Lumentza (leizea)

Bizkaiko koba, labar artea eta bestelako aztarna dituena
Lumen­txa» orritik birbideratua)

Lumentza (Lumentxa, Kalbario eta Garratxa izenez ere ezaguna), Ispasterren (Bizkaia), Lekeitiotik hurbil eta izen bereko mendiaren hegoaldeko hegalean dagoen haitzulo bat da, Kakueta izeneko ingurunean kokatua. 1930eko hamarkadan egindako indusketetan han Madeleine aldiko aztarnak topatu zituzten Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek; egun, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan daude aztarna horiek.

Lumentza
Garratxa
Map
Kokapena
Koordenatuak43°21′36″N 2°30′0″W
Ezaugarriak
Garaiera60
Altuera5 m
Sakonera88 m
Bisitagarriaez
ErreferentziaIS-037
KatalogoaADES

Toponimia

Mendiaren izena Lumentza (herriko ahoskeran) edo Lumentxa da (“-atxa” atzizkiarengatik, Lekeitioko Udalak onartu bezala[1] eta argitalpen zientifiko gehienek erabiltzen dutena). Bertan dozena bat inguru kobazulo daude,[2] eta artikulu honetan komentatzen ari garena Kakueta izeneko inguruan dago, zehatzago esanda Garratxa izeneko parajean; hauxe da, hain zuzen ere, Lekeition erabiltzen den izena.[3]

Historia

Kobazuloa aspaldi ezaguna zen, eta besteak beste, duela bi mendeko grafitoak agertzen dira (tartean "Ysabel 2" izena daraman bat, 1868ko datarekin[4], edo "Baldomero" izena daraman beste bat). 1936ko Gerrako bonbardaketetan, herritarren babeslekua izan zen, beste leku batzuetan gertatu zen bezala.

Bertan hainbat ikerketa espeleologiko egin dira; haien artean hauek nabarmendu ditzakegu:

  • 1892an, Manuel Martinez de la Escalera entomologo donostiarrak Bathyscia generoko intsektuen laginak jaso zituen (gaur egunean Quaestus izena du genero horrek).[5]
  • Urte berean, Ramon Adan de Iartza geologoak bertan egindako azterketak aipatu zituen “Descripción Física y Geológica de Vizcaya” liburuan.[6]
  • Kobazuloaren sarrera nagusia 1957 urtean
    1921eko abuztuaren 12an Jose Miguel Barandiaranek, Santimamiñen industen ari zela, haitzuloa bisitatu zuen Nicolás Arroitaren eta Eustasio Arritolaren eskutik, bertan aztarnategia aurkituz.[7] 1924tik 1929ra Barandiaranek berak induskatuko zituen, Telesforo Aranzadirekin batera.[8]
  • 1963an eta 1964an, Barandiaran 1920. hamarkadan utzitako lekukoa industen aritu zen, espoliatzaileen mende galtzeko arriskuan baitzegoen.[9]
  • 1984tik 1993ra, Jose Luis Arribas Pastor arkeologoaren taldeak sarrerako gelako eskuin aldeko lekukoa induskatu zuen. Erromatar Behe Inperioko, Brontze Aroko eta Kalkolitoko erabilpen aztarnak aurkitu zituzten, Aziliar Aroko mailan zundaketak eginaz.[10]
  • 2012. urteko otsailean, Diego Garate eta Joseba Rios Garaizarren taldeak labar arte irudiak aurkitu zituen kobazuloan, okrez marrazturiko bisonte bi eta zaldi buru bat zehatzak izateko, kobazuloan zehar dauden zenbati orban eta trazu gorrirekin batera. Magdalen aldikoak dira, duela 14.000 eta 12.500 urte artekoak. Paleolitoko pintura hauen gainean 1868. urteko grafiti batzuk aurkitu zituzten, tartean "Uribe" izena zeraman bat.[11]

Arkeologia

Esan bezala, kobazuloko aztarnategia 1924tik 1929ra induskatu zituen Jose Miguel Barandiaran eta Telesforo Aranzadirek, eta 1935ean emaitzak argitaratu zituzten Santimamiñeko lanei zuzenduriko hirugarren bilduman[12]. Honetaz aparte, artikulu bakan batzuk argitaratu zituzten aurkituriko arte higikorrari eskainiak, Santimamiñe, Bolinkoba eta Urtiagako beste adibide batzuekin batera[13][14], edota giza hezurdurei zuzendurikoak[15].

1937an, Lekeitioko udalaren aginduz, sarrera alboko galeria bat (B izenekoa) ireki zen, guda zibilean babesleku gisa erabiltzerakoan leku erabilgarria handitzeko asmoz[16]. Albo galeria hau, J.M. Barandiaranen helburu izan zen 1963. urtean egindako indusketa berrian, eta urtebete arinago, kobazuloaren estratigrafiaren lehendabiziko proposamena egin zuen ikerlari honek[17]. 1984tik 1993ra, J.L. Arribas Pastorreko induskatu zituen geratzen ziren testiguak.[18] Arinegi induskatu izanaren zailtasunak medio, eta egin diren eztabaida eta berrikuspenen ondoren, hau izan daiteke Lumentxan aurkituriko okupazio mailen laburpena:

  • Paleolito garaia: Hasieran Aurignac aldikoak izan litezkeen okupazio mailak proposatu baziren ere F mailarentzako (geroago VII deitua), litekeena da maila hau behe Madelein aldiari esleitu beharra. Nahasketa hau karrakagailu karenatuen balizko presentziagatik etorriko liteke. Sukarrizko pieza hauek, Aurignac aldian ohikoak diren arren, behe Medeleine aldian agertzen diren nukleo formako karrakagailuekin nahastu daitezke. Agertzen diren azagaiak, oin bakarrekoak eta galburu formako apaindurekin, azken garai honetakoak dira (mehe Medeleine aldikoak), beraz kobako okupaziorik zaharrena duela 30.000 urte ingurutik, 17.000 urte ingurura aurreratu beharko litzateke.[19] Antzeko kasua gertatu da berriki Santimamiñen egindako berrikuspenarekin, non maila antzinakoena Aurignac aldi ordez behe Madelein aldikoak direla proposatu diren.[20] Hurrengoko mailarekin (E edo VI) berdina gertatuko litzateke, goi Solutre aldia (18.000 urte inguru) proposatu zen arren, seguruena da behe edo agian erdi Madeleine aldikoa izatea (16.000 - 14.000 urte inguru). D eta C mailetan (edota V eta IV) ez da inoiz zalantzarik egon, Goi Madeleine aldiko (13.000 - 11.700 urte artean) fosil-gidari diren arpoi zirkularrak agertu baitziren. Honetaz aparte, okre zati ugari agertu ziren, tartean grabaturiko zaldiak zituen hematite zatitxo bat. Honen gainean, B geruza egongo litzateke (III ere deitua), non Azil aldiko (duela 11.700 eta 9.500 urte inguru) arpoi lauak agertuko lirateke.
  • Neolito garaiko zeramikazko ontzitxoa (Arkeologi Museoa).
    Paleolito osteko garaiak: Antzinako okupazioak B edo III eta A edo II geruzetan egongo lirateke, Mesolito izeneko garaian, eta duela 7.000 inguruko datazioekin. Geruza hauetan maskortegiak agertuko lirateke, lapak eta ostrekin, ikatz arrasto batzuekin eta sukarrizko industria bakan batekin. Hauen gainetik zeramikazko lehen garaiak antzinako Neolitoan egongo lirateke (duela 6.100 urte inguru). Garai hauetan aldizkako bizileku bezala erabili izanaren arrastoak ageri dira, noiz behinka ehorzte leku bezala tartekatuz. Dinamika hau antzinako kalkolito eta brontze aroan ere gertatuko litzateke Lumentxan. Giza hezurdurak lurzoruaren gainean utziko lirateke, estali gabe, eta denbora baten ostean kobazuloa berriz okupatuko litzateke. Orotara gutxienez 7 banakoren aztarnak agertu dira, adin eta sexu ezberdinetakoak, eta garai ezberdinetakoak (duela 6.100 urtetik 3.500 urte ingurura).[21] Hauez aparte, esku errotak, eta zeramikazko ontzitxoak zein hortzak agertu dira.
  • Erromatarren garaia eta aro historikoak: Azkenik, goreneko mailetan (A edo I mailak), nahasturiko lurzorua agertu da eta arrastorik antzinakoenen artean Erromatarren garaikoak (Inperio aldikoak) diren zeramikak (Terra Sigillata) eta fibulak aipa ditzakegu. Batzuetan material hauek bertikalki desplazatu dira beheragoko mailetara ere. Goreneko geruzetan, garai modernotako arrastoak daude, sutondoak eta animalien hezurrak, batez ere.

Labar-artea

Lumentxako labar artea, 2012ko otsailaren 24an aurkitu zuten Diego Garate eta Joseba Riosek. Aurkikuntza hau XXI. mendeko paleolitoko labar artearen "euskal hutsunearen" betetze prozesuan sartuko litzateke bete-betean. Aurkikuntza berantiar hauek, ezagutzen diren kobazulo apainduen kopurua hirukoiztu egin dute gure lurraldean.[22]

Lumentxako kobako panel nagusia, Madeleine aldiko bi bisonte gorri eta zaldi buru batekin. (Garate et al. 2013)

Orotara, 27 unitate grafiko aurkitu dira kobazuloan zehar. Hauek, sarreratik irteten diren azpiko B galerian (karratu formako orbain gorria) eta batez ere, galeria nagusian aurkitzen dira. Gehienak orbain eta puntuazio sinpleak izango lirateke. Hala ere, kobazuloaren irteeratik hurbil dagoen albo-zoko batean kokatzen den bloke higatua aipatu beharko genuke. Honek bi bisonte handi (ia 2 metroko luzera duena) eta zaldi baten burua baititu gorriz margoturik. Bisonteen sorbalda egiteko, harriaren forma erabili zen maisuki. Hauen ezaugarriak (gorputz adarren perspektiba eta ilea, begiak eta bizarra bezalako xehetasunen presentziak), Madeleine aro berantiarra proposatzen dute egite-garai moduan.[11]Irudi hauez aparte, bisonteetatik gertu, okre errautsezko orbain bat agertu da bloke baten gaineko zoruan. Baliteke Madeleine aldiko artistek zonalde honetan prestatu izana animalien irudiak egiteko erabiliko zuten pigmentua. Ere aipatu beharko genuke sarrerako gelako horma bateko arrakala batean txertaturiko suharrizko tresna (jarduera sinbolikoekin lotuta egon ohi dena) eta pasabide bat ixten duen harriak multzokatuz egindako horma zaharra (gainean dituen estalagmitek bere antzinakotasuna frogatu egiten dute).

Kobazuloaren topografia (oina)

Geologia

Haitzuloak bi sarrera ditu, bat Hegoaldera begira eta bestea Ipar-Ekialdera.

50m inguruko garapena du eta galeria nagusi batez eratuta dago. Galeria horren bukaera partean, Sabaia hainbat puntutan erori da eta sasi-galeria batzuk sortu ditu.

Erreferentziak

Kanpo estekak