Rosario Zubizarreta

erraketista

Rosario Zubizarreta Churruca (Ermua, Bizkaia, 1918ko abenduaren 17aSegovia, 2002ko irailaren 11) erraketista profesionala izan zen, Ermua I goitizenarekin atzelari gisa jokatu zuena.[1]

Rosario Zubizarreta

Bizitza
JaiotzaErmua1918ko abenduaren 17a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaSegovia2002ko irailaren 11 (83 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Pilota
 
Izengoitia(k)Ermua I eta Cornelianekua

Bizitza

Ama Corneliaren[2] jaiotetxea izandako Mallabiko Useleta baserrian munduratu zen arren, aitak Ermuan erregistratu zuen eta handik aurrerako dokumentu guztietan berau du jaioleku.[3]

Ermuko Artekale 11, Zubizarreta Churruca pilotarien bizileku.

Juan Cancio[4] aita armagina zen lanbidez eta buruz buruko pilotaria ere izandakoa zen. Aitaren pilota zaletasunak edo familiaren etxea Ermuko frontoi hegalean egoteak, ez jakin zerk bultzatu zuen seme-alaben ogibidea, euretako lau pilotari izan zirelako: Ignacio eta Fernando puntistak, eta Rosario eta Eladia erraketistak.[1][5]

Aita Bilboko Larrinagako espetxearen erasoaldian hil zuten 1937an[6][7] eta Rosariok, anai-arrebetan zaharrena, amari lagundu behar izan zion gazteagoak aurrera ateratzen. Gerrako alargun bezala, Ermuko Erdikokalean estanko bat eman zioten, Cornelianekua bezala ezagutua herrian eta Rosario arduratzen zen astero-astero Durangora joaten, zegokien tabakoa ekartzeko. Bidaia beste gauza batzuk saltzeko aprobetxatzen zuen baina: fruta, gaztak… diru apur batzuk familia ekonomiari laguntzeko. Ile-apaintzen ere ikasi zuen eta arratsaldeetan herriko kooperatiban aritzen zen lanean. Erraketan jokatzea aukera bat izan zen berarentzako, etxekoei lagundu eta bizitzan aurre egiteko bide posible bat.[1]

Pilotari

Eladia ahizpa Salamancara joanda zegoela erraketan jardutera, frontoi berera abiatu zen Rosario ere eta, atzelaria izanda, sarritan jarri zuten aurrelari zen ahizparen bikote. Aktibo eman zuen urte eta erdian, Tormes eta Madrid pilotalekuetan jokatu zuen, Ermua I goitizenarekin.[5] Pilotari trebea zen, antxitxiketalari aparta kantxan, jote onekoa. Jokatuz irabazitakoen zati bat etxera bidaltzen zuten ahizpa biek, gainerako anai-arrebak aurrera atera zitezen.[1]

Madrilen jokatzen zegoela, belaunean eraso egin eta meniskoa apurtu zuen. Jokatzegatik dirua irabazten zuen kirolari batentzako oker handia zen horrelako lesio bat izatea eta erraketa uztea erabaki zuen.

Salamancan ezagututako Manuel Sanchezekin ezkondu zen Ermuan, 1943ko abenduan eta lasterrera Segoviara bizi izatera joan zen bikotea. Lau seme-alaben guraso izan ziren eta Atalaya Bitxitegi entzutetsuen jabe.[8] Rosariok maite zuen mostradorea, salerosketa, bezeroekiko hartuemana... eta kostata eta ez pena gutxirekin hartu zuen erretiroa.

Rosario Zubizarreta Segovian zendu zen 2002ko irailaren 11an eta bertako Angel de la Guarda kanposantuan lurperatu zuten.[1]

Erreferentziak

Kanpo estekak