Ongarri

Ongarria edo ongailua substantzia organiko edo ez-organikoa da, landareentzako mantenugai asimilagarriak dituena.

Ongarritzat erabilitako simaurra.

Ongarriak erabiltzen dira, besteak beste, lurzoruan mantenugaien edukia mantentzeko edo areagotzeko, substratuaren nutrizio-maila hobetzeko eta landareen haziera begetatiboa estimulatzeko. Ongarrien iturriak naturalak zein industrialak dira.[1]

Historia

Lurzoruaren emankortasuna kudeatzea nekazarien kezka izan da antzinatik. Egiptoarrek, erromatarrek eta alemaniarrek mineralak eta simaurra erabiltzen zituzten euren baserrietan produktibitatea hobetzeko.[1] Landareen nutrizio-zientzia XIX. mendean hasi zen Justus von Liebig alemaniar kimikariaren lanarekin, besteak beste.

1910eko eta 1920ko hamarkadetan, Haber prozesuaren eta Ostwald prozesuaren gorakada gertatu zen. Haber prozesuak amoniakoa (NH3) metano gasetik (CH4) eta nitrogeno molekularretik (N2) sortzen du. Haber prozesuko amoniakoa azido nitriko (HNO3) bihurtzen da Ostwald prozesuan zehar.[2]

Ongarri komertzialen erabilera etengabe handitu da azken 50 urteetan.[3] Ongarri komertzialik gabe, gaur egun sortutako elikagaien heren inguru ekoitzi ezin izango litzatekeela kalkulatu da.[4]

Urearen eta formaldehidoen konbinaziotik eratorritako polimeroetan oinarritutako nitrogenoaren askapen kontrolaturako teknologiak 1936an ekoitzi ziren lehenengo aldiz eta 1955. urtean merkaturatu ziren.[5]

1960ko hamarkadan, Tennessee Valley Authority Ongarrien Garapen Zentro Nazionalak sufrez estalitako urea garatzen hasi zen. Sufrea estaldura-material nagusi modura erabili zen, bigarren mailako mantenugai modura duen kostu txikiagatik eta balioagatik.

Oinarrizko ongarriak

Ongarrien ekarpenak hauek dira:

Bigarren mailako elementu eta mikronutriente horiek lurzoruan kantitate nahikoan aurkitu ohi dira, eta soilik horien falta dagoenean gehitzen zaizkio ongarriari.

Landareek elementu primarioen kantitate nahiko handiak behar dituzte.

  • Nitrogenoak landarearen zati guztien garapen begetatiboari laguntzen dio.
  • Fosforoak landareen erresistentzia areagotzen du eta erroen garapenean laguntzen du.
  • Potasioak loreen eta fruituen garapena sustatzen du.

NPK ongarriak gaur egun saltzen diren ongarri gehienak dira. Nitrogenoa da horien artean garrantzitsuena.

Ongarri motak

Ongarriak jatorri (organiko, mineralak) edo elementu kopuruaren (sinple eta konposatuak) arabera sailkatzen dira.

Ongarri organikoak

Animalia- edo landare-jatorria dute, guanoa, adibidez. Hala ere, sintesi prozesu batean sortutakoak izan daitezke, adibidez urea. Lehen motakoak batez ere industria-hondakinak dira, hala nola hiltegi-hondakinak. Bereziki nitrogenoa ematen diote lurrari, eta beren zeregin nagusia humusa eratzea da.Bigarren motakoak landare-jatorriko hondakinak izan daitezke, eta izaera kimikoa landarearen araberakoa da.

Ongarri inorganikoak

Jatorri minerala duten substantziak dira, industria kimikoan edota meatokien ustiapenean sortuak. Nagusiak nitrogenodunak, fosfatodunak eta potasiodunak dira.

Ongarri mineralen izena bere hiru konposatu nagusien araberakoa da (NPK). Merkaturatzen diren egoera fisikoaren arabera sailka daitezke.

  • Solidoak: NPK ongarri gehienak eta urea.
  • Likidoak: zenbait NPK ongarri eta aminoazidoak.

Ongarri sinpleak

Nutriente bakarraz osatutako ongarriak dira. Nitrogenodunak, fosfatodunak edo potasiodunak izan daitezke, besteak beste. Nitrogenodunen artean ohikoenak amonio nitratoa eta urea dira. Amonioaren aurrean ureak duen abantaila da ez dela solido lehergarria. Ongarri fosfatodun garrantzitsuena superfosfatoa da. Oinarrizko ongarri potasikoa potasio muriatoa da. Potasio muriatoa % 95-99ean KCl-z osatuta dago.

Ongarri konposatuak

Nutriente nagusiak (nitrogenoa, fosforoa eta potasioa) konbinatuz osatzen dira. Gainera, nutriente sekundarioak (kaltzioa, magnesioa eta sufrea) eta mikronutrienteak (boroa, kobrea, burdina, manganesoa, molibdenoa eta/edo zinka) eduki ditzakete.

Aplikazioak

Ongarriak uzta guztien hazkunderako erabiltzen dira. Aplikazio-ratioa zoruaren emankortasunaren araberakoa izaten da.

Likidoak eta solidoak

Ongarriak solido zein likido gisa aplikatzen dira uztetan. Ongarrien % 90 inguru solido moduan aplikatzen dira. Ongarri inorganiko solido erabilienak urea, diamonio fosfatoa eta potasio kloruroa dira.[7]

Ongarri likidoen artean ondoko hauek daude: amoniako-anhidroak, amoniako-disoluzio urdunak eta amonio nitratoaren edo urearen ur-disoluzioak. Ongarri likidoen abantailak dira efektu azkarragoa eta estaldura errazagoa dituztela.[8]

Ongarrien askapen motela eta kontrolatua

Ongarrien aplikazio honek merkatuaren % 0,15 soilik estaltzen du. Landareei elikadura eskaintzen diete, baina pozoitsuak ere gerta dakizkieke.

Mantenugaien erabileraren eraginkortasuna handiagoa izateaz gain, askapen geldoko teknologiek ingurumenean duten inpaktua eta lur azpiko uren kutsadura ere murrizten dituzte.[5]

Hostoetarako aplikazioa

Hosto-ongarriak deritze hostoei zuzenean aplikatzen zaizkien ongarriei. Metodoa batez ere fruitu handiko uztetarako erabiltzen da.[8]

Nitrogenoaren absortzioan eragina duten substantzia kimikoak

Hainbat produktu kimiko erabiltzen dira ongarri nitrogenodunen eraginkortasuna hobetzeko. Modu horretan, nekazariek nitrogeno-isurketaren efektu kutsatzaileak mugatu ditzakete.

Gainongarriketa

Ongarriak eragindako erredura

Ernalketa-teknologia zainduak garrantzitsuak dira gehiegizko mantenugaiak kaltegarriak izan daitezkeelako.[9] Ongarri-erreketa gerta daiteke ongarri gehiegi erabiltzen denean, eta, orduan, landarea kaltetu eta hil daiteke.

Ongarrien kontsumoa munduan

Berriki nitrogenodun ongarriak normalizatu dira herrialde garatu gehienetan, eta Txina ekoizle eta kontsumitzaile handiena bihurtu da. [10] Nitrogenoak inpaktu adierazgarria izan du mineralen erabilera globalean. Nitrogenoaren ekoizpenak 1960. urtetik gorakada nabarmena izan du.[11] Potasa Kanadan, Rusian eta Bielorrusian ekoizten da. Hirurek batera mundu osoko ekoizpenaren erdia inguru osatzen dute.[12] Potasaren ekoizpena Kanadan 2017. eta 2018. urteetan % 18,6 igo da.[13] Adituen arabera, laborantzako etekinen % 30 eta % 50 ongarri komertzial naturalei edo sintetikoei zor zaie.[14][15] Europako ongarrien merkatua hazi da, 2018. urtean 15,3 milioi euroko diru-sarrerak lortu arte.[16]

The World Bank-ek 2012. urtean argitaratu zituen laborantzarako baliagarriak diren landen hektarea bakoitzeko ongarrien kontsumoaren datuak.[17] Europar Batasunean ongarrien guztizko kontsumoa 15,9 milioi tona 105 milioi hektareekiko da.[18]

Ongarrien[Betiko hautsitako esteka] kontsumoa mundu mailan (kg/ha)

Ingurunearen gaineko eraginak

Ongarrien erabilera landareentzako onuragarria da horiei mantenugaiak gehitzen dizkielako. Hala ere, ingumenean hainbat eragin negatibo dituzte ongarriek.[11]

Ura

Erabilera arruntetan, fosforo- eta nitrogeno-ongarriek eragin handia dute ingurumenean.[19] Nekazaritza-isuriak laguntzaile garrantzitsuak dira ur gezako gorputzen eutrofizazioan. Arazo honen errudun nagusia fosfatoa da. Fosfatoen kontzentrazio altuek zianobakterioen eta algen hazkundea bultzatzen dute. Zianobakterioen loratzeek ('alga-loratzeak') elikagai-katean pilatu daitezkeen toxina kaltegarriak ere sor ditzake gizakientzako kaltegarriak izan daitezkeenak. [20][21]

Ongarrien isurietan aurkitutako nitrogenodun konposatuak oxigenoaren agortze larriaren kausa nagusiak dira, batez ere kostaldeko zonaldeetan, aintziretan eta ibaietan. Disolbatutako oxigenoaren gabeziak asko murrizten du eremu horiek fauna ozeanikoa izateko gaitasuna.[22]

Nitrogenoan oinarritutako ongarrien zati bat bakarrik bihurtzen da landare-materia. Gainerakoa lurzoruan pilatzen da edo ihesbide gisa galtzen da.[23] Ur-nitratoaren disolbagarritasun handiak azaleko uretan isurketa handitzea eta lurpeko uretan isurtzea ere eragiten du. Horren ondorioz, lurpeko kutsadura gertatzen da. [24][25][26]

Lurra

Azidifikazioa

Nitrogenoa duten ongarriek lurzoruaren azidotzea eragin dezakete gehitzen direnean.[27][28] Horrek mantenugaien erabilgarritasunaren murrizketa ekar dezake.

Elementu toxikoen metaketa

Kadmioa

Fosforoa duten ongarrietan kadmioaren kontzentrazioa asko alda daiteke eta arazo ere izan daiteke.[29] Kadmio kantitate handia duten ongarrien etengabeko erabilerak lurzoruaren eta landareen kutsadura eragin dezake.[30] Europar Batzordeak aintzat hartu du fosforoa duten ongarrietan kadmio edukia mugatzea. [31] [32][33]

Fluoruroa

Fosfato-arrokek fluoruro maila altuak dituzte. Horrenbestez, fosfatoen ongarrien erabilera zabalak lurzoruko fluoruroaren kontzentrazioak areagotu ditu.[30] Horren ondorioz, abereek lurzoru kutsatuak irensten dituzte, toxikotasun maila altukoak direnak.

Energia-kontsumoa eta iraunkortasuna

Klima-aldaketarako ekarpena

Berotegi-efektuan parte hartzen duten hainbat substantzia sortzen dira nitrogenodun ongarriak ekoiztean, esate baterako, karbono dioxidoa, metanoa eta oxido nitrikoak.

Atmosfera

Nitrogenodun ongarrien ekoizpenaren gorakadari esker, oxido nitrosoa berotegi-efektuko hirugarren gas garrantzitsuena bilakatu da, karbono dioxidoaren eta metanoaren ondoren. Beroketa globalari 296 aldiz gehiago kaltetzen dio karbono dioxidoaren kantitate berarekin konparatuz. Gainera, ozono estratosferikoaren murrizketan eragiten du.[34] Prozesuak eta prozedurak aldatuz gero, posible da klima-aldaketa antropogenikoan izan daitezkeen efektu batzuk arintzea, baina ez guztiak.[35] Amonioz osatutako ongarriak erabiltzen direnean metano-emisioak handitzen dira.

Erregulazioa

Europan nitrato-kontzentrazio altuen isuriak ikertzen hasi dira. Britania Handian, nekazariei lurra modu iraunkorragoan kudeatzeko "nekazaritzarekiko sentikorra den nekazaritza" bultzatzen da.[36] Estatu Batuetako Oregon eta Washington estatuek, adibidez, ongarriak erregistratzeko online programak dituzte analisi kimikoak zerrendatzen dituzten datu-baseekin.

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak