Gilberte Serfaty

Aljeriar ekintzaile komunista

Gilberte Serfaty (Mostaganem, 1921 - Orsay, 2011) aljeriar ekintzaile komunista, irakasle eta itzultzaile bat izan zen. Aljeriaren independentziaren alde borrokatu zelarik, 1963an aljeriar naziotasuna eman zioten. 1965az geroztik Frantzian bizi izan zen; Frantziako Alderdi Komunistaren kide izan zen.

Gilberte Serfaty
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFanny Gilberte Serfati
JaiotzaOran eta Mostaganem1921eko martxoaren 11
HeriotzaOrsay2011ko apirilaren 17a (90 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Henri Alleg
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerakirakaslea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaAljeriako Alderdi Komunista
Frantziako Alderdi Komunista

Jatorria eta haurtzaroa

Gilberte Serfaty[oh 1] 1921eko martxoaren 11n sortu zen, Mostaganem herrian, gaur egungo Aljerian, judu familia batean. Gazte zela hil zitzaion aita, 1939an; gizon hezi eta ikuspegi zabalekoa zen, musikazale porrokatua. Moda saltoki baten etekinez atera zituen amak aurrera Gilberte eta haren ahizpa Andrée, gazteagoa.[1]

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, 1930eko urteetan, Frantziako botere kolonialaren mende, Mostaganemen eta eskualde guztian juduen aurkako greba eta oldarraldi ugari gertatu ziren ziren. Urte batzuk geroago, Vichyko gobernuak ezarriko zituen arau antisemiten iragarle ziren.[2]

Faxismoaren eta kolonialismoaren aurka

Unibertsitatetik kanporatua

Gogoan izan behar da Aljeria Frantziaren kolonia bat izan zela, 1871etik 1962ra bitarte; beraz, Serfatyren gaztaro urteetan, Vichyko gobernuak zeukan lurraldearen agintea. Gobernu kolaborazionistak emandako lege arrazisten —bereziki, juduen aurkakoak— eraginez, 1941ean, Aljerko unibertsitatean ingeles ikasketak jarraitzea debekatu zioten; Andrée ahizpa gazteagoak ere institutuko ikasketak utzi behar izan zituen.[3] Judu izate hutsagatik jasandako zigorrak, baina, ez zuen sionismoa besarkatzera bultzatu, baizik, aitzitik, faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako borrokara eraman zuen.[3]

Armada kolonialarentzat lanean

Aljerren, 1942an tropa aliatuak Iparraldeko Afrikan lehorreratu ondoren, Frantziako armadarentzat lan egin zuen Gilberte Serfatyk, itzultzaile gisa, Estatu Batuetatik zetozen informazioen galbahea egiten zuen unitate militar batean. Unibertsitatean ezagutu zuen Lucette Larribère bere lagun mina, berriz, Afrique-Press albiste agentziara sartu zen lanera, gerora France-Presse agentzian integratuko zena. Han topatu zuen Henry Salem (Henri Alleg izenen ezaguna), baita ere ingelesez iritsitako albisteen itzultzaile lanak egiten; 1946an ezkonduko ziren Serfaty eta Salem.[1]

Alderdi komunistako kide

Henry Allegek 1944an antolatutako informazio bilkura baten ostean, Aljeriako Alderdi Komunistaren kide izatea erabaki zuen Gilberte Serfatyk. Urte eta erdi geroago, 1946ko ekainean, ezkondu egin ziran biak; bi seme eduki zituzten elkarrekin, André (1946) eta Jean (1952).[4] Handik aurrera, kolonialismoaren aurkako borrokan murgildu zen Serfaty, Union des Femmes d’Algérie (Aljeriako Emakumeen Batasuna) erakundearen bitartez, batik bat.

Botere kolonialaren oldarra

Aljeriako herriaren eskubideen aldeko aktibismoak arazoak ekarri zizkion Gilberte Serfatyri: administrazio kolonialaren zigor baten eraginez, hezkuntza publikoa utzi behar izan zuen, eta ikastetxe pribatuetan bilatu behar izan zuen bizibidea.[5]

Egoera asko zaildu zitzaien berari eta senarrari 1954an, Aljeriako Alderdi Komunista debekatu zuenean Frantziako administrazio kolonialak, militante gehienak klandestinitatean bizi izatera behartuta gelditu baitziren. Etxea aldatzeaz gain, bi semeak Frantziara bidali zituzten.[5][oh 2]

Senarra atxilotu zutenean, 1957ko ekainean, Serfatyk agerpen publiko eta bilera ugari egin zituen, zapalkuntza egoera salatzeko. Horren ondorioz, administrazio kolonialak Frantziara kanporatu zuen.[5] Han, Frantziako Alderdi Komunistaren babesa jaso zuen, bai senarrak jasandako torturak salatzeko, bai Aljeriaren askatasunaren aldeko borrokan jarraitzeko.[1]

Aljeriaren independentzia

Herri bozketa baten bitartez Aljeriak burujabetasuna lortu eta berehala, Gilberte Serfaty Aljerrera itzuli zen, 1962ko abuztuan. Bai berak, bai senarrak, aljeriar naziotasuna eskuratu zuten 1963an, baina ez hala seme biek.[1] Houari Boumedienek 1965eko ekainaren 19an zuzenduriko estatu kolpearen ondoren, Frantziara itzuli zen, 1965eko uztailean.[3]

Hil arteko aktibismoa

Frantzian, berehala sartu zen berriro PCFn, askatasunaren aldeko eta kolonialismoaren edo gerraren aurkako borrokari jarraitzeko. Udal liburutegi bateko zuzendari lanetan aritu izan zen, eta postu horretatik lagundu zuen, besteak beste, behar adinako dokumentazioa lortzen haren senar Henri Allegek, beste zenbait idazlerekin batera, argitaratu zuen La guerre d'Algérie libururako.[1][oh 3]

Gilberte Serfaty Orsayn, Essonneko departamentuan hil zen, 2011ko apirilaren 17an, 90 urte zituela.

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak