Iratxe Sorzabal

ETAko militantea

Iratxe Sorzabal Díez (Irun, 1971ko azaroaren 6a) gipuzkoar militantea da. ETAren politika aparatuko arduraduna izatea egotzi dio Espainiak;[1] hari eta David Plari egozten zaie, halaber, behin betiko armak uzteko ETAren azken komunikatua irakurri izana.[2] ETArekin harremana zuelakoan, 1999an eta 2015ean atxilotu zuten, azken hori Baigorrin.

Iratxe Sorzabal
Bizitza
JaiotzaIrun1971ko azaroaren 6a (52 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakterrorista
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna

2015eko irailean Baigorrin atxilotu[2] eta Frantzian kartzelaturik egonik, estraditatzeko Espainiaren hiru euroagindu izan zituen, hiruretako batek ere aurrera egin ez bazuen ere, auzitegiko adituek ondutako txostenek Guardia Zibilaren eskuetan torturak jasan zituela egiaztatu eta bildu ondoren.[3] Público espainiar egunkariak hiru hilketa egotzi zizkion 2015ean, artikulu berean onartu arren 1999ko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalak kargurik gabe aske utzi zuela.[4] Harrezkero, Sorzabalek demanda bat jarri zuen Frantziaren kontra, 1999ko urrian torturatzeko arriskuz kanporatu zuelako Espainiara, baina 2005ean Torturaren Aurkako Komiteak ez zuen onartu Torturaren Aurkako Konbentzioko 3. artikulua urratu zela kasu horretan.[5]

2020ko otsailean, haren kontrako laugarren euroagindu bat aztertu zen.[3] 2019an, IRCT Torturaren Biktimak Birgaitzeko Nazioarteko Batzordeak adierazpen bat argitaratu zuen, torturari ezikusia egiteak dakartzan arriskuez, Iratxe Sorzabalen kasu egiaztatua gogora ekarriz.[6] 2020ko abenduaren 16an, oraingoan, Pariseko Dei Auzitegiak ukatu egin zuen Sorzabalen estradizio agindua, eta epaileak sinesgarritasuna eman zion haren tortura testigantzari. Hori izan zen Frantziako Justiziak euroagindu bati torturagatik uko egin zion lehen aldia.[7]

Hargatik, geroago espainiar agintarien eskuetan geratu zen. 2022ko otsailaren 8an, Espainiako Auzitegi Nazionalean berretsi egin zuen torturapean deklaratu zuela bere buruaren kontra.[8][9] Nazioarteko bakegintzako ordezkari talde batek, Brian Currin tartean, eskatu zuen epaileek ETAren indarkeria amaitzen egin ekarpena kontuan har zezala.[10] 2022ko otsailaren 22an, Auzitegi Nazionalak 24 urteko espetxe zigorra ezarri zion torturapeko adierazpenetan oinarriturik, adieraziz "ez d[el]a egiaztatu torturatu zutela"[11] eta Gijonen pertsona bat hil zuela 1996an, berberak ukatua.[12] 2022ko irailaren 9an, Etxerat elkarteak jakinarazi zuen Frantziatik Iratxe Sorzabal Espainiaratu zutela, eta Estremera presondegian sartu zutela.[13]

Tortura bizipenen inguruan eta, horri loturik, amarekin izan duen harremanean oinarriturik, Bi arnas dokumentala filmatu eta estreinatu zen Irunen 2022ko maiatzaren 22an.[14] 2023ko martxoaren 14an Kataluniako TVE3 kateak Bi arnas dokumentala eman zuen. Torturari buruzko dokumental horren abiapuntua Iratxe Sorzabal presoak izandako torturak dira.[15]

Erreferentziak


Artikulu hau Gipuzkoako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.