Informazio-sistema

Elementu-multzo antolatua, zeina pertsona-, datu-, jarduera- eta baliabide-sistematan antolatzen den.

Informazio-sistema (ingelesez, information system) bat datu-multzo bat da, helburu komun batekin elkar-eragiten duena.

Informatikan, informazio-sistemek erakunde bakoitzaren funtsezko prozesuetarako eta berezitasunetarako garrantzitsua den informazioa administratzen, biltzen, berreskuratzen, prozesatzen, biltegiratzen eta banatzen laguntzen dute.

Informazio-sistema bat diseinuagatik, erabiltzeko erraztasunagatik, malgutasunagatik, erregistroak automatikoki mantentzeagatik, erabaki kritikoak hartzen laguntzeagatik eta garrantzirik gabeko informazioetan anonimotasuna mantentzeagatik nabarmentzen da.

Normalean "informazio-sistema" terminoa oker erabiltzen da informazio-sistema informatikoaren sinonimo gisa; izan ere, kasu gehienetan, informazio-sistema baten baliabide material ia guztiak sistema informatikoz osatuta daude. Hertsiki esanda, informazio-sistema batek ez du zertan baliabide horiek eduki (nahiz eta praktikan hori ez den gertatzen). Beraz, esan liteke informazio-sistema informatikoak informazio-sistemen azpimota edo azpimultzo bat direla oro har.

Definizioa

Informazio-sistemen[Betiko hautsitako esteka] egitura
Informazio[Betiko hautsitako esteka] sistemen eboluzioa denboran

Informazio-sistemak (IS) informazioa biltzeko, prozesatzeko, biltegiratzeko eta banatzeko diseinatutako sistema formalak, sozio-teknikoak eta antolakuntzakoak dira[1].

Aplikazioa

Informazio-sistemek erakunde batean informazioaren teknologiaren azpiegituraren garapena, erabilera eta administrazioa jorratzen dituzte.

Informazioaren aroan, konpainien ikuspegia aldatu egin da produktuarekiko orientaziotik ezagutzaranzko orientaziora; zentzu horretan, merkatua gaur egun prozesuaren eta berrikuntzaren terminoetan lehiatzen da, produktuaren terminoetan izan ordez. Enfasia ekoizpenaren kalitatetik eta kantitatetik ekoizpen-prozesura aldatu da, bai eta prozesu horrekin batera doazen zerbitzuetara ere.

Konpainia baten aktiborik handiena, gaur egun, bere informazioa da, bere pertsonalean, esperientzian, ezagutzan eta berrikuntzetan (patenteak, egile eskubideak, sekretu komertziala...) adierazten dena. Lehiatu ahal izateko, erakundeek informazio-azpiegitura indartsu baten jabe izan behar dute, eta azpiegitura horren bihotzean kokatzen da informazio-teknologiaren azpiegitura. Horrela, informazio-sistemak erakundearen barruan informazio-fluxuaren euskarri den teknologiaren erabilera hobetzeko moduak aztertuko ditu. Informazio-sistema batek datuak osatzen dituzten elementu guztiak eskaini behar ditu, egitura sendoan, etorkizuneko aldaketen aurrean modu malgu eta homogeneoan.

Informazio-sistema motak enpresan

Sailkapen hau erakunde baten hierarkian oinarritzen da, eta piramidearen eredua[2] deitu zitzaion. Helburu duten funtzioaren arabera edo bukaerako erabiltzaile motaren arabera[3], informazio-sistemak ondorengo moduan sailka daitezke:

  • Transakzioak prozesatzeko sistemak (TPS): transakzioak bildu, biltegiratu, aldatu eta berreskuratzen dituzte. Transakzio-programak gainbegiratzen dituen datu-base baten bidez funtzionatzen dute, eta informazio-multzo batek osatzen ditu[4].
  • Informazio exekutiboko sistemak (EIS): erabakiak hartzen dituzten pertsonei informazio exekutiboa modu erraz eta sinplean aurkezten dion edozein software sistema da, non enpresa gidatzeko ahal den informazio kantitate gehien erakutsiko duen.[5]
  • Informazio gerentzialeko sistemak (MIS): hainbat iturritako informazioa bildu, konpilatu eta formatu irakurgarrian aurkezten duten sistemen eta prozeduren multzoa da.[6]
  • Erabakiei laguntzeko sistemak (DSS): Business Intelligence tresna bat da, erakunde baten datuak aztertzera bideratua dagoena.[7]

Enpresa-kudeaketarako soluzio integratuak

ERP

ERP[Betiko hautsitako esteka] plataforma

ERP terminoak enpresa baliabideen planifikazioa (ingelesez, Enterprise Resource Planning) esan nahi du. Programa hauek enpresaren barneko operazio ezberdinak kudeatzeaz arduratzen da, ekoizpen arlotik banaketara arte, eta baita giza-baliabideen arlora arte.

