OrléansFrantziako erdialde-iparraldeko hiria da, Erdialdea-Loira Harana eskualdeko eta Loiret departamenduko hiriburua. 113.126 biztanle zituen 1999an, 4.117 biz./km2-ko dentsitatearekin. Loira ibaiak udalerria zeharkatzen du.
Merkataritzagunea da (ozpina, laboreak, ardo apartsuak) eta industriagunea (kautxua, zeramika, tabakoa). Aipagarriak dira udaletxea (Errenazimentukoa) eta katedrala (gotikoa), besteak beste.
Galiako lurraldea izan zen antzina, karnutoen mendekoa, K.a. 52. urtean Zesarrek konkistatu eta suntsitu zuen arte. Aureliano enperadoreak berriro eraiki zuen.
Ehun Urteko Gerran ingelesen erasoaren kontrako erresistentzia-gune nagusia izan zen, eta haien mende geratu ondoren Joana Arc-ekoak askatu zuen berriro. 1561ean higanotek hartu zuten, baina geroago katolikoek setiatu zuten, Guise-ko kondea buru zutela.