Metanogenesi

Metanogenesia hainbat mikroorganismok burutzen duten metano-ekoizpenari deritzo. Bizidunen artean, metano sortzeko ahalmen hori arkeo gutxi batzuek besterik ez dute.

Metanogenesia ingurune anaerobioetan burutzen da. Prozesu horretan parte hartzen duten arkeoak anaerobio hertsiak dira, eta oxigenoaren ordez CO2 erabiltzen dute elektroien azken hartzaile moduan, osatzen duten arnasketa anaerobioan:

CO2 + 4 H2 → CH4 + 2H2O

CO2 erabiltzeaz gain, azido azetikoa, metanol eta metilamina ere izan daitezke metanoa sortzeko erabilitako substratuak.

Arkeobakterio metano-ekoizleak hiru motako ingurune anaerobioetan bizi daitezke; hiruretan materia organikoaren biodegradazioa burutzen da:

  • sedimentu anoxikoak dituzten ur-inguruneetan: zingira, aintzira eta lakuetan (haien sedimentu anaerobioetan)
  • animalia hausnarkarien digestio-aparatuan, eta beste animalia batzuen (gizakia barne) heste lodian
  • hondakin-uren araztegietan: hondakin-uren tratamenduan sortzen diren lohi edo sedimentuak andel anaerobio handitara eramaten dira. Bertan bakterio hartzitzaileek eta archaea metanogenoek ur zikinek zuten materia organikoa eraldatzen dute, CO2, H2 eta gantz-azidoak agertuz, lehenengo fase batean, eta metano gasa, geroago

Metanogenesia anaerobiosian gertatzen den materia organikoaren deskonposizioaren azken fasea da. Sortzen den metanoa (CH4) atmosferara joaten da, eta horrek ere eragina handia du berotegi-efektuaren garapenean.

Ikus, gainera

Kanpo estekak