gotorrak = Una arquitectura defensiva : castillos y torres fuertes del País Vasco. Zurea eta denona. ISBN: 978-84-457-2433-0
  • 2014. Barbacana: urmael zeltiberiarra = Barbacana : estanque celtibérico. Gasteiz. Ura, Uraren euskal agentzia : Arkeologiarako arabar institutua.
  • 2018. Arabako Errioxa, espazio arkeologikoa = Rioja Alavesa, espacio arqueológico. Bisita Gida. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia

Erreferentziak

Kanpo estekak