Irakurketa

Irakurketa prozesu kognitibo konplexu bat da[1], zeinetan sinbolo edo grafemak dekodetzen diren eurengan dagoen esanahia eraiki asmoz. Prozesuan oinarrizko elementuak albo batera utzi eta euren esanahiaren analisiari jartzen zaio arreta.

Neska bat irakurtzen

Irakurketa hizkuntza bat ikasteko, komunikatzeko edo informazioa eta ideiak partekatzeko sistema da. Hizkuntza guztietan bezala interakzio konplexu bat dago testua eta irakurlearen artean, irakurleak berak duen aurreko ezagutza, esperientziak, jarrera eta hizkuntza komunitateak eragina. Irakurketa lortzeko praktika behar da eta denborarekin hobetzen den teknika.

Alor akademikoetan asko dira irakurketari lotuta landu beharreko alderdiak[2][3]. Ikastetxean hainbat jarduera[4] egiten dira ikasleak irakurle konpetenteak izan daitezen. Ikasleek askotariko testuak[5], erabilera-eremu askotarikoak ulertu eta interpreta behar izaten dituzte. Irakurketa azkarrak eta azalekoak egiten, —eskaneatzen eta informazio jakin bat bilatzen—, ikasi behar dute eta irakurketa sakonak[6] egiten ere ikasi behar dute.

Ikastetxe askotan hori guztia lantzeko irakurketa planak[7][8][9][10] egiten dituzte. Ikastetxeetan ikasleak bikoteka irakurtzen[11][12] jartzen dira, irakurketa kooperatiboa egiteko teknikak erabiltzen dira, solasaldi literarioak[13] antolatzen dira, etab. Askotariko jarduerak egitea proposatu ohi da[14].

Ekintza ardatzak

Irakurmena lantzeko kontuan hartu beharrekoak. 1. Irakurtzen ikasi behar. Gure kulturan umeek bospasei urte inguru dauzkatenean egiten dira aurrerapenik ikusgarrienak. 2. Komunikazioaren alderdi hartzailean, entzumenaren ostean, gure kulturan, irakurmena dago. Informazioa lortzeko eta ikasteko irakurtzen da. 3. Irakurzaletasuna. Gure inguruko hezkuntza sistemetan helburu bat da ikasleak irakurtzen trebatzea eta irakurtzeko zaletasuna sortzea.

Irakurketa, modu sistematikoan lantzeko, hiru ekintza ardatz proposatzen dira EAEko Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusitik-eta[15]. (Eskuineko irudian, koloreetako hiru zirkulu horietan, hiru ekintza ardatzen eskema).

Askotariko testuak[5] irakurtzea aholkatzen da eta testu horiek lantzeko askotariko jarduerak[14] egitea.

Irakurtzen ikastea

Gure kulturan umeek gutxi gorabehera 5-6 urterekin ikasten dute irakurtzen. Batez beste. Batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Baina irakurtzeko trebezia hurrengo urteetan segitzen dute garatzen.Bi dira azken urteotan erabili diren metodoak: metodo globala eta metodo Fonologikoa[16].

Metodo globalaren bidez ikasleari erakusten zaio hitzak bere osotasunean antzematen. Ikerketen emaitzek, ebidentziek, metodo globalaren kontrako argudioak ematen dituzte baina oraindik ere eskola askotan erabiltzen da.

metodo Fonologikoan, ordea, ikaslearen kontzientzia fonologikoa areagotzetik abiatu egiten dira, eta ikasleari fonemasilabahitzasintagmaperpausatestu katean gora egiteko bidea erakusten zaio[17].

Azken urteotan, ikerketa asko egin dira bi metodoak konparatzeko eta badirudi euskara bezalako hizkuntzetan, non erregulartasun handia dagoen grafia zeinu eta fonemen artean, metodo fonologikoak emaitza hobeak lortzen dituela[18], nahiz eta irakasle gehienek, oraindik ere 2018. urtean, kontrakoa pentsatzen duen[19].

Ikasteko irakurri

Irakurketa lantzeko hainbat estrategia erabil daitezke. Bai irakurketa aurretik girotzeko, bai irakurri bitartean arreta eta ulermena hobetzeko, bai irakurri ostean testuaren ulermena areagotzeko, baieztatzeko.

Ikasteko, asko irakurtzea gomendatzen da, mota askotariko testuak lantzea, eta testuak lantzeko hainbat estrategia[20][4] erabiltzea ere gomendatzen da, egindako ahaleginari ahalik eta etekin handien ateratzeko[21].

XXI. mende honetan, modu askotan irakurtzen da[22]. Pantailetatik eta paperetatik. Testu eta hipertestu mota asko erabiltzen ditu irakurle arrunt batek egunean zehar: txat mezuak, posta elektroniko mezuak, albisteak, laneko jarraibideak, azalpen testuak...

Irakurketa ekintza soziala bihurtzea da kontua. Irakurritakoari buruz aurretik hitz egitea eta irakurri ostean solasaldia sustatzea praktika akademiko ona dela sinisten da gaur egun. Irakurri bitartean irakurleak ahalik eta jarrera aktiboen izatea lortu behar du.

«Modu eraginkorrean irakurtzeko, irakurketaren hiru faseei lotutako estrategiak garatu eta landu behar dira. Hirurak oso kontuan hartu behar dira ikasgelan, eta modu koherentean eta planifikatuan landu irakasgai guztietan.»

Irakurketa lantzeko orientabideak. Derrigorrezko Bigarren Hezk. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila. 2013.


1. Irakurri baino lehen

Hautatu testu egokia

Liburu barrura (Maite Mutuberria, 2020)

Nork hautatuko du testua? Irakasleak? Ikasleak? Ikasleak irakasleak emandako informazio iturri jakin batzuetatik? Hautatzen ditugun testuak mota askotarikoak dira?[23]

Girotze lanak

Irakaskuntza munduan, irakasle batek ikasleei testu bat irakurtzeko proposatuko balie, testua irakurtzeko jakin-mina sortzeko girotze lanak egin beharko lituzke.

Esate baterako honelako galderak, eginez:Testua, gainetik begiratuta, zelako testua da? Nondik aterata dago? (Paperezko bada, nondik atera da?, formatu digitaleko testua/hipertestua bada, nondik?). Nork idatzi du testua? Zein izango da testuaren helburu nagusia? Zein da testuaren gai nagusia? Testuaren gaiari buruz, testua irakurri baino lehen, zer dakigu? Gaiari buruz badaukagu iritzirik?

2. Irakurri bitartean

"Erlojuz kontra" irakurtzeak pertsona batzuei laguntzen die arreta denbora jakin batean mantentzen.
Irudian irakasle batek testu bat irakurtzen die ikasleei.

Irakurri bitartean, mundu akademikoan eta pribatutasunean ere, irakurketa ahalik eta aktiboena sustatu beharko litzateke[24]. Irakasle batzuek kronometroa martxan jartzen dute ikaslea motibatzeko. Irakurtzeko lastertasunekin-eta estatistikak egiten dituzte gero. Ea irakurketa "entrenamenduekin" lasterrago eta ulermen hobeago lortzen ote den neurtzen ibiltzen dira.

Beste irakasle batzuek irakurketa kooperatibo estrategiak[25][26][27] erabiltzen dituzte. Esate baterako ikasle batek paragrafo bat irakurri eta beste batek ahoz laburtu, batek irakurri hurrengoak laburtu...

Irakurketa lantzeko hainbat teknika[28] edo estrategia[4][29] erabil daitezke. Irakurtzeko estrategiekin, erabiltzen diren testu motekin bezala, aniztasuna bilatu[28] behar dela esaten da.

3. Irakurri ostean

Testu bat lantzeko galdera mota asko egin daitezke. Egin daitezkeen galderekin bost talde egin izan dira.

Irakurri ostean ulermena norainokoa izan ote den ikusteko, egin diren inferentziak zuzenak edo okerrak izan ote diren ikusteko hainbat ekitaldi proposatu izan dira. Ikastetxeetan ohikoena izaten da irakasleek ikasleei galderak egitea[30] irakurketa prozesua biribiltzeko eta ebaluatzeko.

Testu bat noraino ulertu den ikusteko, oso ohikoak dira testuari buruzko galdera zuzenak[31]. Testuan dauden informazioak, iritziak, argudioak, definizioak, datuak... noraino harrapatu diren ikus daiteke honelako galderekin. Galdera irekiak izan daitezke, hutsunea betetzeko-edo, edota galdera itxiak (hautatu: A, B, C, D.). Paragrafo bakoitzeko ideia nagusia zein ote den galde daiteke, hitz pare bat azpimarratzeko eskatuz edo edo honelako galdera bat egin daiteke: lotu paragrafo bakoitza honako hitz batekin: SARRERA, TESIA, HIPOTESIA, ANTITESIA, ARGUDIO NAGUSIA, DEFINIZIOA, ADIBIDEA, ONDORIOA, SALBUESPENA...).

Testu baten ulermena lantzeko eta neurtzeko testuari buruzko galdera mota asko[32] egin daitezke. Galdetu daiteke testuan dagoen informazio zehatzei buruz, testutik ondorioztatu daitezkeen kontuei buruz galde daiteke, testuaren edukiez galde daiteke, testuaren formatuaz, testua eta alboko irudiak erkatzen duten galderak egin daitezke, etab. Testuan jorratzen diren gaiei buruzko iritziak edo azalpenak eska daitezke.

Irakurri ostean, solasaldi dialogikoa egin daiteke.

Irakurzaletasuna

Testu mota asko daude. Askotariko testuak irakurtzeko ahaleginak egin behar dira, baita testu horiek lantzeko estrategia askotarikoak erabiltzeko ere.

Irakurzaletasuna sustatzeko, aditu batzuen ustez, irakurketa bakardadean egin daitekeen jarduera izatetik irakurketa ekintza soziala[33] bihurtzera igarotzea da gakoa. Horretarako hainbat ekintza proposatu ohi dituzte mundu akademikokoek, eta kultura eragileek. Literatura solasaldi dialogikoak[34], irakurketa taldeak, liburuen erakusketak, idazleekin edo itzultzaileekin hitzorduak eta solasaldiak, liburutegietara txangoak, museoetara bisitak, komikien erakusketak, kodexen erakusketak, liburuen grabatu edo irudien erakusketak; idazle, editore edo kritikoen jendaurreko hitzaldiak; liburuen aurkezpen publikoak, etab.

Zer irakurri

Testu mota asko irakur daitezke, euskarri askotan.

Irakurtzeko testu mota asko daude eta euskarri asko ere bai. Normalean, baina, paperetik edo pantailatik irakurtzen dela esaten da. pantailatik irakurtzen diren testuak, gehienetan hipertestuak izaten dira. Testuaren formatuak, hein batean, baldintzatzen du irakurtzeko modua. Hipertestuak pantailatik irakurtzerakoan, errazagoa omen da prokrastinazioan erortzea.

Non eta nola irakurri

  • Bakardadean, lagunez inguratuta, norberak bere baitan, ahots gora?
  • Eserita, etzanda, mahai baten aurrean?
  • Isiltasunean, musikarekin?
  • Egunero leku berean, ordu berean?
  • Kronometroa martxan?
  • Paperetik, pantailatik? Bietatik aldi berean?
  • Arkatz batekin, markatzaile batzuekin, azpimarratzeko?
  • Hiztegi batekin?
  • Ordenagailu batekin irakurritakoan sakontzeko?
  • Liburutegian? Parkean? Ohean?

Euskarria

«Irakurtzeko trebetasuna funtsezkoa da curriculumean ikaskuntza ona izateko, baina irakurtzen dugun euskarriak ere badu eraginik. Paperezko testuen irakurketa pantailetakoen irakurketa digitalarekin alderatzen dugunean, hainbat azterlanen emaitzek diotenaren arabera, paperean digitalean baino hobeto irakurtzen dugula. Denbora zenbat eta laburragoa izan orduan eta abantaila handiagoa paperarena da pantailen aldean, (Delgado, Vargas, Ackerman & Salmeron, 2018)]; izan ere, paperean eta digitalean irakurtzeko lastertasunean alderik ez dagoen arren (Clinton, 2018), irakurketa digitala ez da hain zehatza, eta ulermen txikiagoa dago (Lenhard et al., 2017). Pentsa genezake desberdintasun hori irakurtzen duen jendearen teknologiarekiko ezagupen faltaren ondorio dela, baina benetan kontrakoa gertatzen da: paperak pantailekiko duen abantaila handituz joan da urteetan zehar. Arrazoiek testu digitalaren berezko funtzionaltasunekin dute zerikusia, hasiera batean ideia ona ziruditenak (korritze-barrak, hipertestuak, etab.), praktikan asko zailtzen dute irakurritako testuaren azpiko egitura ezagutzea. (Cataldo & Oakhill, 2000; DeStefano & LeFevre, 2007; Mangen et al., 2013).»

—FECYTedu (2021): "Las redes sociales y las TIC en el aula".[35]


Irakurtzeko gaitasuna ebaluatzen

Irakurtzeko gaitasuna neurtzen duen errubrika bat
Neska bat liburu bat irakurtzen Leioako Liburutegi publikoan.

Curriculumeko ebaluazio-irizpide eta adierazleek gidalerroak ematen dituzte irakasleek, berek aukeratutako dituzten tresnen bidez (laburpenak, eskemak, buru-mapak, galdetegiak…), ikasleen prozesua eta aurrerapena baloratzeko. Ikastetxe barruko prozesua da[36].

Irakurle batek zenbat denbora behar duen irakurtzeko eta zelako ulermen maila daukan ebaluatzeko hainbat teknika erabili izan dira.

Neurtu behar da irakurleak zelako gaitasuna daukan testuan informazioa bilatzeko eta testutik informazioa behar bezala sailkatzeko, ulertzeko, berrerabiltzeko. Neurtu behar da irakurleak zelako gaitasuna daukan testutik inferentzia (logika) egokiak egiteko, testutik ondorio egokiak ateratzeko. Neurtu behar da irakurleak zelako jarrera kritikoa daukan, zelako gaitasuna daukan egia-gezurra-iritzia bereizteko.

Bibliografia

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak