Emakume bizardun

Emakume bizardunak bizarra izateagatik estigma handia pairatu izan duten emakumeak dira. Batzuetan munstro, beste batzuetan gaixo, bitxikeria bezala aurkeztu izan dira jendartearen barreak eta trufa bilatuz.

Testuingurua

Emakume gutxi batzuk dute nahikoa ile bizarra izateko. Bizarraren hazkundea obulutegi polikistikoen sindromearen, androgeno gehiegi izatearen (hirtsutismo) edo hipertrikosi izeneko nahaste genetiko arraro baten ondorio izan daiteke.[1] Kasu batzuetan, herentzia genetikoaren ondorio izan daiteke ere.[2]

Hapshepsut bizarrarekin

Mendez mende

Antzinaroko hainbat kulturetan emakume bizardunak ez ziren gutxiezten eta haien bizarra boterearen erakusle izan zitekeen ere, horren adibide dira Babiloniako Ishtar, Egiptoko Hapshepsut edota Zipren topatu zen Venus Barbata.[3][4]

Erromatar inperioan ordea, emakume bizardunak munstroekin eta zorigaitzekin lotu zituzten besteak beste, Giambattista Della Portak bere De humana physiognomonia izeneko obran.[3]

Bere aldetik, VIII. mendean Karolingioek Mariaren bertsio bizarduna zabaldu zuten.[5][6] XII. mendean, Giraldus Cambrensisek Topographia Hibernica idatzi zuen, non Irlandari buruzko pasarte batean emakume bizardun bati buruz aritzen da.[7] XIV. mendean Alemanian garatutako Santa Liberataren bertsioan bizarra ateratzen zaio behartutako ezkontza bat saihesteko.[8] Avilako Santa Paula Barbadaren mitoan ere birjina den neskato baten kontrako eraso sexual bat eragosteko bizarra ateratzen zaio mirariz.[9][10][11][12]

XVI. eta XVII. mendeko arte eta zientzia

Magdalena Ventura, Josupe de Riberaren erretratua (1631)

XVI. eta XVII. mendeetan izen abizenak dituzten emakume bizardunen erretratuak ditugu. Izan ere, garai honetako errege-erreginen gorteetan ohikoa zen bitxiak egiten zitzaizkien pertsonak jasotzea haien entretenimendurako, besteak beste, nanismoa zutenak. Itsusiak edota arraroak egiten zitzaizkien pertsonaz inguratzeak haien dotorezia eta edertasuna nabarmentzen zituztela uste zuten. Bitxikeriz inguratzearen ohitura hau Habsburgo dinastiarekin lotzen da batez ere eta horren ondorio dira hurrengo pertsonen margolanak:[13] Antonietta Gonsalvus,[13] Helena Antonia, Brígida del Río, Peñarandako emakume bizarduna,[14] edota Magdalena Venturarena.[15][16] Azken bi hauek Pradoko Museoan daude.

Hainbat izan ziren haien literaturan emakume bizardunak txertatu zituzten idazleak, haien artean aipatzekoa da Miguel de Cervantesen On Kixote Mantxakoa non Trifaldiko kondesa bizarduna eta bere emakume bizardunen gortea agertzen diren.[17] Shakespearek ere aipatu zituen Macbethen.

Bizarra Humoreen teoriarekin, bero gehiegi zutelaren ustea, eta emakume hauen sexualitatearekin lotzen zen, moral haren arabera ohitura lizunak izaten zituztelako.[14][18] Garaiko hainbat zientzialarik Humoreen teoria hau aplikatu zuten emakume bizardunekin, Juan Huarte de San Juan adibide. Beste batzuk, Ambroise Paré adibide munstroekin parekatu zituzten.[17] Parék ustez bapatean bizarra ateratzen zitzaien emakumeen kasuak ikertu zituen María Garnier eta María Muñoz adibide, zeintzuk esfortzu handiko lanak egin eta gero (nekazaritza eta abeltzaintza) gizon bihurtu ziren.[19] Inkisizioak bere aldetik, sorginekin parekatu zituen.[20][21]

Harnaam Kaur, britaniar modelo eta aktibista.

XVIII. mendeko zientzia

1732an emakume bizardun baten autopsia egin zuten, Rosina Margarita Mullerin izan zen lehenengo emakume hori.[22] María José Galé ikerlariaren arabera, gertaera hau giltzarri bai izan zen eta ordutik aurrera emakume bizardunek haien emetasuna frogatu behar izan zuten.[23]

XIX. mendeko bitxikeria-ikuskizun eta zirkuak

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran emakume bizardunak zirku edota bitxikeria-ikuskizunetan erakusten ziren[24], horren adibide dira Bárbara Urselin,[13] Julia Pastrana,[25][26] Josephine Clofullia,[27] Krao Farini,[28] Jane Barnell, Annie Jones[29], Madame Devere[30] eta Alice Elizabeth Doherty, bi urterekin jada jendartean aurkeztu zuten bere gurasoek.[31] Zuriak ez ziren emakume bizardunen kasuan, Julia Pastrana adibide, haien gizatasuna ere zalantzan jartzen zen, Darwinek adibidez tximinoekin parekatu zituen, bere teoriaren adiera arrazistan.[22] Clémentine Delait[32] eta Jane Barnell[33] zirkutik ateratzea lortu zuten.

XX. eta XXI. mendeko emakume bizardunak

Egun ere badira zirkuan edota arteetan jarduten duten emakume bizardunak[34], hauek ordea ikuspegi feminista batetik, edertasun eredua zalantzan jartzen saiatzen dira, horren adibide dira Jennifer Miller, Vivian Wheeler,[35][36] Annalisa Hackleman[37] edota Harnaam Kaur.[38]

Bibliografia

  • Pilar Pedraza (2009). Venus barbuda y el eslabón perdido. Siruela
  • Pilar Pedraza (2019). El salvaje interior y la mujer barbuda. Levanta Fuego
  • María José Galé (2016). Mujeres barbudas. Cuerpos Singulares. Bellaterra

Erreferentziak

Kanpo esketak