Walkie-talkie

Walkie-talkiea eskuko gailu eramangarri bat da, irrati seinaleen transmisore-hargailu gisa lan egiten duena. Lehenengo walkie-talkieak erabilera militarretarako diseinatu ziren, hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerran hasi ziren lehenengoz erabiltzen. Hasieran infanteria taldeek erabiltzen zituzten, baina honen erabilgarritasuna ikusita bere erabilera tanke eta artilleria unitateetara ere zabaldu zen. Gerra amaitu ostean, teknologia publiko orokorrerako jarri zen eskuragarri.[1]

Jostailu eta irrati-amateurrerako hainbat walkie-talkie

Walkie-talkie arruntek telefono mugikor zahar baten itxura izan ohi dute, integratutako mikrofono eta bozgorailu batekin. Bi osagai hauek bereiz edo unitate bakarrean egon daitezke. Goiko aldean seinaleak bidali eta jaso ahal izateko antena kokatzen da, normalean gailuaren gorputzetik irteten dena.

Gailuek irrati seinaleak transmititzen dituzte erdiduplex kanal batetik zehar, hau da, une jakin batean, kanal horretatik gailu bakar batek transmititu dezake eta aldi berean hainbat gailuk entzun dezakete transmisio hori. Beraz, gailuek seinaleak transmititu edo jaso ditzakete, baina ez biak batera. Beste ezaugarri nagusi bat push to talk (PTT) etengailu baten integrazioa da. Etengailua sakatzean gailua seinaleak jasotzeko modutik aterako da eta transmisio moduan sartuko da.

Historia

SCR-300 transmisore-hargailua, "Walkie-talkie" deiturikoa
Soldadu estatubatuar bat SCR-536 "Handie-Talkie" bat erabiltzen: Lehenengo eskuko walkie-talkiea

Irrati seinaleen transmisore-hargailu eramangarriak soldaduek motxiletan eramaten zituzten irrati sistemetatik abiatuz garatu ziren erabilera militarretarako. Irrati hauen eginkizuna infanteria taldeak haien komandanteekin harremanetan jartzea zen. 1940. urtean sortutako SCR-300 transmisore-hargailua izan zen «walkie-talkie» bezala izendatu zen lehenengoa, baina hau ez zen eskuko gailu bat. Motorola (Garai hartan Galvin Manufacturing) enpresak kaleratu zuen. Gailua diseinatu zuen ingeniarien taldean Henryk Magnuski ingeniari Poloniarra zegoen, walkie-talkiearen lehenengo patentearen ustezko jabea. Patente hau 1936. urtean argitaratu zen.[2] Ingeniari talde horretan Dan Noble, Marion Bond, Lloyd Morris eta Bill Vogel zeuden ere[3]. Hala ere, 1937. urtean, Donald Hings asmatzaile kanadiarra izan zen irrati seinale sistema eramangarri bat sortu zuen lehenengoa. Sistemak "packset" izena zuen, baina beranduago "walkie-talkie" izena hartu zuen. Nahiz eta hasiera batean CM&S (Gaur egungo Teck) enpresarentzat diseinatu zuen gailua izan, 1942. urtean esparru militarrean hasi zen erabiltzen, bere erabilgarritasuna zela eta. 2001. urtean Hingsek Britainiar Inperioko Ordena eta Kanadako Ordena jaso zituen, bere asmakuntzak Gerra amaitzeko izan zuen garrantziarengatik.[4][5]

Teknologia honen garapenean rol garrantzitsua izan zuen ere Alfred J. Gross ingeniariak, 1938 urtetik 1941 urtera lan egin zuenak walkie-talkierekin. Batzuen ustez, bera da Walkie-talkiearen asmatzailea.[6]

Lehenengo eskuko walkie-talkiea Motorolaren SCR-536 transmisore-hargailua izan zen, "Handie-Talkie" (HT) izenekoa.[7] Gailu honen diseinuan ere, lehen aipatutako Henry Magnuski ingeniariak parte hartu zuen. HT gailua 1951. urtean patentatu zen. Garrantzitsua da lehenengo walkie-talkiea eta handie-talkiea bereiztea, izan ere lehenengoa ez zelako eskuko gailu bat, soldaduen motxiletan eramaten zen gailu bat zen. Bai Handie-Talkie eta walkie-talkie originalak tentsio altuko pila lehorretako bateriak eta balbula termoionikoak erabiltzen zituzten.

Bigarren Mundu Gerrak aurrera egin ahala, Handie-Talkie baina gailu hobe baten beharra zegoen. Hori zela eta, Raytheon multinazional Amerikarren partzuergoak SCR-536 ordezkatuko zuen AN/PRC-6 gailua sortu zuen. 13 balbula termoioniko erabiltzen zituen eta gainera maiztasun ezberdinetan lan egin zezakeen kristal bat inplementatzen zuen. 1955. urtean hasi zen erabiltzen.[8]

Gaur egun, Motorolaren SCR-536 gailua izendatzeko erabiltzen zen Handie-Talkie izena eskuko irrati komunikatzaile amateurrei erreferentzia egiteko erabiltzen da.

Erabilerak

Walkie-talkieak irrati komunikazio mugikorrak behar diren hainbat ingurunetan erabiltzen dira; enpresetan, segurtasun publikoaren arloan, esparru militarrean, kanpo jolasetarako, etab. Gailu hauen prezioen malgutasunari esker erabili daitezke hainbeste arlotan. Jostailu bezala erabiltzeko seinale analogikoak bidaltzen dituzten plastikozko walkie-talkie merkeetatik, barkuetan erabiltzen diren walkie-talkie digital eta iragazgaitzetara, merkatuan edozein motatako gailuak aurki daitezke. Herrialde gehienetan, walkie-talkieen salmenta legezkoa da enpresa, itsas komunikazio eta erabilera pertsonalerako, betiere murrizketa batzuekin beste bandetan interferentziarik ez sortzeko. Gaur egun, mikroelektronikari esker, walkie-talkieak oso gailu txikiak dira. Hortaz, oso erosoak diren interkomunikazio gailuak dira, edonorentzat eta edozein erabileratarako eskuragarri daudenak.

Erabilera Militarra

Erakunde militar gehienek erabiltzen dituzte walkie-talkieak, hainbat helburuekin. AN/PRC-148 bezalako modelo berriek hainbat bandetan modulazio ezberdinekin komunikatzeko aukera ematen dute, enkriptatze aukerekin. Enkriptatzea beharrezkoa da erabilera honetarako, irrati uhinen bidez bidaltzen den informazioa erasoetatik babesteko.

Irrati-amateur

Walkie-talkieak oso erabiliak dira irrati-amateur munduan. Kenwood bezalako hainbat enpresek, amateur erabilerarako walkie-talkieak diseinatu eta saltzen dituzte. Nahiz eta ezaugarriei dagokienez erabilera pertsonalerako walkie-talkien antza handia izan, gailu espezifiko hauek hainbat inplementazio gehigarri izan ohi dituzte:

Icom IC-746PRO irrati igorle-hargailua. 1.8 MHz - 144MHz tartean transmititzeko ahalmena duenak
  • Banda zabaleko hargailuak, irrati-amateurreko bandatik kanpoko seinaleak entzuteko, horretarako "scanning" funtzioak inplementatuz
  • Komunikazioak hainbat banda ezberdinetatik egiteko gaitasuna, Ultra High Frequency (UHF) eta Very High Frequency (VHF) bandetako amateur irratira zuzendutako espektroaren zatietan
  • Amateur irratirako baimendutako bandetan edozein kanal aukeratzeko gaitasuna
  • Hainbat modulazio eskema: FM, AM , PSK...

Irrati-amateur zerbitzuak gainera, Digital Smart Technology for Amateur Radio (D-STAR) teknologia erabiltzen du gaur egun. Honi esker, eskuko irratiek ezaugarri gehigarriak lortzen dituzte, hala nola banda zabalera estuagoa, GPS kokapen zerbitzua edota aldibereko mezularitza eta ahotsa.

Erabilera pertsonala

Motorola HT1000 walkie-talkiea, erabilera profesionalerako

Walkie-talkiea gailu arrakastatsua bihurtu da erabiltzaileei komunikazio sistema bat lizentzia baten beharrik gabe sortzea ahalbidetzen duelako. Hau Europan PMR446 zerbitzuari esker lortzen da, lizentziarik gabeko UHF banda bat eskaintzen duenak. Beste herrialde askotan ematen den zerbitzu bat da, Estatu Batuetan Family Radio Service (FRS) zerbitzua eskaintzen da eta Australian UHF CB zerbitzua. Aipatzekoa da lizentziarik gabeko banden erabilera altuak lizentzia duten beste bandentzat kaltegarria izan daitekeela, interferentziak sortu daitezke eta auzoko bandetan. Hau ekiditeko, erabilera pertsonalerako walkie-talkieen erregulazioak oso zorrotzak dira. Orokorrean aldatu ezin diren antenen inplementazioa eskatzen dute legeek mota honetako walkie-talkietan.

Lizentzia gabeko banden kokapena dela eta, erabilera pertsonalerako walkie-talkie gehienek UHF bandan lan egiten dute. Oso tamaina txikikoak izateko diseinatzen dira, aurrealdean hainbat ezarpen doitzeko botoi batzuekin, batzuetan pantaila txiki batekin eta goiko aldean ateratzen den antena batekin. Nahiz eta modelo batzuk metalezko gorputza sendoa izan, material ohikoena plastikoa da. Erabilerari dagokionez, walkie-talkie hauek kanal erabilgarrietara sarbide erraza eskaintzen die erabiltzaileei. Hargailu super-heterodinoak erabiltzen dira normalean.

Motorola FRS erabilera pertsonalerako walkie-talkiea

Mota honetako walkie-talkie askok bestelako gailu elektronikoak dituzte zerbitzu bat baino gehiago eman ahal izateko. Esate baterako, Garmin enpresako Rino modeloak GPS hargailu bat darama integratuta walkie-talkie sistemaz gain, kokapen eta komunikazio zerbitzuak eskeini ahal izateko. Beste modelo batzuek AM eta FM bandetan entzuteko gaitasuna dute, irratia entzun ahal izateko. Badaude ere testu mezuak bidaltzea ahalbidetzen duten walkie-talkieak.

Erabilera profesionaletarako walkie-talkieen gaitasuna Wattetan neurtzen den bitartean, erabilera pertsonaleko walkie-talkieena distantzian neurtzen da, normalean kilometrotan. Hau horrela da gailu hauen potentzia baxua delako. Hala ere, praktikan, erabiltzaile eta hartzailearen arteko oztopo fisikoak direla eta, irismen erreala fabrikatzaileek adierazten dituzten distantzia maximoetatik asko urruntzen da.

Jostailu bezala

Potentzia baxuko eta lizentzia behar ez duten bandetan lan egiten duten walkie-talkieak oso erabiliak dira haurren jolasetan. PMR446 lizentzia gabeko banda Europarrak bere lehenengo kanala haurren monitoreentzat edo haurren jokoetan erabiltzen diren transmisore-hargailuentzat esleitzen du, beste erabilera batzuen artean. Potentziari dagokionez, Estatu Batuetan adibidez, gailu hauen potentzia maximoa 100 MW-ekoa da, irrati seinaleak erabiltzen dituzten beste gailu askorekin alderatuta oso potentzia baxua. Jostailu hauek oso sinpleak dira elektronikari dagokionez: frekuentzia batean lan egiteko kristal oszilatzaile bat eta transistorez osatutako zirkuitu sinple batekin lan egin dezakete.

Haurrentzako jostailu batzuek beste walkie-talkie mota askok inplementatzen ez duten ezaugarri bat izan ohi dute: frekuentzia berean lan egiten duten gailuei Morse kodea bidaltzeko aukera, botoi baten bitartez.

Smartphone aplikazioak

Walkie-talkie sistema baten Push-to-talk elkarrizketa imitatzen duten Smartphonetarako aplikazio asko daude merkatuan. Hau lortzeko, atzerapen baxuko eta komunikazio asinkronoak egin behar dituzte, VoIP denbora errealeko zerbitzuaz baliatuz lortzen dena. Zerbitzu hauek erabiltzeak bi abantaila nagusi dituzte:

  1. SMS zerbitzuan bezala, komunikazioaren izaera asinkronoa dela eta, erabiltzailearekin interakzio osoa ez da beharrezkoa
  2. VoIP erabiltzen denez, erabiltzaileak ez ditu bere ahotserako kontratuko minutuak erabiliko, datu mugikorrak erabiliko ditu.

Mota honetako smartphone aplikazio asko daude merkatuan, hala nola Voxer, Zello edo Motorola Wave.

Erabilera espezializatuak

Estatu Batuetako USDA erakundeko inspektore bat RCA TacTec walkie-talkie bat erabiltzen, New Orleans, 1976

Lurreko erabilera mugikorraz gain, walkie-talkie sistema batzuk itsas-komunikazioetarako diseinatzen dira, zehazki Itsas VHF irratirako. Komunikazio mota hau itsasontzien artean edota itsasontzi eta lurreko estazioen artean ematen da, VHF bandako kanalak erabiliz. Hegazkin batzuk ere sistema hau erabiltzen dute.

Hala ere, itsasontzi eta hegazkin txikietan erabiltzen dira walkie-talkieak, ibilgailu hauentzat komunikazio sistema finko dedikatu baten erabilera garestia izango litzatekeelako. Sistema hauen eginkizun nagusia larrialdi eta informazio kanaletara sarbidea ematea da.

Industria munduan ere erabiliak dira walkie-talkie bereziak. Lurrun errekorrak bezalako arriskuak izaten dituzten lantokietan gailu elektroniko guztiek ezin dituzte txinpartak sortu. Hau suteak ekiditeko asmoz hartzen da kontuan. Beraz, ingurune hauetan bereziki seguruak diren walkie-talkieak behar dira.

Osagarriak

Walkie-talkiek osagarri asko izan ditzakete haien errendimendua hobetzeko edota zerbitzu gehiago eskaintzeko. Esate baterako, bateria birkargagarriak, hainbat bateria gailu bakarrarentzat, audio jack bat aurikularrak konektatu ahal izateko edota bluetooth sistema bat walkie-talkiera audio gailuak konektatzeko, harien erabilera ekiditeko.

Transmisioetan erabili ohi diren oinarrizko kodeak

Hauek dira nazioartean oso hedatuak dauden kode batzuk:

  • Afirmatiboa = Bai
  • Copy, Roger = Mezua ulertu da
  • Disregard = Ahaztu aurreko mezua
  • Negatiboa = Ez
  • What’s your 20? = Zein da zure kokapena?
  • Do you copy? Copy me? = Entzuten didazu?
  • Loud and Clear = Ozen eta garbi
  • Radio Check = Probatzen
  • Over = Amaitu dut nire transmisioa, zure erantzuna jasotzeko prest
  • Out = Transmisioa amaitu dut oraingoz

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak