Kas (freskagarri konpainia)

arabar jatorriko freskagarri marka

Kas jatorriz Gasteizen (Euskal Herrian) sortutako freskagarri konpainiaren merkatu-izena da.

Kas (freskagarri konpainia)
Datuak
MotaMarka eta marka erregistratua
HerrialdeaEspainia
Agintea
JabeaPepsiCo
Historia
Sorrera1956
webgune ofiziala
Artikulu hau freskagarri markari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «KAS».
Kas botila bat.

Historia

1870ean, Roman Knörr Streiff (Ulm, Baden-Württenberg, Alemania) garagardogile alemaniar gaztea Arabara ailegatu zen. Mariano Ortiz de Urbina gasteiztar ardo saltzailearekin batera, La Sucursal garagardo fabrika sortu zuen;[1] eta haren alaba Gregoria Maria Pilarrekin ezkondu zen, 1886ko ekainaren 10ean.[2]

1912an, Knörr Streiffek La Esperanza enpresa sortu zuen, "garagardo alemana, gaseosa, sinalco motako freskagarriak, Seltz ura eta izotza" ekoizteko. Fabrika Gasteizetik hurbil ezarri zuen.[2] 1927tik aurrera, Roman Knörr Ortiz de Urbina semeak As gaseosa fabrikari ekin zion.[1]

Gerra zibilaren ondorioz, enpresa aktibitate barik geratu zen, bezerorik, langilerik eta stock-ik gabe. Gerraostean lan handiak izan zituzten berriro lanean hasteko: Luis eta Jose Maria Knörr Elorza anaiek (Knörr Ortiz de Urbinaren semeek) ekin zioten, lehenak komertzial lanean eta bigarrenak produktuaren ekoizpenean. 1954an, Espainian Coca-Cola freskagarria agertu eta gero, Jose Mariak laranja zuku kontzentratua ur karbonatatuarekin nahasteko lehen probak egin zituen;[3] 1956ean familiaren abizenaren K hizkia gehitu eta produktuarentzat KAS marka sortu zuten, Coca-Colari eta AEBetik etortzen ziren edari berriei lehia egingo zien freskagarria. Marka honen pean, alkoholik gabeko bitter-ra ere asmatu zuten, Espainiar merkatuan arrakasta handia izan zuen produktua, enpresari irabazi handiak ekarri zizkiona, eta haren komertzializaziorako tokian tokiko azpienpresak sortu behar izan zituzten.[2]

XX. mende amaieran, enpresak ezin izan zion eutsi multinazionalekin lehiatu ahal izateko eginiko inbertsio handiei; ondorioz, 1992an PepsiCo konpainia estatubatuarrak eskuratu zuen.[4]

Markaren hedapena handitzeko, enpresak marketing kanpaina arrakastatsuak burutu zituen, hala hola 60-70eko hamarkadetan KAS txirrindularitza-talde garrantzitsua babestu zuenean, 1977an Frantziako Tourraren etapa bat Gasteizen amaitu zenean, enpresak fabrika zuen Gamarrako industrialdean,[3] edo 1982ko futboleko mundialean Lopez Ufartek freskagarria kontsumitzen agertu zenean.[5]

2006ean, markaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko, hasieran erabili ziren litro bateko botilen serie bat ekoitzi zen. Gainera, Etxabarri-Ibiñako botilaratze-plantan markari omenaldia egin zitzaion, eta Gasteizen eta Donostian antzinako iragarki, botila, argazki eta bestelako material historikoen erakusketak antolatu ziren.[6]

Ekoizpena

Freskagarrien ekoizpenerako, Zigoitiako "Venta Caída" urbegiaren ura erabili izan dute,[7] Hori dela eta, kobazulo hau "Manantial de Kas" izenarekin ere ezagutzen da.[8] Subijanako kareharrizko guneko[9] beste askorekin batera, Arabako Espeleologia Taldeak esploratu zuen 1950eko hamarkadan.[10] Azken urteetan lantegiak beste ur-iturri batzuk ere gehitu ditu.[11]

Produktuak

Gas karbonodun edaria (freskagarri) edariak ekoizten ditu, bai laranja, limoi nahiz sagar zaporekoak. Era berean Bitter Kas, edari mingots eta alkohol gabekoa ere merkaturatzen du; iraganean, KasFruit fruta zukuak eta KasKol freskagarria ere saltzen zituen. Gainera, munduan zehar herrialde bakoitzaren gustuetara egokitutako produktuak ditu:

  • Kas Cola (Espainia): Cola saborezkoa.
  • Kas Naranja (Espainia): Laranjazkoa.
  • Kas Limón (Espainia): Limoizkoa.
  • Kas Manzana (Espainia): Sagarrezkoa.
  • Kas Uva (Espainia): Mahats saborezkoa.
  • Kas Fresa Explosiva (Kanariar irlak/Espainia): Marrubi "explosiboa".
  • Kas Tonica
  • Kas Toronja (Mexiko)
  • Bitter Kas
  • Kas Guaraná (Brasil)
  • Kas Guaraná Maracuyá (Brasil)
  • Kas Guaraná Acerola (Brasil)
  • Kas Uva Acerola (Brasil)

Erreferentziak

Kanpo estekak