Vietnamgo gerrako irudiak

Gerra hitza erabiltzen da herrialdeek edo bestelako jende-talde handiek elkarren kontrako borrokan egiten dituzten gatazka armatuak izendatzeko. Historian zehar, gizakiek haien arteko desadostasunak konpontzeko erabili izan dute gerra. Bi gerra mota nagusi daude: nazioen artekoak eta nazio barnekoak.

Nazioarteko gerrak herrialdeen edo herrialde-taldeen arteko borrokak izaten dira. Iran-Irak Gerra (1980-90), adibidez, bi herrialderen arteko nazioarteko gerra izan zen, Iran eta Iraken artekoa. Lehenengo Mundu Gerra (1914-18) eta Bigarren Mundu Gerra (1939-45) herrialde-talde batzuen arteko nazioarteko gerrak izan ziren.

Nazio barneko gerrak herrialde beraren barruko talde desberdinen arteko borrokak dira. Nazio barneko gerrei gerra zibilak ere esaten zaie, baita matxinadak edo iraultzak ere. Gerra zibilak herrialde bereko biztanle-multzo bi edo gehiagoren arteko gerrak dira. Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila (1861-65) hegoaldeko estatuak Estatu Batuetatik banatu zirenean hasi zen. Iparraldeko estatuek hori ez gertatzeko egin zuten borroka hegoaldekoen aurka. Bestalde, matxinada bat da herritarrak gobernuaren aurka altxatzen direnean, aldaketa eskatzeko; arrakasta izan dezake edo ez. Iraultzak, berriz, matxinadak bezalakoak dira, baina iraultza batean talde bat gobernua botatzen saiatzen da. Helburua lortuz gero, talde horrek, normalean, gobernu berri bat ezartzen du.

Zergatik gertatzen dira?

Herrialdeak eta bestelako jende-taldeak arrazoi askorengatik sartzen dira gerran. Herrialde batek senti dezake ez duela nahikoa lurralde edo baliabiderik; orduan, gauza horiek ondoko herrialderen batetik indarrez lortzen saiatu daiteke.

Beste batzuetan, taldeak gerran sartzen dira, besterik gabe, talde batek bestea baino indartsuagoa dela erakutsi nahi duelako. Gerra zibilak hasteko arrazoi bat gizarteko talde edo zati batek botere edo diru gehiago nahi izatea izan daiteke. Historian zehar, erlijio-askatasuna lortzeko ere egin izan dira gerra zibilak hainbat herrialdetan.

Antzinako gerrak

Francisco de Goya, 1808ko maiatzaren 3ko fusilatzeak, 1814, El Prado museoa, Madril.

Lehenengo gerretan jendea arma sinpleekin borrokatzen zen; esaterako, egurrezko makilekin, harriekin, lantzekin eta arku eta geziekin. Jendea, metalak erabiltzen ikasi ondoren, ezpatekin eta bestelako arma zorrotzekin borrokatzen zen. Arku eta gezi hobeak ere egiten zituzten.

Mende luzez jendeak oinez egiten zuen borroka. Duela 4.000 urte inguru, armadak zaldiak erabiltzen hasi ziren, bai eta gerra-gurdiak ere.

Borrokalari europarrek bolbora XIV. mendean erabili zuten lehenengoz. Gazteluetako harresiak botatzeko erabiltzen zuten, eta baita hodietatik gezi-formako misilak jaurtitzeko ere. Europarrek artilleria izeneko arma handiak asmatu zituzten garai hartan, kanoiak adibidez. XV. mende erdialdean Europako asmatzaileek lehen fusilak eta pistolak egin zituzten. Lehenengoz, oinez zihoazen soldaduek suzko armak eraman zitzaketen.

Gerra modernoak

XIX. mendean aldaketa handia egon zen gerran, Industria Iraultzaren eraginez. Armadek suzko arma ugari erabili ahal izan zituzten une horretatik aurrera. Suzko armak eraginkorragoak eta zehatzagoak bilakatu ziren. Lehenengo metrailadoreak XIX. mende amaieran agertu ziren. Armen hiltzeko gaitasuna gero eta handiagoa zen.

Bestelako asmakuntzen laguntzaz jendea askoz gerra handiagoetan aritu zen borrokan. Lurrun-makinei esker gerrako itsasontziak haizearen mende egon gabe mugi zitezkeen. Telegrafoen bidez tropak azkar komunikatzen ziren haien artean. Trenek tropak eta janaria urrunago eta azkarrago mugitzen zituzten. Aurrerapen horien guztien ondorioz, gerra askoz suntsigarriagoa bihurtu zen.

Gerrako hurrengo aurrerapen esanguratsua Lehenengo Mundu Gerran etorri zen, hegazkinen erabilerarekin. Pilotuek bonbak airetik jaurti zitzaketen. Armadek tankeak, itsaspekoak eta arma kimikoak ere (gas pozoitsua botatzen zuten armak) erabiltzen zituzten gerra horretan.

Siriako gerrako bideoa.

Bigarren Mundu Gerran tankeak eta beste arma-mota ugari hobetu zituzten. Aldaketarik handiena, baina, bonba atomikoaren garapena izan zen, lehenengo arma nuklearrarena. Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuek bi bonba atomiko bota zituzten Japoniako bi hiritan. Bonba horiek 100.000 pertsona baino gehiago hil zituzten bat-batean.

Bigarren Mundu Gerraren ostean herrialde-talde batek Nazio Batuen Erakundea sortu zuen. Erakunde horren helburua herrialdeak beren arteko ezinulertuak konpontzeko gerrara ez joatea da. Herrialde askok gerra-arau berri batzuk onartu zituzten; arau horiek Genevako Konbentzioak izeneko hitzarmenetan daude bilduta. Arauetako bat da gerran dauden herrialdeak saiatu beharko luketela zibilak (armadan ez dagoen jendea) ez hiltzen. Zoritxarrez, azkenaldiko gerretan zibilak gehiago hiltzen dira soldaduak baino.