Auzolan

Auzolana auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egiteko sistema da, Euskal Herriko landa lurretan oso sustraitua. Hasiera batean, auzokoen artean egindako lanak (batik bat herriko eta basoetako toki komunetan) adierazteko erabili ohi zen. Gaur egun lankidetzaren sinonimotzat erabiltzen da.

Laialariak.

Europa osoan zehar daude auzolanaren adibideak eta izen ugari ditu fenomeno honek; gazteleraz vereda, asturieraz andecha, eta euskaraz auzolan edo artaxuriketan ere deitu izan da.

Auzolan mota tradizionalak

Bi auzolan mota egon liztezke: Auzolan handia eta auzolan txikia, bata edo bestera deituak izan diren auzotarrak euren gurdiekin edota euren igitai, sega, eskuare, eta abarrekin joan litezke.

Inolako diru ordainik jaso gabe aritzen dira auzolanean biztanleak, ordaina, auzo eta herrientzako mesedea izanik. Lan honek partaidetza bultzatzen du eta herriarenganako edo auzoarenganako sentipenak ere indartzen ditu[1].

Auzolan tradizionaleko ezaugarriak

Auzolanaren helburua auzotarren doaineko lanaren bidez denontzako onuragarria den zeozer burutzea edo gauzatzea da. Herriko udaletxean edota auzotarren biltzar baten bidez auzolana, non, nola eta zeintzuk gauzatuko duten erabaki ohi da. Auzolanaren bitartez nagusiki herri bideen irekiera edota mantenua burutzen da, baita eliza, baseliza edota eraikin publikoen eraikuntza, edo auzotar batek beharra duenean laguntza gisa ere egin ohi da.

Urtero irailean auzolan orokorra egin ohi zen (eta egin ohi da), eta auzolan berezia udaberri aldera izan ohi da. Auzo bakoitzeko biltzar bakoitzak auzotar bakoitzari auzolana zein egun, leku eta ordutan egingo den jakinarazten dio. Edozein arrazoiengatik ezin joana duen auzotarrak bere ordezkoa bidali beharra du.

Gaur egungo hitzaren erabilera

Gaur egun Euskal Herrian auzolana indarrean dago, zenbait kasutan antzinako forma erabiliz eta beste zenbait kasutan garaiko forma berriak hartuz. Ekonomia eredu berri jasangarriak tarteko, jende askok bat egiten du auzolanaren filosofiarekin.

Urbanizazio prozesuaren ondorioz, euskaldun gehienak hirietan bizi dira. Honen ondorioz bere esan nahia zabaldu da. Arestian esan bezala era aske eta boluntarioan egindako lankidetzaren sinonimotzat hartzen da. Boluntarioki eta dirurik jaso gabeko auzo, herri, eskualde, ideologia edo zerbaiten aldeko ekintzari deritzo.

Erreka garbitzeko auzolana Bergaran.

Auzolanaren kontzeptua aldatu da baina gauza batzuk berdin jarraitzen duteː doakotasuna eta partaidetza bultzatzen du eta ideologia baten edo eta herriarenganako edo auzoarenganako sentipenak indartzen ditu beharrizan berriei egokituz, hurrengo adibideetan agertzen den bezela.

2018. urteko adibideak

  • Ikastolen jai txiki eta nagusiak antolatzeko eta bertan laguntasuna emateko; Ibilaldia, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Kilometroak.
  • Zarautzen Hator taldeak hainbat ekintza burutu zituen, Torreoiaren berreskuratzea adibidez.
  • Bermeoko Portuaren itsas hondoa garbitzeko auzolana antolatu zuen[2].
  • Donostiako Uliako Lore-Baratzak taldea, 21. mendeko haurrek garai bateko jolas eta jokuak ezagutu zitzaten 20. mendeko jokuak sortu zituzten[3].
  • Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzarekin Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana egin zuten.
  • Zerainen garatutako "paisaia kulturalari" buruzko proiektuak auzolana zuen oinarri[4].
  • Lizoainibarko Parke Zelta 2009tik aurrera herritarrek auzolanean eraikitako parkea da[5].

Bibliografia

Erreferentziak

Kanpo estekak