Jokoenea

Webgunea eta museoa Donostian munduko 1000 joko erakusten dituena

Jokoenea munduko bost kontinenteetako jokoak biltzen dituen euskarazko webgunea eta museoa da, bai eta horien arau, argazki, historia, artikulu eta hainbat ezaugarri ere.[1][2][3]

Jokoenea
Jatorria
Sortzailea(k)Patxi Angulo Martin
Sorrera-urtea2018
Ezaugarriak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°18′12″N 2°00′24″W / 43.30332643°N 2.00671696°W / 43.30332643; -2.00671696
Map
jokoenea.eus

Egoitza fisikoa Donostian dago, Errotaburu auzoan. Patxi Angulo Martin matematika-irakasleak sortu zuen 2018an. 1997an liburu bat argitaratu zuen mundu zehar aurkitu daitezkeen jokoei buruz. eta 20 urte geroago antolatu du museo hau.[4][3][5]

Ezaugarriak

Jokoenea ez da webgune huts bat, Jokoenea Ibaetan dagoen museo bat ere bada, Patxi Angulok urte askoan zehar munduko hainbat bazterretatik lortutako 1.000 joko inguru ikus daitezke bertan.

Dohainik bisita daiteke eta bertan jokoetan aritu. Jokoei buruzko hainbat informazio aurkitu daiteke bertan, hala nola historia, arauak, nomenklatura, argazkiak, liburuak….

Bertan hainbat joko mota azaltzen dira: bakar-jokoak, dado-jokoak, domino-jokoak, karta-jokoak. eta taula-jokoak.

Jokoen historia antzinako garaietatik dator, kultura eta garai guztietan aurkitzen ditugu jokoak. Antzinateko jokoak zein joko sortu berriak biltzen ditu Jokoeneak. Euskal kulturan ohikoak diren jokoak ez ezik, guretzat exotikoak direnak ere bildu ditu.

«Egungo jendartean eskas sumatzen den belaunaldiartekotasuna jokoaren bidez zertzen zen lehen. Aita, edo ama, haurrekin aritzen zen kartetan; aitona-amonak bilobekin. Eta familia otorduen ostean konturatuko zinen nerabe bat, umeagoengandik urrundu eta helduen mahaira hurbiltzen zela, hango jokalarien gorabeherak ulertu nahirik. Handik piska batera Institutuan hasiko zen, eta zerbait ikasita joatea komeni zitzaion. Jokoan hizkuntza ere transmititzen zen. Nola oilartu. Nola erronka jo. Nola zorte txarra madarikatu. Nola zirikatu aurkaria...

Joko aretoek jokoak zekarrenaren kontrakoa dakarte hain juxtu: bakardadea, hizkuntzarik eza, egiazko garbantzuak galtzeko arriskua, itomena.

»

Andoni Egaña[6]


Museoa sortzeko motibazioa

Patxi Angulo Jokoenean jolasean.

Aspaldikoa da ideia. Jokoak erosten hasi zen pixkanaka, zaletasun horretaz jakinda lagunak jokoak oparitzen hasi ziren… Inolako asmo berezirik gabe hasi zen horrelakoak biltzen, baina 1998an Londresera egindako bidaiatxo batean oso erakargarri egiten zitzaizkion joko ugari ezagutu zituen. Bertakoek jokoak biltzeko zaletasuna bazutela ere ikusi zuen, azoketan ere bazela mugimendua mahai-jokoen inguruan… Londrestik bueltan jada mundu osoko jokoen bilduma bat egitea erabaki zuen. Horrela sortu zen ideia.[1]

Gainera, jendea Londresko pubetan mahai jokoekin oso lasai aritzen zela ikusi zuen bakoitza bere txokoan, garagardo batekin… Horixe bera egin nahi zuen Patxi Angulok ere: txoko bat, jokoekin, kafe bat edo garagardo bat hartzeko prestatuta… Museo kafetegiaren proiektua bururatu zitzaion hasieran, baina museo bat jartzea erabaki zuen azkenean.[1]

Mundu zabaleko jokoak

Jokoenean beste askoren artean 1997an Patxi Angulok argitaratu zuen Mundu, zabaleko jokoak, jokoen mundu zabala liburukoak aurkitu daitezke, esaterako hauek:

