Mu (kontinente galdua)

Mu edo Mu Kontinente Galdua, antza, izan zen kontinente baten izena da. XIX. mendean Augusto Le Plongeonek antzinako zibilizazioen arteko lotura azaltzeko planteatu zuen kontzeptu hau. Haren ustez Antzinako Egiptoren eta Mesoamerikako kulturen jatorria kontinente galdu horretan zegoen. Mu Ozeano Barean egongo zen eta handik ihes egindakoek sortuko zituzten kultura ezberdin horiek; ezberdinak baina, aldi berean, elementu amankomunekin eta teknologia aurreratu baten jabeak. Ondoren James Churchwardek hipotesi hori zabaldu zuen.[1]

Muren kokapen hipotetikoa, Ozeano Barean.
Yonaguniko Egiturak Muren aztarnak gisa identifikatu izan dira.

Aurkikuntza

James Churchward koronelak hamabi urte Indiako tenplu batean gordetako taulatxo sakratuak deszifratzen egon zen. Haren interpretazioaren arabera zenbait mila urte Ozeano Barean izandako kontinente galdu baten istorioa zuen begien aurrean. Indiak utzi ondoren, James Churchward-ek ikerketak egin zituen eta, haren ustez, antzinako zibilizazio baten existentziaren froga zehatzak aurkitu zituen, bereziki W. Niven arkeologoaren lanari esker. Antzinako testu ugari aztertuz, J. Churchward-ek egia harrigarria erakutsi zuen, desagertutako kultura baten aztarnak, alegia. Horri esker errazagoa zen munduaren historia ulertzea.[2]

Duela milaka urte, agian, hondamendi geologikoen eraginez olatuen azpian hondoratu zitekeen kontinente hori. Irteten diren zati batzuk Ozeano Barean zehar barreiatutako milaka harkaitz uharte bihurtu ziren, Pazko uhartea, Tahiti, Hawaii eta Samoa barne. Lemuria eta Mu, zentzu horretan, izen trukagarriak dira: Hego Pazifikoko edo Indiako Ozeanoa "Mundu Galdua"ren izenak.[3]

Zientzialarien ikuspuntua

Le Plongeonen garaian Mu inguruko hipotesiak eztabaida handiak sortu zituen. Gaur egun, ordea, zientzialariek Mu kontzeptua ezeztatu dute. Gauza bera gertatu da, baita ere, desagertutako beste kontinente hipotetiko batzuekin, esaterako Lemuria. Plaken tektonikak bereziki aukera hori ezeztatu du: kontinente oso bat ezin da hain denbora gutxian desagertu. Egun zientziak Muren inguruko teoriak baztertu ditu.[4] Ameriketako eta Mediterraneo aldeko kulturen arteko loturak ere, bestetik, erabat baztertu dira. Zientziatik kanpo badira ere oraindik hipotesi hori aldarrikatzen duten taldeak badira, gehien batean okultistekin edo New Agerekin lotutakoak; haientzat kontinente horren esistentzia demostratzeko argumentu garrantzitsua Yonaguniko Egiturak dira.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak