Jon Olivares

aktorea

Jon Olivares (Madril, 1988ko urriaren 25a) hezitzaile eta antzezle euskalduna da.[1]

Jon Olivares

Bizitza
JaiotzaMadrilgo Erkidegoa1988ko azaroaren 25a (35 urte)
Herrialdea Espainia
BizilekuaBergara
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakaktorea eta irakaslea
Izengoitia(k)Olivo

IMDB: nm8031151 Rottentomatoes: celebrity/jon_olivares
Instagram: olivares_jon Edit the value on Wikidata

Ibilbidea

Jon Olivares Madrilen jaio zen, baina 7 urte zituela Euskal Herrira lekualdatu zen. Ama euskalduna eta aita kanariarra ditu, eta, aitaren sendia bertakoa izaki, haurtzaroan udak Kanariar uharteetan igarotzen zituen. Txikitan hezitzaile eta bikoizketa-aktore izan nahi zuen.[2]

2009an Haur Hezkuntza ikasten hasi zen Mondragon Unibertsitatean eta, ikasten ari zela, Taupada antzerki taldean sartu zen obra txiki bat antzezteko.[2][3][4] Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkartean ere aritu zen urte askoan.[5]

2011. urtean, 23 urterekin, Bergarako Osintxu auzoko auzoalkate[6] gisa aukeratu zuten eta lau urtez egon zen karguan.[7]

Gero, aktore ibilbideari ekitea erabaki zuen eta hainbat antzezlanetan parte hartu zuen. 2013an agertu zen lehen aldiz ETB 1eko Goenkale telesailean.[8] 2016an Ruben Sainzek zuzenduriko Liknart film laburreko protagonista izan zen. 2019an, Ihesaldia Basauri telesailean lan egin zuen eta urte berean Patria telesailean Joxe Mari pertsonaia antzeztu zuen; telesail hartan Elena Irureta, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz, Mikel Laskurain, Eneko Sagardoy eta Loreto Mauleon aktoreekin lan egin zuen, besteak beste.[9][2] Hurrengo urtean, 2020an, Altsasu miniseriean Urkoren papera antzeztu zuen. 2021ean Marco Baradak zuzenduriko Yo tampoco sé qué hago aquí film laburrean parte hartu zuen, Martin izeneko pertsonaiaren paperean eta, urte berean, bi telesailetan agertu zen: Amazon Prime Videoren Desaparecidos eta Netflixeko Sagrada familian. 2022an Almudena Grandes idazlearen liburu batean oinarritutako Los pacientes del doctor García telesailean lan egin zuen[10] eta Roberto Cano zuzendariaren Imbécil film laburreko protagonista izan zen. Lehen film luzea Javier Ruiz Calderak zuzenduriko Un hombre de acción izan zen, Lucio Urtubiaren istorioa kontatzen duena.[11]

Bizitza pertsonala

Bere izen osoa Jon Ruben Olivares da. Aita idazlea du eta Jonen bigarren izena Rubén Darío poetagatik ipini zion.[5]

Itziar Atienza aktorearen bikotekidea da.

Filmografia

Telebista

UrteaIzenburuaPaperaTelebista kateaOharrak
2011Mihiluze[8]lehiaketako partaidea
2013Goenkale[8]ETB 1Zati txikiak
2019Ihesaldia[12]preso komunaETB 15 atal
2019Patria[9]Joxe MariHBO8 atal
2020Altsasu[13]UrkoETB 14 ataleko minisaila
2021Sagrada familiaPedro Olvares SimónNetflix8 atal
2021Desaparecidos[14]Nano ReyesAmazon Prime4 atal
2022Los pacientes del doctor García[15]Adrián GallardoTVE8 atal

Zinema

  • Un hombre de acción, Javier Ruiz Calderak zuzendua (2022)

Film laburrak

  • Liknart, Ruben Sainzek zuzendua (2016)
  • Yo tampoco sé qué hago aquí, Marco Baradak zuzendua (2020)
  • Imbécil, Roberto Canok zuzendua (2022)

Antzerkia

  • Isladak (2010). Taupada Antzerki Taldea.
  • Rusini (Jose Luis Alonso de Santos) (2011). Taupada.
  • Komediak Oroimenean (2012). Taupada.
  • Erotik (Jose Luis Alonso de Santos) (2013). Taupada.
  • Bohemioen kluba (2014). Taupada.
  • Ipuin kontalaria (2015). Cenaculo teatro.
  • Esperando al zurdo (2015). TAE.
  • Ikasgaia (2017). Taupada.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Osintxu

Kanpo estekak