Felisa Basauri Larrañaga

Baserritarra, esne-saltzailea

Felisa Basauri Larrañaga (Elgeta, Gipuzkoa, 1928 - 2018ko abuztuaren 6a)[1] baserritarra izan zen, esne-saltzailea.

Felisa Basauri Larrañaga
Bizitza
JaiotzaElgeta, 1928
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaElgeta2018ko abuztuaren 6a (89/90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jardueraknekazaria

Bizitza

Felisa Basauri Elgetako Aixola Erreka auzoko Aixola baserrian jaio zen, aitaren bigarren ezkontzako bost seme-alabatatik gazteena. Aita Elgetakoa zen eta ama, berriz, Bergarako Angiozar auzoko Errotatik Elgetara joandakoa.[2]

Eskola

Sei urterekin hasi zen eskolan “Unión Apostólica”ko mojekin. Gerraostean eskola publikora joan behar izan zuen, baina mojen eskolan bukatu zituen ikasketak.

Eskola eta doktrina erdaraz ikasi zituen. Eskolan doktrina irakasten zien abadeak. Mutilekin dantza egiteagatik zigortu egiten zituen. Eskolan borrokan egiteagatik ere zigorra jasotzen zuten. Hilean ostiral batean, goizeko zortzietako meza entzutera joaten ziren, baraurik. Gero Panaderokua tabernan gosaldu eta eskolara joaten ziren. Eskolara bidean, zapi baten bildutako bazkaria esekita uzten zuen Kipulakoa izeneko etxean, bazkal orduan jatera etortzeko. Eguraldi hotzarekin, amak kafesnea jartzen zien botila batean, Kipulakoan berotuta hartzeko.

Felisaren umetako jolasak: Txirikilan, bale-baleka, pagoka, tortoloska, sokasaltoka eta diaboloa. Kromotan karamelu paperekin jolasten zuten.

Gaztaroa

Hijas de María kongregazioan parte hartu zuen eta han egon zeneko betebeharrak eta zigorrak zaila zen ahaztea. Goizean 06:30eko mezatara, eta arratsaldean bezperetara joan behar izaten zuten kalera. Mutilekin dantza egitea debekatuta zegoen.

Eskolak bukatu eta baserrian geratu zen Felisa. Neba zaharrena etxean geratu zen, baina beste nebak lantegira eta ahizpak neskame joan ziren. Felisak ardiak jezten ere ikasi zuen. Esnea eramaten zuen egunero Eibarrera astoarekin, eta bezeroei banatu. Baserriko lan guztietan hartzen zuen parte, eta baita etxeko lanetan ere.

16 bat urte zituenean hamar bat behi eta idiak zituzten baserrian, baita 60 bat ardi ere. Mendiko Basobaltz txabolan ardiak jezten zituenean, marmitarekin gauez bueltatzen zen etxera, mozoloen kantuekin beldurtuta. Bidean eskekoren batekin topo egiteak ere beldurtzen zuen.

Gerra

1936ko Gerra denboran, frontea etxetik hur zegoen. Bonba batzuk etxetik gertu lehertu ziren, eta leihoetan koltxoiak ipini zituzten, balak gelditzeko. Nazionalek Elgeta hartu zutenean, milizianoek atzera egin zuten eta Aixola baserri ondotik pasatu ziren. Hildako asko egon omen zen. Hildakoak (ezezagunak) lurperatu eta hilobiei gurutzea jarri zieten.

Felisak ez zuen seniderik galdu gerran. Milizianoak etxera joaten zitzaizkien, taloak esnearekin hartzera. Etxean ez zuten nahikoa esne izaten milizianoak asetzeko. Etxean gerratik babes bila etorritako elgetarrak eta eibartarrak izan zituzten.

Aixolako urtegia

Aixolako urtegia

Felisak gogoan ditu Aixolako urtegia egin zutenean urpean geratu ziren lau baserrien izenak: Nafarkua, Aixola Behekua, Igutx eta Olakua. Haien soro eta zelai asko ere urpean geratu ziren orduan. (Aixolako urtegiak Urkuluko urtegiarekin batera, Deba Garaiko ur-hornidura sarea osatzen du).

Baserrian lan egin zuen ezkondu zen arte. Kalera ezkondu zen Zabaleta baserriko Antonio Alberdirekin. Alaba bat izan zuten.[2]

Erreferentziak

Kanpo estekak