Modulu ezberdinez osatutako kudeaketa softwarea da, negozioaren prozesu ezberdinen euskarri izateko diseinatuak izan diren soluzioak eskaintzen dituena. ERP sistemek enpresa-prozesuak estandarizatzen dituzte eta funtzio-arlo ezberdinei, erakundeko edozein puntutan sortua izan den informaziora sarbidea eskaintzen diete.[8]

ERP sistemen oinarrizko ezaugarriak honakoak lirateke[9]:

  • Informazioaren integrazioa: datu-biltegi bakarra izatean, erredundantzia eta informazioaren sendotasun eza ezabatzen dira. Hau da, datu-base ezberdinetan datu errepikatuak ekidingo dira, eta beraz, informazioa eguneratuagoa egongo da.
  • Modularitatea: moduluka ezarri daiteke. Modulu bakoitza funtzio-arlo bati dagokio.
  • Estandarizazioa: software bakarra erabiltzen denez, funtzio-arlo desberdinak bateragarriak dira.
  • Maila anitzekoa: informazioa erabaki-maila ezberdinen eskura jarri daiteke.
  • Malgua eta irekia: etorkizunean aldaketak burutu daitezke, eta inguruneko agenteenak diren sistemekin zuzenean erlazionatu daitezke.

Gaur egun merkatuan dauden ERP soluzio batzuk hauek lirateke: SAGE, SAP, Oracle, Microsoft Dynamics...[10]

SCM

SCM terminoak hornikuntza katea kudeatzeko sistema (ingelesez, Supply Chain Management) esan nahi du. Sistema hauen helburua negozio-prozesuak azken erabiltzaile batetik hasi eta hornikuntza-kate osoan bezeroei balioa eransten dieten produktuak, zerbitzuak eta informazioa ematen dituzten ordezkoetaraino integratzea da[11].

SCM sistemek hornikuntza katearen ikuspegi globala eskaintzen dute, kate honetako kanpo zein barne prozesuak berriz definitu, integratu, koordinatu, egikaritu eta automatizatzeko aukera erraztuz.

Gaur egun merkatuan dauden SCM hornitzaileen adibide batzuk Oracle SCM, Microsoft Dynamics SCM, SAP SCM, Sage Software... dira.[12]

CRM

CRM terminoak bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistema (ingelesez, Customer Relationship Management) esan nahi du. Hauek erakundeak bezeroekin dituen harremanen informazio guztia biltzeko eta kudeatzeko aukera ematen dute, bezeroak identifikatu, erakarri eta eusteko, eta horrela, haiekin harreman onuragarria eta iraunkorra sortzeko, bi alderdien mesedetan.

  • Bezeroen harremanetan oinarrituriko erakundea. CRMa erakunde osoaren kudeaketa-eredua da, bezeroarekiko orientazioan oinarriturikoa.
  • Bezeroekiko harremana kudeatzeko softwarea. Informatika sistemen euskarri bezala jokatzen du kasu honetan bezeroekiko harremanak, salmentak eta marketina kudeatzeko. Esanahi honekin CRMak datu biltegi bat kudeatzen duen sistema bati erreferentzia egiten du, salmentan kudeaketaren informazioarekin eta enpresaren bezeroekin.

Business Intelligence

Business Intelligence erakunde edo enpresa baten kudeaketan ardazten diren estrategia, aplikazio, datu, produktu eta arkitektura teknikoen multzoa da.

Honen ezaugarri garrantzitsuenak jarraian laburbiltzen dira:

  • Informazioa eskuratzea. Erabiltzaileek datu guztietarako sarbidea izango dutela bermatzea, datuon jatorrian eraginik izan gabe.
  • Erabakiak hartzen laguntzea. Erabiltzaileari aukera eman behar zaio interesatzen zaizkion datuak aukeratu eta manipulatzeko, bere jardueraren indarguneak eta ahuleziak identifikatzen lagunduko duen analisi pertsonalizatua egiteko.
  • Azken erabiltzailearentzako orientazioa. Funtsezkoa izango da sistema intuitiboa eta erraz erabiltzeko modukoa izatea, ezagutza teknikoak gehiegi axola ez dezaten.[13]

Hauek dira gaur egun ezagutzen diren programa garrantzitsuenetako batzuk: Oracle Data Mining, R, Pentaho, SPSS...

Erreferentziak

Kanpo estekak