Justa Holz-Mänttäri

Justa Holz-Mänttäri (Hanburgo, 1936) hizkuntzalari eta itzultzaile germano-finlandiarra da. Filosofiako doktorea da, eta Tampereko Unibertsitateko irakaslea izan zen, Finlandian. Geroztik, itzulpengintzan eta hizkuntzalaritzan aritu da, eta itzulpengintzari buruzko hainbat lan idatzi eta argitaratu ditu.

Justa Holz-Mänttäri
Bizitza
JaiotzaHanburgo, 1936 (87/88 urte)
Herrialdea Alemania
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria eta itzultzailea

Justa Holz-Mänttäriren obrarik famatuena Translatorisches Handeln. Theorie und Methode (Itzulpen-ekintza. Teoria eta Metodoa) da, 1984. urtean argitaratutakoa. Liburu honetan, Holz-Mänttärik bere itzulpen-ekintzaren teoriari buruz hitz egiten du. Komunikazioaren teorien eta ekintzen teorien kontzeptuak erabiliz, itzulpengintzaren inguruko teoria orokor bat eskaintzen du. Holz-Mänttäriren ustez, itzulpenak interakzio sozialak dira, helburu zehatzekin (gizakien arteko interakzioa, hain zuzen ere) egiten direnak, eta ondorioetarantz bideratuta daudenak. Itzulpen-ekintzaren helburua ez da, beraz, hitzak edo esaldiak itzultzea bakarrik, baizik eta bi talderen arteko komunikazioa bermatzea eta kulturen arteko harresiak gainditzea[1].

Itzulpen-ekintza

Holz-Mänttärik itzulpen teoriari egin dion ekarpen garrantzitsuena itzulpen-ekintza kontzeptua da. Holz-Mänttäriren arabera, itzulpen-ekintza taldeen arteko komunikazioan oinarritzen da, eta ondorioz hainbat aktorek hartzen dute parte prozesuan. Aktore hauek bereizten ditu Holz-Mänttärik itzulpen-prozesuan, hain zuzen ere:

  • Abiarazlea: Itzulpenaren beharra daukan konpainia, taldea edo pertsona.
  • Enkargu-emailea: Itzultzailearekin kontaktatzen duen pertsona.
  • Sorburu-testuaren sortzailea: Konpainia edo taldearen barnean sorburu-testua (ST) sortzen duen pertsona. Ez du zertan xede-testuaren (XT) sorkuntzan parte hartu.
  • Xede-testuaren sortzailea: Kasu honetan, itzultzailea.
  • Xede-testuaren erabiltzailea: XTa erabiliko duen pertsona. Testu-liburu bat itzultzen bada, adibidez, irakasleak izango lirateke erabiltzaileak, testua klasea emateko erabiltzen dutenak.
  • Xede-testuaren hartzailea: XTaren amaierako hartzailea. Aurreko adibidea erabilita, XTaren azken hartzaileak ikasleak izango lirateke: irakasleek erabiltzen dute testua klasea emateko, baina testuaren edukia ikasleek barneratzen dute.

Hortaz, aktore bakoitzak helburu ezberdina dauka, baina itzulpena egiterako orduan elkarrekin egiten dute lan. Holz-Mänttärik adierazten du, adibidez, itzultzailearen helburu nagusia dirua irabaztea, eta bigarren mailako helburua bere kontratuaren eskakizunak betetzea izango dela normalean. Hori egiteko, ordea, gerta litteke STaren sortzaileari laguntza eskatu behar izatea: itzultzailea STaren gaian jakituna ez bada, STaren sortzaileari galderak egin beharko dizkio, edukia ondo ulertzeko eta beraz itzulpen egokia egiteko.

Beraz, itzulpen-ekintzaren helburu nagusia xede-testuaren hartzailearentzat funtzionala den (komunikazioari dagokionez) testu bat sortzea da. Horretarako, adibidez, XTaren generoa eta forma xede-kulturan (XK) egokiak izango diren irizpideei jarraitu beharko die, sorburu-testuaren egitura kopiatu beharrean. XKn egokia zer izango den itzultzaileak erabaki behar du, bera baita itzulpen-ekintzan jakituna, eta bere helburua kulturen arteko komunikazio egokia lortzea baita.

Bestalde, Holz-Mänttärik STaren “eraiketa- eta funtzio-profila” aztertzen du bakarrik XTaren eraketa-prozesua aztertzerakoan. Profil horren ezaugarri nagusiak bi dira:

  • Edukia:Testuaren edukia “tektoniken” (tectonics)bidez dago egituratuta. Era berean, edukiak bi osagai ditu:informazio faktikoa, eta estrategia komunikatibo orokorra.
  • Forma:Testuaren forma “testuraren” (texture)bidez dago egituratuta. Bi osagai ditu: terminologia etakohesio-elementuak.

Hartzailearen beharrak dira XTaren faktore garrantzitsuenak, hots, XTa sortzerakoan kontuan izan behar diren faktoreak. Hala, XTa sortzean, edukiaren eta formaren ezaugarriak kontuan hartu behar dira:

Edukiaren kasuan, itzultzaileak kontuan izan beharko du informazio faktikoa era zuzenean itzuli beharko duela, esanahia edo edukia aldatu gabe. Hau da, gidaliburu baten argibideak itzultzean, xede-hizkuntzaren argibideek sorburu-hizkuntzaren argibideen zentzu berbera izan behar dute. Baina era berean, estrategia komunikatiboa hartu behar da kontuan ere: informazio faktiko hori hartzailearentzat ulergarria den moduan transmititu behar zaio.

Formaren kasuan, terminologian adibidez, itzultzaileak STko terminoak azaldu beharko ditu hartzailea gaiaren inguruan jakituna ez bada. Eta kohesioaren kasuan, testuaren kohesioa mantentzeko terminoak era berean itzuli beharko dira testu osoan zehar.

Kritika

Holz-Mänttäriren teoriaren balio nagusia, Jeremy Mundayk adierazten duen moduan[2], itzulpen-prozesua bere testuinguru soziokulturalean kokatzen duela da. Horrekin batera, itzultzailearen eta enkargu-emailearen arteko harremana aztertu egin du Holz-Mänttärik, bai eta “itzultzaile profesionalaren profila”. Hainbat autorek, hala nola Christina Schäffnerek, Holz-Mänttäriren teoria goraipatu dute:

“Holz-Mänttäriren itzulpen-ekintzaren kontzeptua itzulpen mota guztietara aplikatu daiteke, eta bere teoriak itzultzaileak hartu behar izango dituen erabakiak hartzen lagunduko dio”[3].

Hala ere, Holz-Mänttäriren teoriak kritikak jaso ditu baita ere: alde batetik, teoria azaltzeko erabiltzen duen terminologia konplexuegia izatea, eta itzulpen-egoera praktikoak ez azaltzea egotzi zaio Holz-Mänttäriri. Era berean, nahiz eta kulturen arteko komunikazioa aztertzen duen, ez ditu sakonki azaltzen kulturen arteko ezberdintasunak.

Christiane Nordek, bestalde, Holz-Mänttärik STa aintzat ez hartzea kritikatzen du[4]. Norden arabera, nahiz eta itzulpenaren ezaugarri nagusiena funtzionalitatea izan, horrek ez dio itzultzaileari nahi duena egiteko eskubidea ematen. STaren eta XTaren arteko harremana egon behar da, eta harreman hori arautzen duen faktore nagusia helburua (edo skopos) da.

Erreferentziak