NBEk 2012an egindako GGI neurketa:
██ Oso altua ██ Altua ██ Ertaina ██ Ahula ██ Daturik ez

Giza Garapenaren Indizeak (GGI) herrialde baten ongizatea neurtzen du, eta herrialdeen arteko konparaketak egiteko aukera ematen du. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) erabiltzen du herrialdeen garapen-maila neurtzeko.

Indize edo adierazle hori 0 eta 1 arteko zenbaki bat da, herrialde batetik bestera aldatzen dena. Indize horrek gizartearen bilakaera hartzen du kontuan, adibidez, Barne-Produktu Gordina (BPG), hezkuntza-maila, alfabetizazioa, bizi-kalitatea eta batez besteko bizi-itxaropena.

Oro har, GGIa herrialde aberatsetan 1era hurbiltzen da. Esaterako, Euskal Estatistika Erakundearen arabera, Euskadik 0,926ko GGIa zuen 2018an, eta, beraz, horrek esan nahi du Euskadi bizi-maila handia duten herrialdeetako bat dela. Afrikako Nigerrek, aldiz, 0,304ko GGIa du: bertako biztanleen ongizate maila oso baxua da kalkulu horren arabera.

Gutxiago garatutako herrialdeek GGI baxua izaten dute, 0,5etik behera.

Nola kalkulatzen da?

Kalkuluek hiru gauza hartzen dituzte kontuan:

  • Aberastasuna, per capita BPGaren arabera, dolar estatubatuarretan neurtuta.
  • Hezkuntza, eskolako matrikula-tasaren eta helduen alfabetatze-tasaren arteko batez bestekoaren bidez neurtua (hau da, testu erraz bat irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna).
  • Osasuna, hau da, bizi-itxaropena jaiotzean.

Irizpide horietako bakoitzarentzat, 0tik 1era doan eskala edo neurri bat erabiltzen da; horrela, aberastasunarentzat, 40.000 dolarreko BPG/per capita 1 da eta 100 dolarrekoa 0 da. Hezkuntzarako sarbideak % 100eko tasarekin 1 balio du, eta% 0ko tasak 0 balio du. Osasunerako, 85 urteko bizi-itxaropenak 1 balio du, eta 25 urteko bizi-itxaropenak 0.

NBEren arabera, hauek dira GGI mailak:

GGI maila
0,800-1,000 arteanOso altua
0,700-0,799 arteanAltua
0,550-0.699 arteanErtaina
0,350-0,549 arteanAhula

Herrialde batzuen indizea

Jarraian agertzen diren datuak Nazio Batuenak dira:

Herrialdea2012. urtean
Norvegia0,955
Australia0,938
Irlanda0,937
Alemania0,920
Japonia0,918
Kanada0,911
Frantzia0,893
Espainia0,885
Maroko0,591
Senegal0,470
Afganistan0,374