Francisca Sarasate

idazle nafarra
Artikulu hau idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Saratsate (argipena)».

Francisca Sarasate Navascués (A Coruña, 1853ko azaroaren 29a - Iruñea, 1922ko maiatzaren 1a),[1] nafar idazlea izan zen, Pablo Sarasate biolinistaren arreba. Liburuak Francisca Sarasate de Mena gisa sinatzen zituen, bere senarraren abizena erabiliz.

Francisca Sarasate

Bizitza
JaiotzaCoruña1853ko azaroaren 29a
Herrialdea Galizia
HeriotzaIruñea1922ko maiatzaren 1a (68 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Juan Cancio Mena
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, hizlaria, eleberrigilea, poeta eta kazetaria
Izengoitia(k)Francisca Sarasate de Mena

Bizitza eta lanak

Francisca Sarasate A Coruñan jaio zen, 1853ko azaroaren 29an. Hala ere, nafartzat zuen bere burua, gurasoak nafarrak zirelako: aita, Miguel Sarasate, Iruñekoa, eta ama, Javiera Navascues, Orbaitzetako Olakoa; Pablo Sarasate biolin-jotzailea neba zuen. Juan Cancio Mena idazlearekin ezkondu, eta 1916ko apirilean alargundu zen.

1876an kaleratu zuen Madrilen Un libro para pollas izenburuko eleberria. 1878an, nebari buruzko idazkia argitara eman zuen, hau da, Noticias biográficas del primer periodo de la vida artística de Pablo Sarasate. 1881ean, anaiari eskainitako olerki liburua agertu zuen Iruñeko Eco de Navarra izeneko moldetegian: Horizontes poéticos: libro rítmico. 26 olerki laburren artean, luzera dezenteagoko Frédéric Souliéren Bi itsuak eleberriaren itzulpen dramatikoa ere eskaini zuen.[2]

1882an, eta Teresa Avilakoaren hirugarren urteurrena ospatzeko aitzakiaz ospatu emakumezko idazleen sariketan, urrezko luma eskuratu zuen Amor divino izeneko olerkiarekin. Nolanahi ere, hura ez zen karrikaratu 1888ra arte, Fulvia o los primeros cristianos eleberri historikoa agertu zen urtera arte, izan ere, Zaragozako Mariano Salasen moldiztegietatik ateratako idazki horretan jaso baitzen. Horretan Francisca Sarasate de Mena sinatu zuen.[2]

1894an Romancero Aragonés izenburukoa agertu zuen Zaragozan, Faustino Sánchez Gil diputatuaren hitzaurre batez hornitua, eta 1896an Cuentos bascongados atera zuen Bartzelonan. 13 ipuin labur zekartzan eta, pentsa daitekeenaren kontra, euskarak eta euskal gaiak arras agerpen txikia zeukaten. 1899an, Poesías religiosas argitaratu zuen Madrilen, San Francisco Saleskoaren moldiztegian, eta hartan Orreagako Ama Birjinari eta San Frantzisko Xabierkoari eginiko olerki bana zituen. Azkenik, Pensamientos místicos argitaratu zuen 1910ean, Bartzelonan.[2]

Camille Saint-Saëns musikari frantsesak bere Aragoiko jota opus 64 eskaini zion: "A mademoiselle Paquita Sarasate". Iruñean zendu zen, 1922ko maiatzaren lehenean.[2]

Erreferentziak

Kanpo estekak