Felix Garcia Larratxe

nafar farmazialari eta politikari abertzalea

Felix Garcia Larratxe (Iruñea, 1880ko martxoaren 16a - Baiona, 1962ko maiatzaren 27a) nafar farmazialari eta politikari abertzalea izan zen.

Felix Garcia Larratxe
Bizitza
JaiotzaIruñea1880ko martxoaren 16a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaBaiona1962ko maiatzaren 27a (82 urte)
Jarduerak
Jarduerakfarmazialaria eta politikaria

Familia

Bere gurasoak Tafallako Teodoro Garcia Altzuza eta Berako Javiera Larratxe Telletxea izan ziren.

Bere aitona Nazario Larratxe Larrainzar Berako alkatea izan zen. Nazario birritan ezkondu zen. Berako Magdalena Telletxea Elzaurdiarekin Javiera alaba izan zuen, Felixen ama. Magdalena hil ondoren, haren ilobarekin ezkondu zen, Paulina Agirre Telletxearekin. Bigarren ezkontza honetatik Jenaro Larratxe Agirre jaio zen, Iruñeako alkate izan zena.

1889-90eko neguan Felix gurasoak epidemia batean hil ziren eta bera eta anaiak amaren familiarekin hazi ziren Beran.

1909an Berako Dolores Larunbe Legiarekin (1885-1949) ezkondu zen. Ez zuten seme-alabarik izan.

Ikasketak eta bizitza profesionala

Eskola garaian, besteak beste, Tolosako Eskolapioetan, non Doroteo Ziaurritzen lagun egin zen, eta Bordeleko La Salle eskolan ikasi zuen.

1902an Farmazian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitatean eta 1904an Analisi Biologikoetan Parisko Pasteur Institutuan diplomatu zen. 1935ean Mikrobiologian diplomatu zen Parisko Unibertsitatean.[1]

Farmazia jarri zuen Iruñean, eta amorruaren aurkako txertoa jarri zuen lehen nafarra izan zen. Farmaziaz gain, analisi klinikoetarako laborategi bat jarri zuen.

Lehen Mundu Gerran Aliantza Frantseseko buru izan zen Iruñean, hiriko giro proalemaniarraren aurka.

Bere anaia Rufino, Manuel Irujo, Manuel Arantzadi eta Estanislao Arantzadirekin batera, Huescako lursail ureztatu bat erosi zuten ustiapenerako.

Jarduera politikoa

Iruñeko Euskal Etxea sortzailea izan zen. Eusko Alderdi Jeltzaleko kide izan zen, eta 1917an Iruñeko Udaleko zinegotzi izendatu zuten, Santiago Cunchillos Manterola eta Francisco Lorda Ioldirekin batera. Hirian hautatutako lehenengo zinegotzi abertzaleak izan ziren, eta 1922ra arte jardun zuten kargu horretan.[2][3]Primo de Riveraren diktaduran kartzelatu zuten.

1936ko abuztuan erbestera joan zen emazte, anaia Rufino eta ilobekin batera. Biriatu eta Ziburun bizi ondoren, Baionako familiaren etxean kokatu zen.

1939ko urriaren 22an Euskadi Buru Batzarrak ordezkari izendatu zuen Baionako Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Ligan.

Erregimen frankistak errepresaliatu zuen.[4]

Bibliografia

  • Javier García-Larrache. García Larrache, un republicano euskaldún (Pamplona, 1889 - Bayona, 1956). Pamiela, Iruñea, 2007.
  • El exilio republicano navarro de 1939. Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura Departamentua. Angel García-Sanz Marcotegui koordinatzailea. 2001.

Erreferentziak

Kanpo estekak