Sara Blakely

estatubatuar enpresaburua eta filantropoa

Sara Treleaven Blakely (Clearwater, Florida, 1971ko otsailaren 27a) estatubatuar enpresaburua eta filantropoa da. Spanx izeneko Ameriketako Estatu Batuetako azpiko arropa enpresaren sortzailea da.[1] 2012an Time aldizkariak urteko munduko 100 pertsonarik itzalsuenen Time 100 zerrendan sartu zuen. Forbes aldizkariak ere munduko 100 emakume boteretsuenen zerrendan sartu du: 2014an 93. postuan eta 2015ean 91.enean.[2]

Sara Blakely

zuzendari exekutibo

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSara Treleaven Blakely
JaiotzaClearwater (Florida)1971ko otsailaren 27a (53 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaClearwater (Florida)
Orlando
Atlanta
Familia
Ezkontidea(k)Jesse Itzler  (2008 -
Hezkuntza
HeziketaFloridako Unibertsitate Estatala : Komunikazio
Clearwater High School (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakenpresaburua, bakarrizketalaria eta mezenasa
Enplegatzailea(k)Walt Disney World Resort
Danka (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaDelta Delta Delta (en) Itzuli

IMDB: nm1789114 Twitter: sarablakely Instagram: sarablakely TikTok: sarablakely Edit the value on Wikidata

Bizitza

Gaztaroa

Blakely Clearwaterren jaio zen 1971ko otsailaren 27an. John Blakely abokatuaren eta Ellen Barkley (Ellen Ford ezkongabe-izenez) artistaren alaba da. Neba bat du, Ford Blakely artista.

Clearwater High School eskolan ikasi zuen. Ondoren, Floridako Estatu Unibertsitatean graduatu zen Komunikazioan.[3] Unibertsitate-garaian Delta Delta Delta emakumezkoen ikasle-ermandadeko kide izan zen.

Lan-ibilbidea

Abokatutza ikasketak egin nahi zituen, baina iritziz aldatu zuen Zuzenbide Eskolan Sartzeko Hautaprobetan bitan behar baino emaitza apalagoak lortu eta gero. Orlandoko Walt Disney World Resorten lan egin zuen hiru hilabetez.[3] Aldi berean, stand-up bakarrizketari ere aritu zen.

Ondoren, bulegoko tresnak hornitzen dituen Danka enpresan hasi zen lanean, fax makinak atez ate salduz. Salmentetarako iaioa zenez, nazio osorako salmenten trebatzaile izendatu zuten 25 urte baino ez zituela. Emakume saltzailei ezartzen zitzaizkien janzte arauengatik Floridako klima beroan pantiak jantzarazi zizkiotela, Blakelyk ez zuen batere atsegin pantien oinetako josturen itxura, batez ere behatzak ikusgai uzten zituzten oinetako irekiak janzten zituenean. Horregatik ekitaldi pribatu batean bere pantien oin-puntak moztea otu zitzaion. Horren emaitza atsegin izan bazuen ere, pantiak hanketan gorantz biltzen zitzaizkiola ohartu zen.[4]

27 urterekin Georgiako Atlanta hirira joan zen bizitzera. Dankan lanean jarraitzen zuela, ondorengo bi urteak eman zituen ikertzen eta aurrezten galtzeteria-proiektu berriztatzaile bat abian jartzeko asmoz.

Blakely Ipar Carolinara joan zen bere ideia aurkeztera, Ameriketako Estatu Batuetan galtzeteria-fabrika gehienak dauden eskualdera, alegia. Bertako ordezkariekin bildu zen, baina bere ideia baztertu egin zuten. Konpainia hauek finkatutako enpresekin harremanetan egotera ohituta zeuden eta ez zuten bere ideia aintzat hartu. Bidaiatik etxera iritsi eta bi asteren burura, Blakelyk galtzeteria-fabrika batean lan egiten zuen gizon baten deia jaso zuen bere burua Blakelyren ideia gauzatzeko laguntza eskainiz. Izan ere, gizonarek hiru alaba zituen eta hirurek begi onez ikusi zuten Blakelyrem ideia. Horregatik Blakelyk 2011n azaldu zuen bere ideia garatzeko zailtasunek agerian uzten zutela galtzerdigintzako enpresek euren produktuak erabiltzen ez zituzten gizonek zuzentzen zituztela.

Urte baten burura, hasierako prototipoa gauzatu zuen. Ameriketako Estatu Batuetako Patenteen eta Marken Bulegoan erregistratu zuen eta Spanx marka komertziala erosi zuen.

Bere produktua merkaturatu nahian, Neiman Marcus denda handien ordezkari batekin batzartu zen. Blakelyk bere pantiak jantzi eta horiek janzteak dakarten onurak erakutsi zizkion ordezkariari. Ondorioz, denda-kateko 7 saltokitan hasi zen bere produktua saltzen. Handik gutxira, Bloomingdales, Saks Fifth Avenue eta Bergdorf Goodman dendetan ere jarri zituen salgai. Garai hartan Blakelyk produktu saski bat bidali zuen Oprah Winfreyren telebista saiora, garatzeko asmoa zituen ideiak azaltzen zituen opari-txartela erantsiz.

2000ko azaroan Winfreyk esan zuen Spanx bere kutunetako gauzetako bat zela. Adierazpenokin batera, bai produktuaren ospea bai salmentak nabarmen igo ziren. Ondorioz, Blakelyk Dankan zuen lana utzi zuen eta bere enpresara bideratu zituen ahalegin guztiak. Lehen urtean Spanxek 4 milioi dolarreko salmentak lortu zituen eta bigarrenean 10 milioi dolarrekoak.

Atlanta Hawksen erosketa

2015ean senarrak eta biek Atlanta Hawks NBAko saskibaloi taldea erosi zuen erosle-taldeko kide izan ziren, Tony Ressler buru zuena.

Filantropia

2006an Blakelyk Sara Blakely Fundazioa sortu zuen hezkuntzaren eta enpresa-sorkuntzaren bitartez emakumeei laguntzeko.

Bizitza pertsonala

2008an Blakely Jesse Itzler enpresaburuarekin ezkondu zen, Marquis Jet enpresaren sortzaileetako bat. 2006an ezagutu zuten elkar karitaterako poker txapelketa batean.[5]

Erreferentziak

Kanpo estekak