Anne Franken egunkaria neskatxa judu batek 1942 eta 1944 artean idatzitako egunkari pertsonala da. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Herbehereak okupatzean Annek eta bere familiak ezkutuan igarotako bi urteak kontatzen ditu. Liburua 1947. urtean argitaratu zen, Anne kontzentrazio-esparru batean hil eta handik bi urtera, eta gerrako literaturako klasiko bat bihurtu zen.

Bi urte horietan, Annek zintzo-zintzo idatzi zuen bere egunerokoa. Lagun bat zen harentzat eta “Kitty maitea” deitzen zion. Bai egunkarian eta baita ondoren idatzitako koadernoetan ere, Annek bere familiak eta beste lau pertsonak naziengandik ezkutatzeko erabiltzen zuten gordelekuan bizitakoa kontatzen du. Eztabaidak sortzen ziren etxean ezkutatutakoen artean, gelen estutasunagatik eta janari urriagatik. Gainera, harrapatuak izateko kezka zuten une oro. Hala ere, testu askok nerabezaroko arazo ohikoenekin zerikusia dute: haren ahizpa Margotekiko jeloskortasuna, gainontzekoekin izandako arazoak, bereziki haren amarekin, haren gorputzaren garapena eta etorkizunerako itxaropenak, kazetari edo idazle izan nahi baitzuen. Egunkaria idazteaz gain, Annek hainbat kontakizun labur idatzi zituen eta beste obra batzuetatik hartutako “esaldi ederren” zerrenda bat ere bai.

Annek jakin zuen Herbehereetako kazeta batek asmoz zuela jendeak zituen Gerra-garaiko esperientziei buruzko dokumentuak biltzeko asmoa zuela; orduan, Anne bere egunkaria lantzen hasi zen Het Achterhuis ("Etxostea") izenburupeko eleberria argitaratu ahal izateko. Goitizenak erabili zituen etxean bizi ziren guztientzat eta haren buruari Anne Robin izena jarri zion.

Anneren azken oharra 1944ko abuztuaren 1ean idatzitakoa da. Handik hiru egunera, Gestapo izeneko polizia alemanak gordelekua deskubritu zuen, holandar informatzaileen pista bat jaso ondoren ziurrenik. Ezkutatutako guztiak atxilotu zituzten; irailean, Anne eta bere familia Auschwitzera bidali zituzten, baina Anne eta Margot Bergen-Belsenera lekualdatu zituzten hurrengo hilabetean. 1945ean hil ziren Anne, ama eta ahizpa.

Etxean ezkutatu ziren zortzi pertsonetatik, Otto Frank, Anneren aita, izan zen gerratik bizirik atera zen bakarra. Amsterdamera itzuli zen geroago eta lagun batek gorde zizkion dokumentu batzuk eskuratu zituen. Dokumentu horien artean, Anneren egunkaria berreskuratu zuen, nahiz eta koaderno batzuk falta, bereziki 1943ko gehienak. Anneren argitaratzeko ametsa betetzeko, Otto idatziak sailkatzen hasi zen. Karratu gorri eta zuriko jatorrizko egunkariari “A” bertsioa deitu zioten; Anneren berrikusitako oharrak, orri solteetan idatziak, “B” bertsioa. Azkenik, Ottok bildu zuen egunkaria “C” bertsioa izan zen; bertan, gutxi gora behera alabaren idatzien % 30 utzi zuen alde batera. Kendutako testuaren zati handi bat sexuarekin edo amarekin izandako zailtasunei buruzkoa zen.

Ottok editorerik aurkitu ez zuenez, Jan Romein historialariak jaso zuen. Hain harrituta geratu zen, non 1947an, Het Parool egunkariko lehen orrialdean artikulu bat idatzi baitzuen Anneren egunerokoari buruz. Horrek sortu zuen interesaren ondorioz, 1947ko ekainaren 25ean argitaratu zen liburua eta berehala bihurtu zen best seller Herbeheretan. Gaur egun, 70 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago eta antzerkirako eta zinerako egokitua ere izan da. Irabazi guztiak, Anneren omenez sortutako fundazio batera bideratu ziren. 1995ean, Otto hil eta handik 15 urtera, egunkariaren bertsio berri bat itzuli zen ingelesera. Aurretik alboratua izan zen materiala zuen barruan.

Zorroztasunez, umorez eta adimenez idatzitako egunkari honek Holokaustoaren lekukotza baten gisara eta historia hunkigarri baten berri ematen digu. Askorentzat, inspirazio eta esperantza iturri ere izan zen liburua. Halako ezbeharren erdian, Annek hunkiturik idatzi zuen, "Hala ere, jendea benetan bihotz onekoa dela uste dut".

Euskaraz, 2005ean argitaratu zen Anne Franken egunkaria izenburuaz, Josu Zabaletak itzulita, Erein argitaletxearen eskutik. Lehenago, Egan argitaletxeak egunkariaren zati bat argitaratu zuen 1962an, Mari Karmen Garmendiaren itzulpenarekin.