Bakar-jokoak

Kartetako bakar-jokoak: Hamabosta, Harpa, Lore-azaoa, Xirula, Zabaldua

Bestelako Bakar-jokoak: Afrikako buruhausgarria, Bakar-jokoa, Hanoiko dorreak, Pentaminoa, Soma, Tangram, Txinako bakar-jokoa

Dado-jokoak

Gezurtia, Kirikia, Lasterketa, Tortoloxak

Domino-jokoak

Dominoa, Hexagramak, Garrafina, Hiltzailea

Karta-jokoak

Azken altxaldia, Bihotzak, Kontinentala, Mah jong, Rumi, Ustela

Taula-jokoak

Aurrez aurreko jokoak, Gala, baserritarren xakea, Shaturanga, Shogi, Japoniako xakea, Xiangqi, Txinako xakea, Alkerke, Fanorona, Seeg, Yote, Zamma, Abalone, Go edo Weiqi, Mu torere, Reversi, Azeria eta antzarak, Bagha chal, Erasoa, Erbia inguratu, Hnefatafl, Leopardoen jokoak, Rimau-rimau, Tablut

Egituraketa-jokoak

Halma, Piramidea, Salta, Txinako damak, Errotak, Go-bang, Hex, Havannah, Lasterketa-jokoak, Antzara, Asi keliya, Backgammon, Barrikadak, Kerala, Nyout, Partxisa edo Ludoa, Patol, Patolli, Saturankam, Senet, Tabula, Ur-eko erret jokoa, Mankalak, Awari, Congklak, Mbau, Gabata, Hus, Mefuhva.

Jolasteko esapideak

Joko arruntetan euskaraz erabiltzen diren esapide batzuk bildu zituen Santiago Angulok:[7]

EsapideaEsanahi
Jolasean, jokoan aritu, ibili, jardun...Mugimendua eskatzen baitu eta egon hitzak egoera adierazten du.
Ausazko jokoaProbabilitate hutsaren araberako jokoa
Huts ala beteBi eskuetako batean zerbait jarriz egiten den zozketan esaten da.
Ogi ala ardoTxanpon, harri edo beste zerbait airetara boteaz eta lurrera erortzen utziz egiten den zozketan esaten da.
Zotz eginHau pagotxa, hau! Hori bitsa, hori!
Zer dela eta zer dela...Asmakizunen hasieran esaten da.
Baietz... / Ezetz... (irabazi, sartu...)Postuetan edota zerbait egin nahian erabiltzen da, aditza infinitiboan jarriz.
Tati eginHaurrek eskaini eta ez eman egiten dutenean.
NorgehiagokaLehian, txapelketan ari direlarik esaten da.
Buruz buruBata bestearen aurka ari direnean esaten da.
Bitsa / Pagotxa / Zorte onaHau pagotxa, hau! Hori bitsa, hori!
Balbea / Zorte txarraHau balbea, hau! Hori balbea, hori!
Hiruko lerroa, lauko lerroaHiruzpalau fitxa lerro berean eta jarraian jartzean dautzan joko batzuen helburua
Jana / harrapatuaBeste jokalariaren pieza kanporatu
Jokaldia / partida jan (dugu, dute...)Jokaldia edo partida irabazi
(Jokaldia/partida) jana daukat, daukaIrabaztear dagoelarik erabiltzen da.
Airez aire eraman (du, eramango duzu)Aise, erraz irabazten denean esaten da.
NagusiIrabazle
Zuek adinean geratu (gara...)Berdin geratu, berdindu
Mendean eduki (dauzkat, nauka...)Batek aurkakoak bere menpe dituenean
Menderatu (dituzu.../ gaituzte...)Aurkakoak garaitu, irabazi
Aurrea hartu (diegu...)Aurkakoen aurretik jarri
Aldea atera (digute...)Batek aurkakoari diferentzia atera
Marka ondu /marka hautsiMarka hobea lortu
Amore eman (amore ematen dut...)Etsi (etsi egiten dut...)
Ase (ase naiz...)Joko batean edo asmakizun batean gehiago ezin denean esaten da.
Purrukatu (naute...)Jokoetan lur jota utzi, jipoi ederra hartu.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak