Astronomian, koma (latinezkocomatik, eta hau, grezierazko χομη, adatsa), kometa baten nukleoa inguratzen duen gas eta hautsezko hodeia da. Kometa bat, orbita eliptiko bat eginez, Eguzkira hurbiltzen denean eratzen da (6 UAko distantziatik aurrera), nukleoaren izotzaren zati bat lurrundu egiten delarik, eta, beste material batzuekin batera (oro har hautsa), inguratu egiten dute, hodei hau, argiaren errefrakzioagatik ikusgarri bihurtzen delarik, eta nukleoa ezkutatuz. Era dadin, nukleoaren ihes abiadurak, gas molekulen batez besteko abiadura baino txikiagoa izan behar du.
Komak, normalean, handiagotzen joaten dira kometa Eguzkira hurbildu ahala, eta Jupiterren diametroa bezain luzeak izan daitezke, nahiz eta haien dentsitatea oso baxua izan.[1] 2007ko urrian izandako leherketatik hilabetera, 17P/Holmes kometak Eguzkia baino handiagoa zen atmosfera ahul bat eduki zuen.[2] 1811ko Kometa Handiak ere Eguzkiaren diametroaren tamainako koma bat eduki zuen.[3] Koma handia izan arren, kometak Marteren orbita zeharkatzen duenean, Eguzkitik 1,5 UAra, haren tamaina txikitzen joan ohi da. Izan ere, distantzia honetan eguzki-haizeak nahikoa indar hartzen du kometaren gainazaletik gasgabetzen diren substantziak azkar nukleotik urruntzeko, hala, kometaren isatsa eratuz.[3]
1996ko martxoan jakin zen kometek X izpiak igortzen dituztela.[7] Aurkikuntza honek ikerlariak harritu egin zituen, izan ere, X izpien igorpena tenperatura oso altua duten gorputzekin lotzen da. Ustez, X izpiak kometak eguzki-haizearekin izaten duen elkarrekintzaren ondorioz sortzen dira: karga handiko ioiek kometaren atmosferan barrena hegan egiten dutenean kometako atomo eta molekulekin talka egiten dute, hala, haien elektroi bat edo gehiago "erauziz". Erauzketa honi esker igortzen dira X izpiak eta fotoi ultramore urrunak.[8]
Lurreko teleskopio arrunt batekin eta zenbait jakintza eta tresnekin koma baten tamaina kalkula daiteke.[9] "Mugimendu" metodoa da horretarako gehien erabilitako bat: lehenik behatzaileak teleskopioa nonbait finkatu behar du, behin horrela, behatzaileak kometaren disko ikusgaiak ikuste-eremutik ateratzeko zenbat denbora behar duen kalkulatu behar du.[9] Denbora hori kometaren deklinazioaren kosinuarekin biderkatu behar da, eta hortik aterako den emaitzak komaren diametroarena izan beharko luke, arkominututan. Kometaren distantzia jakina bada, komaren itxurazko tamaina zehaztu daiteke.[9]