Larrazabalgo hitzaldia

Larrazabalgo hitzaldia, baita Larrazabalgo otordua izenez ere ezaguna, 1893ko ekainaren 3an Sabin Arana Goirik garai hartan Bilbotik hurbil zegoen Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian eskaini zuen hitzaldi bat izan zen. Baserri hori zegoen tokia, gaur egun Larrazabal Baserria Auzoa (batzuetan kalea bezala aipatua) deitzen da.[1]

Aurretik, Euskal-Erria elkartearen barneko talde kritiko batek otordu batera gonbidatu zuen, haien buru Ramon de la Sota zen, bestaldetik 28 urteko Sabin eta Luis Arana Goiri anaiak dozena bat inguru adiskiderekin hitzordura azaldu ziren.

Gerora, Sabin Arana azaroaren 19an Engrazio Aranzadi "Kizkitza"ri gutunez ekitaldi harren aurre prestaketei buruz oroituaz honela mintzatu zitzaion:

Bertaratutakoak:

Ez bertaratuak:

  • Pedro Aldai Urkixo
  • Estanislao Angulo Hormaza
  • Enrique Areiltza
  • Dionisio Aristegi Urtaza
  • Ramon Mentxaka Zarraga
  • Felipe Zulueta
Larrazabalgo baserri-txakolindegiaren irudia XIX. mendearen amaieraldera.
«Hilabete batzuk aurretik "Bizkaia bere independentziaren alde" (1892) liburua agertu zen, eta foruzale ateoek deitu zidaten lehenbiziko aldia izan zen, bai eta euren saiakeren aurreneko porrota ere. "Bizkaia bere independentziaren alde" agertu zenean -Sabinek azaroaren 20ko gutun batean jarraitzen zuen modura- nire lagunmin batzuk zenbait elementuei gustatu zitzaiela jakinarazi zidaten, gainera niri otordu bat eskeintzea pentsatzen zutela. Elementu hauek honakoak ziren: X eta X buruak (Areilza doktorea) mediku ospetsua... nahi duen edonorren aurrean bere ideiak aldarrikatzeko prest dagoen ateoa, eta hortaz hori izateagatik ezaguna dena; proselitoak, X-i jarraitu zioten Euskal-Erria elkarteko antzinako kide nabarmenak. Gonbitea iritsi zitzaidan; baiezkoa eman nuen: predikatzen ari nintzen doktrina berria baitzen, alderdi berria ezin zen bihurtu berriez ez bestez osatu ahal; bertaratuko zirenen fede ona suposatzea nahitanahiezkoa zen.»
Sabin Arana Goirik Engrazio Aranzadi Kizkitzari azaroaren 19-20 artean igorritako bi gutunen zatiak.[2]

Honela bada, gonbidatuak afari-meriendan jan-edanean hasi aurretik Sabin Aranak gerora Larrazabalgo hitzaldia deituko zena eskeini zien. Hitzaldi harren sarrera honako hau izan zen:

«Jaunok: Zuon irriki abertzalea, entzuten ari zareten bizkaitarrok, zorionez nire "Bizkaia independentziaren alde" liburu apalean jaurtiki nuen txinpartaren kontaktuaz piztu da, bere kearekin zuon ikuspegia zainduz, niregan neroni naizena ikustea eragotzi dizuelarik, Bizkaiko seme soil bat, eta zinezko estimuzko eskeintza neurrigabe hau egitera bultzarazi zizuen, utz iezaidazue hortaz, nire eskeron sakonena adierazi ondoren eta zuon eskeintzari zuoi ni naizen eta dudanarekin zerbitzatzeko asmoaz erantzunez, Jainkoaren eta nire Aberriaren aurka ez doan heinean...»
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[2]

Hitzaldiaren lehenbiziko herenean Bizkaiko historiari buruz mintzatu zen, bere arabera Espainiak Bizkaia zapalduta duela aipatu zuen, ondoren garai hartan Bizkaiko Aldundian ordezkatuak zeuden liberalak, kontserbadoreak, monarkikoak, errepublikarrak kritikatu eta espainolistak izatea eta Bizkaiaren aurka ekitea leporatu zien, kritika horien jomugan foruzaleak barne zeudelarik. Hitzaldiaren honako zati honetan Espainiak bere Aberria inbaditu zuela ere aipatu zuen:

«Nire Aberria ezagutzera iritsi eta zein gaitzek kaltetzen zuten jakitun jarri nintzenerako, nire inguruan lagunduko zidan beso eskuzabal baten bila begirada luzatu nuen, bihotz abertzale bat, gure mendiak ebakitzen zituen espainiar inbasio batekin topatu nintzen, eta hura ukatu beharrean, Bizkaiko seme ez duinek eroki eta frenetikoki laguntzen zuten, eta ez nuen alderdi bat, gizarte bat, liburu bat, egunkari bat, orrialde bat, orrialde bakar bat bera ere topatu, entzuten ari nauzuen bizkaitarrok, benetako bizkaitarra zenik.»
Sabin Arana Goiri. Larrazabalgo hitzaldia.

Laster, harriduraz beteriko entzuleei elkarte abertzale bat sortzeko asmoa zeukala azalduarazi zien:

«Elkarte nazionalista ez dago eratuta, eta ezin izango da eratu datorren urteko hasiera arte; bere estatutuak idatziak daude, bere programa politikoa ongi zehaztuta, eta beste egun batez, uzten badidazue, bata eta bestearen ideia emango dizuet; baina inor ez da elkarte horren kide, ezta bertan bazkidetu ere, bere aldarrikapena agertuko den eguna arte.»
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[2]

Amaitzeko entzunleei euskaraz mintzatu ez izanagatik barkamena eskatu eta Bizkaiaren independentziaren aldeko oihu batekin bukatu zuen:

«Eta bi gauza eskatu behar dizkizuet: lehenbizikoa, hitzaldi zabar honetan nire buruaz eta gauzez mintzatu izana. Solasaldi sinple batean bakoitzak bere buruaz mintzatzea zentsuragarria eta gorrotagarria baldin bada, oraindik areago jendaurrean eta idatziz. Baina kasu honetan nire liburuaren azkeneko ondorioa azalatzeko asmoz nire buruaz mintzatzeko beharrak, beharbada nire indiskrezioa barka dezake eta zuon induljentzia espero dut. Bigarrenik, atzerritar hizkuntzan zuzendu izan natzaizuela barkatu beharko didazue, zuon artean aberriaren hizkuntza ez dakitenak izanik, hortara behartua izan bainaiz: Eta orain, oihukatu ezazue nirekin: Gora Bizkaiaren independentzia!»
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[2]

Hitzaldia amaitu bezain laister, bertaratutako batzuk hitzaldian esandakoa onartu eta beste batzuk ixilik gelditu ziren.[2] Ramon de la Sotak Sabin Aranari zorionak eman eta berehala burua makurtuz entzundakoaz pentsakor jarri zen. Jan-edanean hasi bezain pronto mahaikideen desadostasunak azaleratzen hasi ziren. Bapatean, Ramon de la Sotaren taldeko kide batek hitzaldian aipatutakoa Euskal-Erria elkarteak jada defendatzen zuela esan zuen, Sabin Aranak ez zuen ezer erantzun, baina afarian zeuden gainerakoak Euskal-Erria elkartearen aurka mintzatzen hasi ziren. Honela, giroa berotzen eta gaiztotzen hasi zen, mingainek bihotzek sentitzen zutena aipatzen hasi eta dena nahasten joan zen. Hori gutxi ez balitz, kanpotik Euskal-Erriko bi kide txakolindegi barnera sartu ziren, haietako bat mozkorturik zegoelarik, eta eztabaidan parte hartu zuten.[2] Azkenik, begirada guztiak Arana-Goiri anaien gain jarri ziren, eta biek bertaratutakoei Euskal-Erria elkarteak Sabinek hitzaldian esandakoaren aurkakoa defendatzen zutela frogatzen saiatu ziren: españolismoa eta liberalismoa.[2] Eztabaidaren erdian esaldi hauek entzun ziren:

«Euskal Herriaren katolizismoa aldarrikatzea ez da beharrezkoa, berez hala baita.»
Ramon de la Sotaren taldeko kide batek aipatutako esaldia[2]
«Utz dezagun Jainkoa: gutaz arduratzeko oso goian baitago.»
Ramon de la Sota[2]

Gauzak honela, jada giroa puri-purian zegoen, Sabin eta Luis Aranak, euren adiskideak ziren hiru edo lau ez beste hamabiren bat pertsonen erasoen aurka defendatzera behartuak egon ziren, gainera euren adiskideek ez zituzten ez defendatu ez erasotzen, baina Sabinen arabera tarteka estabaida bor-bor zegoela bi anaien azalpenak oztopatu egiten omen zituzten, haietako batzuk ere liberalak zirelako. Adiskide haietako salbuespen bakarra Ziriako Llodio izan zen, hau gerora nazionalismora bilakatu eta Euzkeldun Batzokijako presidente-ordea izango zen.[2]

Mahaian zeudenak hamabi edo hamalau ziren, hauei sartu berri zirenak gehituz gero denera hemezortzi ziren. Sabinek bere Aberriarentzat katolizismoa aldarrikatzen zuela aipatu zien, bai izaera politiko nahiz zibilarengatik, oinarriz katolikoa baitzen. Une honetan Ramon de la Sota eta bere kide nabarmenenak eztabaidatik atera ziren. Aldiz, mozkorturik zegoen Euskal-Erria elkarteko kidea Arana Goiri anaiak iraintzen hasi zen, eta gutxi falta izan zen Sabin eta Luis Arana denekin mutur joka hasteko. Azkenik, Sabin eta Luis Arana anaiak zutitu eta Bilbora jeistea erabaki zuten.[2]

Egun hartan, hitzaldia eman eta eztabaida guzti horien ondoren, Sabin Aranak ez zuen lortu bertatatutako Ramon de la Sotaren taldeko kideak konbentzitzea, gainera Arana eta Ramon de la Sotaren elkarlan saioak hark porrot egin zuen. Hurrengo hilabeteetan bien arteko kontaktu informalak mantendu ziren, baina bakoitzak bere kabuz bere ibilbidea egiten jarraitu zuten. Handik urte askotara Manu Egileorrek honela deskribatu zuen Sabin eta Luis Aranaren gaur hartako etxerako itzulera:[3]

«Ankerki ederra zen gau hartako zeru izarreztatuaren pean, Sabin eta Luis Arana anaiak bakarrik eta ixilik lokartutako bidezidorretan ernaltzen zihoazen zelai bazterran barna itzuli ziren, Abandoko euren etxera itzuli ziren, abertzale igurtziz beteriko, ibilaldi eta solasaldiei ekitera, lantegi eskuzabalen forjaria zen lorategira, eguzkiaren iratzartzeari irekia zegoen aretoan...»
Manu Egileor Ikasle[3]

Errebelazioa

Hitzaldiaren pasarte batean Sabinek Luis anaiarekin Bizkaiari buruzko solasaldiak izan ohi zituela aipatu zuen, 1882an solasaldi hauetako batean Sabin Aranaren bizitza betirako eraldatuko zuen gertakari garrantzitsu bat eman zen:

Sabin Arana Goiriren estatua Bilboko Albia lorategietan.
«Larogeitabigarren urtea (Nire Aberria ezagutu eta atzerritar ilunpeetatik atera nintzen eguna bedeinkatua izan dadila!), nire anaia Luis eta ni gure lorategian pasioan genbiltzan goiza batean, eztabaida politiko bat izan genuen. Nire anaia jada bizkaitar nazionalista bat zen; nik nire per accidens karlismoa defendatu nuen. Azkenean, eztabaida luze baten ondoren, egia bilatzeko helburuaz batak bestea erasotu eta bata bestearengandik defendatzen ibili ostean, berak Bizkaia Espainia ez zela frogatzeko hainbeste froga historiko eta politiko aurketuz, eta karlismoa jada, ez Espainiarengandik isolamendu edota haustura osoa, baita jaurgoaren usadio soilak ere lortzeko desegokia eta txarra zela erakusten horrenbeste ahalegindu zenez, nire anaiak historiaz ni baino gehiago zekiela eta neu engainatzeko gai ez zela jakinik, nire burua zalantza fasean sartu eta Bizkaiko historia gogo barez ikertu eta egiari irmoki atxikitzeko zina burutu nuen.»
Sabin Arana Goiri. 1882an anaiarekin izandako solasaldiari buruz Sabin Aranak 1893ko Larrazabalgo hitzaldian eginiriko aipamena.[4]

Gertaera honen ondoren 17 urteko Sabin Arana gazteak lau hausnarketa nagusi ondorioztatu zituen:

  • Karlismoa ez zela foruak berreskuratzeko biderik egokiena, alderantziz, euskal herritarrentzat ideologia horrek kaltea besterik ez zekarrela.
  • Bizkaia ez zela Espainia, hots, Bizkaia independentea behar zuela izan.
  • Luis Arana Goiri anaiak Bizkaiari buruzko historia eta foruak berak baino hobeto ezagutzen zituela aitortzen du.
  • Euzko Alderdi Jeltzalea sortu aurretik jada bizkaitar edo eusko nazionalistak bazaudela, nahiz eta mugimendu politiko gisa oraindik antolaturik egon gabe egon, bere anaia bizkaitar nazionalista horien adibide jartzen duelarik.

Usadioz Arana-Goiri anaiek izan zuten solasaldi garrantzitsu hura 1882ko Berpizkunde Igandean gertatu zela aipatu ohi da. Hau dela eta, 1932. urtetik aurrera eta urtero jai egun honetan eta gertakari garrantzitsu harren omenez Aberri Eguna ospatu ohi da.

Gerora, 1893. urteko Larrazabalgo hitzaldian jendaurrean aitortuko zuen bezala, bere anaia Luisekin izandako sosaladiaren ondorioz barne gogoeta bat egin eta handik aurrera hiru helburu edo betebehar burutu behar zituela argi eta garbi ondorioztatu zituen:

«Lehenbiziko egunetik nire begien aurrean hiru lan aurkeztu zitzaizkidan: nire Aberriaren hizkuntza ikastea, zoritxarrez niretzat erabat ezezaguna zena, bere historia eta legeak: eta bigarrenik, euskaraz ez zekiten nire aberrikideei, Gramatika bat argitaratuz, hura ikasteko bidea eman, eta liburu batzuen eta egunkari baten bidez, aberriaren historia eta politika irakatsi: eta lan guztien sintesi modura, atzerritartasuna errotik atera eta abertzaletasuna ezarri, Bizkaiko seme guztiak bandera bakar baten pean jarriz, usadioaren bandera orbangabea, esklabotzaren zama gainetik astindu eta duintasun eta kemenez Aberria ezartzeko indarra beraganatzeko asmoz.»
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[2]

Erreferentziak

Kanpo estekak