Domino

Artikulu hau jokoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Domino (argipena)».

Dominoa zenbakidun bi karratuz osaturiko piezez jokatzen den mahai-jokoa da. Jokatzeko erabiltzen diren pieza horien multzoa izendatzeko ere erabiltzen da domino hitza. Bertsio ohikoenean, 28 piezak osatzen dute dominoa: pieza bakoitzak 0tik 6rako puntu-kopuru bana erakusten du bi karratuetan (0-0, 0-1, ..., 0-6, ..., 2-0, ..., 2-6, ..., 6-6), puntu kopuruak errepikatuz, baina ordena kontuan hartu gabe (1-3 eta 3-1 puntuekin pieza bakarra dago). Badira 55 eta 136 piezako aldaerak, 0tik 9ra eta 0tik 12ra doazenak, hurrenez hurren.[1]

Domino jokorako piezak

Jokatzeko era anitz dago, baina gehienetan jokalariei pieza kopuru bat banatzen zaie eta txandaka mahai-gainean piezak jartzen joaten dira, bata bestearen ondoan, jartzen duten piezako zenbakia mahaiko piezen multzoko muturretako zenbaki berdin batekin lotuz; azkenean, piezarik gabe geratzen den jokalariak irabazten du.

Dominoa aski hedatua den jokoa da, eta federazioak eta lehiaketa ofizialak existitzen dira.

Historia

Txinakoak dira domino jokoaren erreferentzia zaharrenak, XIII. mendekoak. Sei aldeko dado parearen ondorengo zuzentzat jotzen da. Txinako domino zaharrek fitxa bikoitz pare bat zuten zenbakiko, eta ez zuten balio zurikorik (1etik 6ra zihoazen balioak). Mah Jong izeneko jokoarekin lotura zuela uste da.

Dominoa XVIII. mendean italian sartu zen eta gerora europa osora zabaldu zen. Orduan hartu ei zuen gaur egungo itxura. Ameriketara ere heldu zen, espainiar konkistatzaileen eskutik. Gaur egun tradizio handiko jokoa da bertako herrialdeetan.

Arau orokorrak

Domino jokoak aldaera ugari dituenez, atal honetan arau orokorrak azalduko dira.

Jokalariak

Aldaera batzuetan binaka aritzen diren lau jokalarik jokatzen dute, baina badira banakako taldetan jokatzen direnak ere. Hasi aitzin, fitxa guztiak jokalarien artean banatzen dira.

Helburua

Jokoaren helburua puntu kopuru jakin bat biltzea da. Horretarako erronda ezberdinak jokatuko dira. Erronda bakoitzaren helburua fitxa guztiak kokatzea da, hori lortzen duen lehen jokalariak erronda irabaziko duelarik. Errondaren bukaeran kokatu ez diren fitxen araberako puntuazioa bilduko du. Errondetan zehar puntuak batuz puntu kopuru jakin batera heltzen denak irabazten du jokoa.

Jokoaren mekanika

Domino partida bat.

Aurrez erabakitzen da zein jokalarik hasiko duen jokoa. Normalki txandaka egiten da, baina lehen errondan ohikoa da seiko bikoitza duen jokalaria hastea.

Jokalariek, txandaka, fitxak ezarriko dituzte mahai gainean kate bat sortuz. Fitxa bat katearen muturreko zenbakiarekin bat egiteko moduan soilik ezar daiteke. Ohituraz, fitxa bikoitzak zeharka ezartzen dira.

Fitxa joka dezakeen jokalaria fitxa bat ezartzera behartua da. Fitxarik ezar ezin badezake, paso egin behar du eta txanda hurrengo jokalariari egokituko zaio.

Joko eraginkorra burutzeko, jokalariek jokatzeke dauden piezak gogoan ukan behar ditu, eta besteek jokatutakoaren arabera jokalari bakoitzak zeintzuk dituen ondorioztatu.

Orokorrean, guztiz debekatua da norbere piezei buruzko informazioa beste jokalariei helaraztea.

Amaiera

Erronda bi kasutan buka daiteke:

  • Jokalari batek bere azken fitxa katean ezartzen duenean. Erronda jokalari horrek irabazten du.
  • Ezein jokalarik ezin duenean fitxa gehiagorik jarri. Katea ixtea deritzo horri. Eskuetan puntu gutxien dituen jokalariak irabazten du (edo taldeka jokatzen bada, puntu gutxien duen taldeak).

Erronda bukatzean irabazleak arerioen puntuak kontatuko ditu eta horren araberako puntuazioa izanen du. Behar beste erronda jokatuko dira aurrez ezarritako puntu kopuru bat erdietsi arte.

Txandaka jokatzen denez, erronda hasten duen jokalariak berezko abantaila du, inork pasorik egin ezean bera izango baita irabazlea. Erronda hasten duenari esku deitzen zaio.

Zenbait jokaldi
JokaldiaAzalpena
IrekiJokatzen hasi edo Domino jokoaren mutur itxi bat zabaldu
ItxiDomino jokoaren muturretako bat edo biak fitxa gehiagorik jartzeko aukerarik gabe utzi

Jokoa bukatu

ItxitaDomino jokoaren muturretako batean edo bietan fitxa gehiagorik jartzeko aukerarik ez dagoenean (jokalari batek bidea kontrolatzen duelako edo zenbaki horretako fitxak bukatu direlako).
Bikotea jarriZazpi bikoteetako bat ipini

Fitxen izenak

Piezek bi alde dituzte eta bakoitzean kopuru bat adierazten da. Beraz, kasu honetan fitxa bakoitzaren izena bi zenbakiz osaturik dago. Handitik txikira izendatuta honela deitzen dio Santi Angulok:[2]

DOMINOKO FITXAK
Seiko zuriaBosteko zuriaLauko bataHiruko hirua
Seiko bataBosteko bataLauko biaBiko zuria
Seiko biaBosteko biaLauko hiruaBiko bata
Seiko hiruaBosteko hiruaLauko lauaBiko bia
Seiko lauaBosteko lauaHiruko zuriaBateko zuria
Seiko bostaBosteko bostaHiruko bataBateko bata
Seiko seiaLauko zuriaHiruko zuriaZuriko zuria

Seiko seiari seiko bikotea ere esaten zaio; bosteko bostari bosteko bikoitza... eta horrela beste guztiekin ere bai.

Binakako dominoa

Aldaera gehienetan bi jokalariko bi talde elkarren kontra arituko dira. Pieza guztiak banatuko dira, 28 piezako jokoan bakoitzari zazpi suertatuko zaizkiolarik. Taldekideetako bat bere azken pieza jokatzeko gai baldin bada, bera eta taldekidea izango dira errondaren irabazleak, taldekideak eskuetan zernahi pieza dituela ere. Taldekideek elkarri lagundu behar diote bietako bat pieza guztiak kokatzen lehena izan dadin, eta aurkariei piezak jokatzea oztopatzeko.

Aldaerak

Kuban jokatzen den aldaera bat: Zenbakiak 9rartekoak izateaz gain, zenbait pieza "lo" uzten dituzte partidan zehar erabiltzeko (ezkerrean)

Tokiaren arabera puntuen kontaketa eta lortu beharreko puntu kopurua aldatzen dira. Jokoaren beste elementu aldakor bat katea ixtean errondaren irabazlea hautatzeko moduan datza. Susma daitekeen moduan, aldaera horiek ez dute jokoaren mekanikan eragin ikaragarririk, baina badira aldaera bereziagoak ere:

  • Zenbait aldaeratan ez dira fitxa guztiak banatzen, eta fitxa batzuk alde batera uzten dira, jokotik kanpo edo jokalari batek paso egitean erabiltzeko; fitxa jarri ezin duen jokalariak jokoan ez dauden fitxetako bat hartu behar du.
  • Gehienetan fitxa kate bakarra osatzen bada ere, badira baldintza batzuetan beso anitzeko kateak osatzen dituzten aldaerak.
  • Zenbait jokotan paso egitea posible da pieza ezartzeko aukera izanik ere.

Domino bereziak

Ohiko dominoa 0tik 6ra doazen zenbaki pareak dituzten pieza laukizuzenek osatzen duten arren, badira beste motatakoak ere:

Triomino jokoa, pieza triangeluarrak oinarri dituen dominoa
  • Domino zabalduak: zenbaki tarte handiagoa dutenak dira. 0tik 9rakoak, 0tik 12rakoak... Baliatuak dira 4 baino pertsona gehiagok jokatu nahi dutenean edo hasieran pieza guztiak banatu gabe jokatzen den aldaeretan.
  • Kontzeptu-dominoak: domino hauek beste nolabaiteko elementuak dituzte irudien ordez. Irudiak, koloreak, hitzak... Anitz erabiltzen dira hezkuntza arloan, ikasleekin kontzeptu zehatz batzuk lantzeko.
  • Geometria berezikoak: badira hiruki formako piezak dituztenak, hexagono formakoak... Batzuek domino arrunten moduan zenbakiak erabiltzen dituzte, baina badira baliabide geometrikoak dituztenak ere.

Beste erabilera batzuk

Domino ikuskizuna, hasteko prest

Jokotzat har daitekeen eztabaidagarria den harren, dominoen erabilera ikusgarriena "domino-efektua" baliatuz sortzen diren ikuskizunak dira.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak